Medikuen Ahotsa

Pilotarien eskuen zaindaria

Entrevistas

Jubilatua egon arren, geldirik egoten ez dakien gizona da Letamendia. Zirujau baskularra eta angiologoa, medikuntza bere pasioetako bat da, baina ez bakarra. Musika maite du Letamendiak (txistua jotzen du eta abesbatzako zuzendari ere ibili da) baina baliteke guztiaren gainetik kirola egotea: zehazki, pilota. Azken urteetan, medikuaren begiez ikertu ditu pilotarien eskuko gaitzak baita medikuaren eskuez zaindu ere. Bere eskuekin ere idatzi ditu hainbat liburu, atzetik etorri denak izan dezan pilotarien eskuak zaintzeko jakituria nahikoa.  

Pasio asko dituen gizona zara. Nola ohartu zinen medikuntza zela horietako bat?

Tolosan jaio arren, Ormaiztegin egin nituen nire lehen urteak. Orduan, mediku donostiar bat zegoen bertan, Jose Juan Altolaguirre Igartua jauna. Nire aitaren ondoko bulegoan lan egiten zuen. Gazte nintzela, Tolosan ikasten nuen arren, etxera bueltatzen nintzenean aitarengana jotzen nuen, notak erakustera. Jose Juanek ere notak erakusteko eskatzen zidan, eta propina ere ematen zidan! Txertoen garaia iristen zenean, iskina batean jartzen ninduen berari laguntzen, esparatrapua mozten. Berak esan zidan lehen aldiz: tú tienes que ser médico. Neuk ere banuen gogo hori, neure aitak bete ez zuen ametsa betetzeko nolabaiteko nahia: izan ere, seminarioa utzi eta mediku izateko asmoa zuen gerra zibila piztu denean.

Medikuntza ikasten hasi zineneko garaia nola gogoratzen duzu?

Iruñean ikasi nuen, orduan banuen andregaia-edo eta ez nuen oso urrutira joan nahi. Garai hartan Asuncion Klinika ireki berria zegoen eta udan gau eta egun pasatzen nuen han, behar zuenari laguntzen. Oso goi mailako taldea zegoen bertan eta zorte handia izan nuen, asko ikas nuelako. Gogoan dut Arbide zegoela, Jose Ramon Ribera, Enrique Samaniego…

Nola aukeratu zenuen espezialitatea?

Txiripaz hautatu nuen, egia esan behar badut. Iruñean nengoela, barneko ikasleentzako bakante batzuk irten ziren, kirurgia baskularrekoak. Eta hantxe hasi nintzen, gaur arte. Lasso doktorearekin ikasi nuen, eta aukera asko eman zizkidan ikasteko: gogoan dut nola alde egiten zuen kirofanotik, “alde egin beharra dut, zuk amaitu lana” esanez, edo beranduxeago etortzen zen, nahita, neuk aurrea har nedin. Konfiantza eman zidan eta uste dut ez nuela desaprobetxatu.

Nora egin zenuen salto ondoren?

Iruñean urte batzuk egin nituen eta ondoren Asuncion Klinikara joan nintzen. Zirujia baskularreko lehen zerbitzua sortu genuen. Urte dezente eman nituen han, gustura, baina 40 urte bete nituenean erronka berriei heltzeko gogoa sartu zitzaidan, nire burua asentatuegi ikusi nuen. Gutxira Pakean zuzendari izateko oposaketak irten ziren eta aurkeztu egin nintzen. Bertan eman ditut hogei urte eta poliklinikan azken zazpirak.

Zein garrantzi izan du pilotak zure bizitzan?

Betidanik maite izan dut pilota. Umetan asko jolasten nuen eta gazteetan ere jarraitu nuen. Iruñean ikasten nengoela bost bider irabazi nuen esku-pilotako Errektore Trofeoa eta Salamankan Espainiako txapeldun izan nintzen. Gustuko kirola nuen; ez nuen imajinatzen, ordea, urte batzuk beranduago pilotak nire bizitzan hartuko zuen protagonismoa.

Zein momentutan uztartu ziren medikuntza eta pilota?

40 bat urte izango nituen. Pakean hasia nintzen lanean eta doktorego-tesi egiten hasi nintzen. Lehendabizi beste gai heldu nion baina hura eten egin behar izan nuen eta orduan bururatu zitzaidan: zergatik ez diet pilotarien eskuei begiratzen? Eta halaxe egin nuen. Tesi horren ondorio da El dedo blanco liburua. Eta geroztik nire bi pasioak ez dira banandu. Liburu hari beste hainbat liburuk jarraitu diote: Migel Soroa, Neure eskuak zainduz… Orain ere beste liburu batean lanean ari naiz.

Zertan datza tesia?

Pilotarien eskuak neurtzen hasi nintzen tesia egiteko. Gasteizen hasi nintzen, 1986an ospatu ziren Pilotako Mundialetan. 11 egun izan nintzen han, aldageletan, pilotari guztiei partiduaren aurretik eta ondoren azterketak egiten, dutxa ondoren, partiduaren garrantzia ere kontuan hartzen (estresak eraginik zuen ala ez ikusteko)…  Bi kilometro baino gehiagoko grafikak atera nituen handik.

Deskubrimendu bat baino gehiago egin zenituen, ez da hala?

Bai, hala da. Hori egiten ari nintzela Donostiko mediku baten deia jaso nuen. Urkiri pilotaria bidali zidan eta neurketa bat egiteko eskatu: behatza nondik moztu behar zion jakin nahi zuen mediku honek. Moztu aurretik ingresatu eta tratamendua jarriko niola esan nion, behatza salbatzerik ote zegoen jakin nahi nuelako. Aurrera atera zen eta pilotan jokatzen jarraitu zuen.

Horren harira, konturatzen hasi nintzen Raynaud sindromea uste baino gehiagotan agertzen hasia zela. Ordura arte gutxi ikusten zen, eta topatu nuen gakoa: pilota motak eragin zuzena zuen. Izan ere, ordura arte pilotak egungoak baino handiagoak ziren, mantsoagoak, kantxak ere desberdinak ziren, pilotak ez zuen irrist egiten… Pilota txikiagoa bihurtzen joan da, gero eta goma gehiago jarri diote biziagoa izan dadin eta orduan eskuan gehiago sartzen joan. Euskaldunon ordura arteko gaitza, “eskuko mina”, desagertzen joan da eta sindrome hau, aldiz, areagotu da (ondoreko grafikak erakusten du).

Bestalde, Raynaud sindrome agertu arren, pilotariek jokatzen jarraitu nahi zuten eta takoak jartzen zituzten, baina gaizki jartzen zituztela ere konturatu nintzen: lehen iltzea sortzen zen lekuan jartzen zituzten takoak, alegia, hatz tarteetan, baina horrela arteria zanpatzen zuten eta zaina itxi egiten zen. Orduan takoak nola jarri ere ikertu behar izan genuen.

Pilotarien medikua bihurtu zinen orduan.

Bai, denerako etortzen ziren nigana. Eta orduan hasi nintzen pilotarien gaitz motak klasifikatzen. Lan horrek sekulako materiala eskaini zidan eta gaitz bakoitzaren ezaugarriak eta tratamendua ere idazten hasi nintzen. Baita eskua nola indartu ere: ordura arte inork ez zekien eskua nola indartu, eta sekulako prebentzioa egin daiteke eskua ongi indartuz gero. Pilotari askori esan izan diet gauza bera; gauza bat soilik behar duzu eskua indartzeko: atzoko egunkaria (pelota bailitzan eskuaz estutuz egiten dira ariketak).

Atzera begiratuz gero harro egotekoa da pilotarien osasunari egindako ekarpena.

Oso aberatsa izan da niretzat ere egindako lana. Nire hitzaldi guztietan kontatzen dut anekdota bera: oraingo txapelduna, Iker Iribarria, hiru behatzetatik operatu nuen 16 urte zituenean. Bere debutean ondorengo whatsappa bidali zidan: bihar zuri esker debutatzen dut. Niretzat opari bat da halako mezu bat jasotzea.

Pilotariak umezurtz utzi dituzu ala testigua hartu du medikuren batek?

Egia esan ez dakit norbaitek testigua hartu duen ala hartuko duen. Oraindik deitzen didate ebakuntzaren bat egiteko, baina ezetz esaten dut: joango naizela, baina laguntzera, ebakuntza beste mediku batek egin dezala eta alboan edukiko nauela. Beraz, nire ateak zabalik daude eta neuk egindako lana dokumentatuta liburuetan. Berriki Journal of Vascular Surgery aldizkari zientifikoan gaiari buruzko artikulua argitaratu dut: "Digital periarterial sympathectomy in the management of post-traumatic Raynaud syndrome".

ANDER LETAMENDIA, Zirujau baskularra eta angiologoa.