Hizkuntza, kalitatezko osasun-asistentziaren oinarri
 Medikuen Ahotsa

Hizkuntza, kalitatezko osasun-asistentziaren oinarri

Artículos de colegiados

Idatzi honetan, ekainaren 27 eta 28an Bilbon izan den “Osasuna eta Hizkuntza” izenburudun EHUko Udako Ikastaroetan jasotako hainbat ideia laburbiltzen dira.  Bertan, Euskal Herriko, Espainiako Osasun Ministerioko, Gales eta Kanadako hainbat aditu bildu gara, profil ezberdinekin: osasun langileak, unibertsitateko irakasleak, hizkuntzalariak, informatikariak, administrazioko langile eta goi-karguak…  Azkenean, ondorengo ondorioak jaso ditugu, interesgarri eta erabilgarri izan dakizkigukeenak.

Osasun-arreta norbere hizkuntzan ematea kalitatea da

Osasun-arreta norberak nahi duen, eta gehienetan, hobekien menderatzen duen hizkuntzan jasotzea ez da erabiltzailearen hizkuntza eskubide kontua bakarrik. Are gehiago ere bada, mundu mailan geroz eta ebidentzia handiagoa dagoelako norberak nahi duen hizkuntzan osasun-arreta jasotzeak arreta honen kalitatea hobetzen duela, edo alderantziz, ez jasotzeak kalitatea murrizten duela.

Adibiderik nabarmenenak haur eta adineko pazienteengan dauzkagu. Haurrek, osasun langilearekin harreman egokia izateko, eurek ezagutzen duten hizkuntzan jaso behar dute mezua, eta horretarako, ezinbestekoa da langile hori elebiduna izatea. Gauza bera gertatzen da adineko pazienteekin ere, eta bereziki, dementzia garatzen ari diren pazienteekin.

Hain nabarmenak zaizkigun bi talde hauetaz gain, bada beste talde berezi bat ere: gaixotasun psikiatrikoak dituzten pazienteak. Psikiatrian eta psikologian hain ohikoak diren galdetegiak erabiltzean, hiztun elebidunetan emaitza ezberdinak lortzen direla ikusten da galdetegia euren lehen hizkuntzan edo bigarren hizkuntzan erabiltzen bada. Beraz, alborapen hauek gerta ez daitezen, langile elebidunak eta galdetegi elebidunak behar ditugu.

Eta hau nire ekarpena da: hain nabarmena ez den beste alorretan ere ez al da antzerako zerbait gertatuko? Ez al dio pazienteari antsietatea eragingo, berez askotan arrotza den inguruan, hain eroso erabiltzen ez duen hizkuntza bat erabili beharrak? Nire ingurua datorkit gogora, berez gogorra eta isolatzailea den Zainketa Intentsiboen Unitatea, adibidez. Osasun-langileon lehen betebeharra kalitatezko arreta eskaintzea denez,  pazienteak nahi duen hizkuntza erabiltzea gure ardura da.

Euskaraz eskaintzen den osasun-hezkuntza osatu beharra dago

Euskaraz eskaintzen den osasun-hezkuntzak hobekuntza nabaria izan du azken urteotan. Egun, euskal adarra guztiz osatzeko pauso batzuk falta zaizkigu Donostian, duela urte batzuk pentsaezina zena. Eman ditzagun bada pauso horiek, osatu dezagun eskaintza. Osasun zentro eta ospitaleetan praktikak egiterako garaian baina, zailtasun nabariak daude. Euskara ez denez idatzizko lan hizkuntza, ikasleek ez dute benetako eredurik euren historia klinikoak idazterako garaian, eta modu naturalean ikasiko litzatekeena, ahalegin handiz landu beharra dago.

Euskara lan hizkuntza ez izateak ere badu beste ondorio kaltegarri bat. Osasunaren lan mundua gazteleraz garatzen denez, euskaraz dakiten ikasle askok ez dute euskal adarra aukeratzen euren ikasketak egiteko, eta zenbat eta espezializatuagoa izan ikasketa-maila, orduan eta gehiago.  Beste pauso bat behar dugu hemen ere, euskara benetako dokumentuetako  lan-hizkuntza bihurtzea.

Euskara lan-hizkuntza bihurtu behar dugu.

Aurrez aipatu bezala, erabiltzaileak hautaturiko hizkuntzan arreta eskaintzea kalitatea da. Ahozko komunikazioaz gain, idatzizko lana ere badu osasun-arretak, eta puntu honetan hutsune nabarmena dago. Euskara lan-hizkuntza bihurtu beharra dago, pazientearen osasun-arreta berak nahi duen  hizkuntzan osatzeko.

Honek gainera, efektu biderkatzailea izango luke hezkuntzan ere. Euren kasa eta aitortu beharreko esfortzu handiz euren burua euskaldundu duten langile askorentzat, ikasitakoa lanean jartzeko modua litzatekeelako, eta ikasleentzat, jarraitu beharreko eredu naturalak liratekeelako.

Badira lehen esperientzia arrakastatsuak. Debagoieneko ESIAn  eta Arabako Unibertsitate Ospitalean lehen zirkuitu elebidunak sortu dira, pazienteak aukeraturiko hizkuntzan arreta eskain dadin. Gure inguruan ere oso erraza litzateke horrelako pausoak ematea, langile elebidunen kopuruak posible egiten duelako.

Teknologia, gure bidelagun

Euskara lan-hizkuntza bihurtzeak baditu hainbat zailtasun: alde batetik, langileon trebakuntza falta, eta bestetik, langile elebakarrek izan ditzaketen ulermen arazoak. Hauek  gainditzeko teknologia gure lagun izan liteke, eta IXA taldeko informatikarien lana azpimarratu nahi nuke.

Osasun arretan erabiltzeko hizkuntza estandarizatzeko ahalegina egiten ari dira mundu mailan, eta horretarako, SNOMED CT da erabiliena. Egun, sistema honen lehen itzulpen automatizatua egin da, balioztatzea eta osatzea falta dena. Berau erabiliz, historia klinikoak eta bestelako dokumentuak euskaraz garatzeko aplikazioak garatu litezke, eta gainera, itzultzaile automatikoak sortu. Azkenik, munduko hizkuntza askotara itzultzea legokeen historia kliniko laburtua izango luke erabiltzailea.

Erabiltzaileak nahi duen hizkuntzan arreta eskaintzea kalitatea da. Eman ditzagun beraz beste urrats batzuk, gure asistentzia hobetu dezagun.  

Felix Zubia Olaskoaga, Zainketa Intentsiboen Zerbitzua, Donostialdea ESIa.

Temas:
euskara


Artículos relacionados