Euskararen ibilbidea medikuntzan: Karlos Ibarguren eta Jabier Agirre
 Medikuen Ahotsa

Euskararen ibilbidea medikuntzan: Karlos Ibarguren eta Jabier Agirre

Entrevistas

Euskararen ibilbidea medikuntzan

Pasa den abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Urtero bezala, ugariak izan ziren euskararen inguruan antolatutako egitasmoak. Elkargotik, egun hori aitzaki hartuta, euskarak medikuntzaren esparruan izan duen ibilbidea aztertu nahi izan dugu. Karlos Ibarguren eta Jabier Agirreren eskutik egin dugu: Osakidetzako Emergentziak Zerbitzu Erakundean lan egiten duen intentsibista da Ibarguren eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko (OEE) egungo presidentea; Agirrek, aldiz, medikuntzan lizentziatua bada ere, hogeita hamar urte baino gehiago daramatza UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroan lanean. OEEren buru izandakoa da Agirre ere, eta Gipuzkoako Medikuen Elkargoko euskara arduraduna da.

Zein da gaur egun euskararen “osasuna” medikuntza arloan? Ba al du ageriko “gaixotasunik”?

KARLOS: Gaixo kronikoaren egoerarekin aldera de­zakegu. Euskara, oraindik ere gaixo ahula delakoan, kasuaren eta gaixotasunaren gestioa egitera mugatzen dira arduradunak. Ez dira euskararen aldeko ekintza prebentiboak edo euskararen osasunaren promozioa bultzatzen. Ez da erabiltzailea eta profesionala ahal­duntzeko pauso ausartik ematen. Erabiltzaileak medi­ku euskalduna eskatuz gero, jartzeko saiakera egiten da. Gaztelaniaz sortutako dokumentua itzultzera bidaltzen da. Bitartean unibertsitateak ez du ziurtatzen euskaraz ikasi nahi duen orok hala egiteko aukera izango duenik edo Osakidetzak ez dio profesional elebakarrari aterik ixten. Krisi delako honen aitzakiaz, gaixotasuna larritu da eta euskarari osasun-txartela ere kendu diotenaren susmoa dugu.

JABIER: Nik esango nuke egoera xelebre baten aurrean gaudela eta gaixoak ez dakiela oraindik ere gaixo dagoe­nik ere. Kanpotik ikusita, ez dirudi pazientea kezkatuta dagoenik ere, sintomak oharkabean joan zaizkiola es­ango nuke. Edozein egoeratan, bada gaixotasuna ikusi nahi ez duenik, eta euskarak osasun-munduan daukan bigarren mailako garrantzia ukatuko duenik, egungo egoerarekin eroso dagoelako agian, edo bere estatusa edo maila profesionala galduko duen beldurrez, behar­bada. Baina apur bat arakatuz gero, gaitzaren zantzuak berehala sumatzen dira: ezin ukatuzkoa da euskara­ren “osasuna” ahula eta triste samarra dela gaur egun osasunaren edo medikuntzaren esparruan.

Jo dezagun 30 urte atzera. Zein zen, or­duan, euskararen egoera medikuntzaren esparru desberdinetan?

KARLOS: Unibertsitatean ez zegoen euskararen arrastorik. Osakidetzan ere euskara gutxiago entzu­ten zen eta euskararen kontrako jarrerak nabarme­nagoak ziren. Ondorioz, gaixoak zailtasun nabar­menagoak zituen arreta bere hizkuntzan jasotzeko. Terminologia ere ez zegoen batere landua eta, ondo­rioz, gai teknikoen inguruan euskaraz hitz egitea oso zaila egiten zitzaigun.

JABIER: Gaurko egoera eta ordukoa ezin dira alderatu ere kasik, jakina. Euskararen osasunak hobera egin du, baina gaixo larria izaten jarraitzen du. Izan ere, Osakidetzak 30 urte bete dituela pentsatuz, eta garai hartan unibertsitatea, Elkargoak eta beste erakunde sanitario batzuk ere bazirela kontuan hartuz, beldu­rrik gabe esango nuke euskarak 30 urteotan ez duela behar adinako aurrerapausorik eman. Azaleko al­daketak egon dira, bai, baina beste esparru batzuekin alderatuz gero, horiek ez dira izan nik neuk duela 30 urte espero izango nituzkeen mailakoak: Unibertsita­tean ez da lortu oraindik Medikuntzako ikasgai guz­tiak euskaraz izatea, Osakidetzaren barruan Euskara Planak egin bai, baina erabileraren aldetik ez da “pu­lamentu” handirik ikusten, gaixoaren arretan bolun­tarismoa da nagusi eta oztopo gehiago sumatzen dira erraztasunak eta laguntzak baino.

30 urte beranduago, zer aldatu da?

KARLOS: Belaunaldi berriek euskararen ezagutza handiagoa dute. Unibertsitatean, osorik ez bada ere, ikasketak euskaraz egin daitezke. Osakidetzaren eus­kara-planek ere, ezagutzan behintzat, izan dute eragina eta hizkuntza eskakizuna duen profesionalen kopurua handitu egin da. Ondorioz, gaixoak arreta nahi duen hi­zkuntzan jasotzeko aukera gehiago du eta profesionalok ere, euskaraz lan egitetik oso urrun gauden arren, eus­karaz errazago hitz egin dezakegu.

JABIER: Gizarteak bizi izan duen eboluzioa nabari da osasunaren munduan, eta hezkuntzaren eragina ere sumatzen da gaur egun ospitaleetan eta osasun-zen­troetan lanean ari diren profesionalek duten euskara­ren ezagutzan. Ikuspegi positibo hori aitortuta ere, au­rrerapausoak ez dira izan zitezkeenak bezain onak edo txalotzeko modukoak.

Agintarien aldetik ez da benetan ikusten euskararen erabilera sustatzeko neurririk, ez Unibertsitatean, ezta Osakidetzan edo Osasun Sailean ere. Izan dira aurre­rapausoak, noski, baina ez da nabaritzen egiaz euskara positiboki diskriminatzeko borondaterik eta horrela oso zaila gertatzen da, ezinezkoa ia, urte luze hauetako atzerakadari aurre egin eta oraindik ere gizartean bizi­rik dauden oztopoak (legalak bezala baita estruktura­lak eta pertsonalak ere) gainditzea.

Gazteen artean nabari al da euskarareki­ko konpromiso handiagoa ala ez da gene­razio kontua?

KARLOS: Aipatu ditugun aldaketak eman diren arren, egungo gazteek ere lan pertsonal handia egin behar dute medikuntzaz euskaraz hitz egiteko. Espezialitatea nekez egin dezakete euskaraz. Azkenean etengabeko prestakuntza, Elkargokoa barne, ez da euskaraz anto­latzen. Zaila da oraindik ikastaro oso espezializatuak emateko irakasle euskaldunak topatzea eta ikasleak ere beldurra izan ohi du euskaraz jasotzeko. Sorgin-gurpila hautsi beharra dago.

JABIER: Neuk aitortu behar dut etsi samartuta nagoe­la, 30 urte pasatu ondoren ez baitut ikusten gazteen al­detik aipatu dugun “konpromiso handiago” hori. Garai batean borondate kontuak eta militantismoa aipatzen baziren euskara sustatu eta aurrera eginarazteko, beldur naiz gaur egun ere jarrera horiek aldarrikatu eta bide horietatik jarraitu behar ote dugun oraindik.

Euskararen osasuna, beraz, ez da nahi­koa indartsua. Zein lirateke hartu beha­rreko lehen neurriak?

KARLOS: Bi oso zehatz aipatuko nituzke. Lehena, osasun-zentroetan arnasgune eta zirkuitu euskaldu­nen sorrera: euskaraz ikasketak egiten dituen profe­sionalak, hizkuntza-eskakizuna lortzen duen profe­sionalak, ikasitakoa erabili ahal izateko guneak behar ditu. Honek euskaraz eman eta jasoko den etengabeko prestakuntza areagotuko du eta sorgin-gurpila puska­tuko du.

Bigarrena ardura-postuetan euskara eskatzea da. Ar­nasguneek eta zirkuituek funtziona dezaten, ardu­radunek erraztasunak eman behar dituzte. Euskaraz funtzionatzeari bultzada eman behar diote. Beraien elebakartasunak ezin du arnasgune eta zirkuitu hauek euskaraz lan egin ahal izan dezaten zailtasun bat izan. Bide berean, euskara-planean ere sinetsi behar du eta euskara kalitatearekin eta segurtasun klinikoarekin erlazionatzen dela ulertuz, normalizaziorantz pau­soetan liderra izan behar du arduradunak.

JABIER: Gaixoaren osasuna hobetzeko, tratamen­du egokia jartzeaz gain, aurrera egiteko borondatea ere beharrezkoa da. Nik, behintzat, ez dut borondate handirik ikusten eskumen eta tresna guztiak (lega­lak bezala baita ekonomikoak ere) beren eskuetan dauzkaten arduradun nagusien aldetik. Egia da badire­la egitasmo eta proiektu garrantzitsuak, badira ere eki­men partikularrak, txalotzeko moduko erakundeak, baina nire inpresioa da ez dagoela horien guztien arte­ko lankidetza emankorra bilakatzen duen gidaritzarik eta koordinaziorik. Horrela, erakunde eta ekintzaile bakoitza bere aldetik dabil, ez dago plangintza oroko­rrik, eta okerrena da, nire ustez, ez dagoela ezinbestean hartu beharreko neurriak aurrera eramateko gidaritza bere eskuetan hartuko duenik. Gidaritza horrek ofizia­la izan behar du ezinbestean, erakundeetatik herrita­rrengana bideratua.

Etorkizunean, zein beharko luke euska­raren egoera medikuntzan?

KARLOS: Euskaraz bizi nahi dugun pertsona asko ga­renez, medikuntza publikoak eta pribatuak arreta eus­karaz jasotzeko eta euskaraz lan egiteko aukera eskaini behar du.

JABIER: Osasun-alorrean euskararen aldeko lanean da­biltzan eragile guztiak, lehen aipatutakoak bezala (Osa­kidetza, Unibertsitatea, Elkargoak) baita eremu honetan zeresana duten beste batzuk ere (OEE, UEMA, Kontsei­lua, UZEI...) bildu, mahai batean eseri eta elkarren ar­tean plangintza bat egin beharko lukete, bakoitzak zer egin dezakeen, besteengandik zer espero duen eta zer eskaini dezakeen esanez. Ez litzateke bide erraza, baina, zalantzarik gabe, hori litzateke nik proposatuko nukeen “errezeta” euskararen osasuna indartzeko.

* * *

Zer egiten du Elkargoak euskara indartzeko?

Euskararekiko konpromisoa indartu egin da azken urteetan Elkargoan. Horren isla dira, besteak beste, gaur egun lantzen dituen komunikazio guztien elebitasuna: webgunea, zirkularrak, buletinak, aldizkaria…

Bestalde, ondorengo proiektuak martxan ditu euskara sustatzeko:

  • Medikuntzaren hiztegia, webgunean kontsulta daitekeena. 15.000 termino baino gehiago hartzen ditu dagoeneko eta euskal hiztegien artean erreferente bihurtu da, baita medikuntza arloan ere.
  • Medikuntzako hitzaldiak euskaraz emateko formakuntza.
  • Elkargokideen seme-alabeei zuzendutako urteroko ipuin lehiaketa.
  • Begiristain Dk. Saria, urtero Fundazioak ematen duen saria, euskaraz aurkeztu diren gradu-amaierako lan onenari.

Temas:
euskara


Artículos relacionados