Xabier Mitxelena «Bi urtetik hona harreman estuagoa daukagu espezialistekin»
 Medikuen Ahotsa

Xabier Mitxelena «Bi urtetik hona harreman estuagoa daukagu espezialistekin»

Entrevistas

Eremu zabal bat gain hartzen duen Ibarrako Osasun Zentroko sendagilea da Xabier Mitxelena (Hernani, 1967). Bere ustez oso onuragarria da pazientearentzat lehen mailako eta bigarren mailako sendagileen harreman estua.

Zenbat jenderi eta zein udalerriri ematen die zerbitzua Ibarrako osasun zentro honek?

Tolosaldea eskualdeko ekialdea hartzen du barne, hain zuzen ere Ibarra, Berrobi, Elduaien,   Berastegi, Belauntza, Leaburu-Txarama , Gaztelu, Lizartza eta Orexa herriak. Sei famili-medikuk eta pediatra batek egiten dugu lan. Horietako lau sendagile osasun zentroan egoten gara,  beste biak berriz Berastegin eta Lizartzan. Famili-medikuon artean banatzen dugu herri desberdineko pazienteen arreta. Nire kasuan, Berrobiko pazienteak eta Ibarrako pazienteen zati bat atenditzen ditut. Herri txikietan kontsultoreak izaten dira.

Ezaugarri bereziren bat al dauka eskualde honek beste batzuekin alderatuta?

Biztanleria —8.000 inguru dira guztira osasun zentro honek gain hartzen dituen pertsonak— landatarra da gehienbat, nahiz eta Ibarra, herri handiena, eremu hiritarra den. Beste ezaugarri bat herrien arteko sakabanaketa litzateke.

Beraz, etxeetara joateko irteerak beste tokietan baino luzeagoak izango dira.

Bai, hemen beste edozein osasun zentroetan bezala egiten dugu lan. Kontsultetara etortzen diren pazienteak atenditzeaz gain, etxeetara joaten gara hala behar izanez gero. Honetaz gain, arreta berezia daukagu paziente ahulekin. Helburua da paziente hauen beharrak etxean bertan tratatzea eta, ahal den neurrian, saihestu paziente hauek ingresatzea, inor ez baita etxean baino hobeto inon egoten, gehienbat gure aiton-amonak.

Pazienteek berezitasunen bat al daukate Tolosaldeko inguru honetan?

Lehen komentatu dugun sakabanatzeagatik hiriko inguru batekin alderatuta garrantzi asko ez duen patologia gutxiago ikusten ditugu, oro har. Askotan etorri baino lehen pazienteak bere neurriak hartzen ditu gaixo dagoenean. Prozesua ondo ez doala ikusten dutenean etortzen dira.

Herri txikietan lan egiteak zer arazo edo abantaila eragiten dizkizue sendagileei?

Arazoa alde batetik bestera hiri batean egongo bagina baino gehiago mugitu behar garela izango litzateke. Eta abantaila garrantzi asko ez duen patologia ez zaigula hainbeste iristenosasun zentroetara.

Paziente kopuruan ere desberdintasunak daude hiriarekin alderatuta?

Esango nuke antzeko TIS zenbakia dugula hemen beste unitateekin alderatuta.

Geure lurraldean eztabaida bat sortu da ESIen inguruan. Zuk nola ikusten dituzu?

Lehen maila eta bigarren mailako arretaren arteko integrazioa ona dela iruditzen zait. Zalantzarik gabe onuragarria da pazientearentzat. Guk orain harreman estuagoa daukagu espezialistekin. Eta ez ESI garenetik, lehenagotik ere bai.

Hori lehen ez zen gertatzen?

Orain dela urte batzuk hori ez zen gertatzen, edo behintzat ez zen hain arrunta. Baina bi urtetik hona gertatzen da eta normaltzat hartzen dugu. Komunikazio bat dago, elkar ezagutzen dugu, eta hori pazienteen onurarako da. Baina guzti honek nire ustez ez dauka ESI izatearekin zerikusirik, gu ESI urtarrilaren1era arte ez baigara izan.

Nola ikusten duzu zure eskualdeko klinika hitzartua izatea?

Niri iruditzen zait Asunzion Klinikak funtzionamendu egokia duela, oro har. Zentzuzkoa da pentsatzea langile gehiagorekin eta lan baldintza hobeak izanda, sare publikoko ospitaleetan bezala, arreta are hobea izango litzatekeela. Historia kliniko informatikoa desberdina erabiltzen da Klinikan. Arrazoi hauengatik, eta beste batzuengatik, klinika publikoa izatea nahi nuke, Euskal Autonomi Erkidegoko gainontzeko eskualdeek daukaten bezala.

Lehen Mailako Arretako Unitate buruak beharrezkoak direla uste al duzu?

Iruditzen zait baietz. Antolaketa lan handia daukate: medikuen, erizainen edota  administratiboen ordezkoak eskatzea, barne antolaketa, helburuak finkatzea, ekimenak martxan jartzea, etab.

Eta, ondo iruditzen al zaizu batzuetan postu horiek erizainek edota medikuak ez diren beste profesionalek betetzea?

Unitate buruak zentroko langileak izateak abantaila nabarmenak dauzka, nire ustez. Kanpoko norbait balitz zailagoa litzateke hainbat erabaki edo ekimen ulertaraztea edo gauzatzea osasun zentroetan.

Osasun zentro honetan zer eragin izan du aurten neguarekin batera iritsi den gripeak?

Estadistiken arabera, eta epidemiologiatik bidali dizkiguten datuen arabera, askoz gehiago egon da aurten. Baina niri ez zait horrela iruditu. Iaz baino kasu gutxiago izan ditut, edo behintzat sentsazio hori daukat. Agian pazienteek etxeetan neurri gehiago hartu dituzte, edo agian larrialdi zerbitzuetara joan dira zuzenean.

Famili mediku bezala, zer eskatuko zenioke tokiko administrazioari zure lana hobetu dadin?

Bigarren mailako espezialistekin txandatzeak egitea gustatuko litzaidake, gure trebetasuna hobetzeko arlo desberdinetan. 

Artículos relacionados