Sendagileen onurarako
 Medikuen Ahotsa

Sendagileen onurarako

Editoriales

Elkargokide guztiek, edozein dela ere bere adina edo egoera profesionala, mesederako izan ditzaketen prestazio-sail bat ezagutzera emateko bideratzea erabaki du Elkargoak Medikuen Ahotsa aldizkariaren ale berri hau. 

Manuel Garcia Bengoechea, Elkargoko presidentea

Espainiako Medikuen Elkargoen Antolakundearen Gizarte Babeserako Fundazioak (Umezurtzen eta Medikuen Gizarte Babeserako Asturiasko Printzea Fundazio Patronatuak, zehazkiago esateko) eskaintzen dituen laguntzak eta zerbitzuak dira, eta elkargokide bakoitzak 23,77 euro bideratzen ditu horietara hiru hilean behin. Lanbide medikoa duten kideek eta euren familiartekoek dituzten gizarte-babeseko premiak artatu eta beharrizan horiei erantzun integrala ematea da EMEAren Gizarte Babeserako Fundazioaren egiteko nagusia, arlo horretan sor daitezkeen eta gizarte-zaurgarritasuna sortzeko arriskua dakarten beharrizan berriei aurre egin ahal izateko prestazioak, programak eta zerbitzuak eskainiz, gizarte-babes publikoak eskaintzen dituzten laguntzen osagarri. Unibertsaltasuna, solidaritatea eta partaidetza dira EMEAren Gizarte Babeserako Fundazioaren jarduna gidatzen duten ildo edo lerro nagusiak. Horrela, eta bere izenean ‘umezurtzak’ aipatzen diren arren, denbora luzea darama Fundazio honek hildako medikuen seme-alabei ematen dizkienaz bestelako zerbitzu ugari eskaintzen.

Horrela, bada, prestazioen katalogoa zabala da, eta EMEAren Gizarte Babeserako Fundazioko arreta, balorazio eta orientazioko zerbitzua, telefono bidezkoa bezala baita presentziala ere, arduratzen da elkargokideei eta horien familiartekoei aholkularitza egokia emateaz: zeintzuk diren laguntza horiek, noiz behar dituzten, edo zer-nolakoak diren laguntza horietaz gozatzeko baldintzak. Asistentzia-mailako prestazioen artean, eta lehendik ere ezaguna den medikuen umezurtzei emandako laguntzaz gain, badira beste batzuk ere, hala nola mediku desgaituarena, alarguntzakoa edota 0tik 5 urtera bitarteko seme-alaba desgaituei eskainitako laguntza goiztiarrena. Aurrekoez gain, badira heziketarako laguntzak ere, eta titulu ofizialak luzatzeko bekak eta erraztasunak ere. Medikuen lana eta familiako ardurak bateratzeko helburuarekin, bada etxean bertan adinekoei arreta emateko zerbitzu bat, beren ardurapean mendekotasuna duten pertsonak dituztenei atseden emateko zerbitzuak (arnas zerbitzuak ere esaten zaie), edo egoitzek dakartzaten gastuak estali ahal izateko laguntzak. Eta laguntza horiei guztiei adikzioak tratatzeko eta errehabilitaziorako programa gehitu behar zaie.

Elkargotik zerbitzu horiek hor daudela gogorarazi nahi dizuegu, izan ere gure lanbide medikoa osatzen dugun guztion gizarte-integrazioa, kohesioa eta berdintasuna bermatzeko bereziki positibotzat jotzen baititugu. Orrialdeotan saiatuko gara zerbitzu horien abantailak zeintzuk diren azaltzen eta xehetasun osoz adierazten, eta lerro hauetatik behar duten informazio eta argibide oro guri eska diezagutela animatu nahi genituzke elkargokide guztiak.

Manuel Garcia Bengoechea, Elkargoko Presidentea

Temas:
colegio


Artículos relacionados