Medikuen Ahotsa

Arantza Mendiguren «Jendearekiko hurbiltasuna da Mendarok duen abantaila»

Entrevistas

Ospitale ertain bateko zuzendari medikoa da Arantza Mendiguren (Donostia, 1968). Mendarokoa hain zuzen ere. Lerro hauetan zehar ospitale horren abantaila eta arazoei buruz hitz egiten dugu.

Zenbat jenderi eta zein udalerriri ematen die zerbitzua ospitale honek?

Mendaroko Ospitalea Erakunde Sanitario Integratu baten barruan dago txertatua: ESI horrek lurraldearen zentro geografikoan kokatua dagoen ospitalea hartzen du bere barruan, eta horrekin batera baita udalerri batzuk ere (Ermua, Bizkaia izan arren, ospitale honen mendean dagoelako; Elgoibar, Soraluze eta Mendaroko kontsultategiekin; Eibar, Deba, Mutriku eta Itziarreko kontsultategia). Hona esleitutako osasun-txartel indibidualak (OTI) 76.400 inguru dira, eta bertan lehen mailako arreta nahiz ospitalizazio- mailakoa ematen ditugu.

Zergatik da beharrezkoa ospitale hau, inguruan Eibar, Elgoibar eta Ermuko larrialdi-zentroak egonda?

Hiru EAG horiek dauzkagu, eta etengabeko arreta-gune horietan jarraipena ematen zaio lehen mailako arretatik datorren lanari, haurren larrialdiak eta larrialdi orokorrak artatzeaz gain. Eta ingresatuak izan behar duten larrialdiak ere hortik bideratzen dira. EAG zerbitzuaren lana ez da beti behar bezala baloratua izaten, bere eginkizuna ez baita soilik kalean bertan agertzen den larrialdiari kasu egitea, horrez gain, larrialdiari kasu egiteaz gain, erabakiak hartu eta baliabide eta bitarteko oso gutxirekin arazoak konpontzeko gaitasun ikaragarria baitu. Ospitaleko larrialdiak iragazi eta, beraz, murrizteko ate oso egokia bilakatzen da. Izan ere, dena hona iritsiko balitz, ez genuke izango paziente konplexuagoak artatzeko hain beharrezkoa den denbora libre hori.

Tamainaz gain, zeintzuk dira ospitale honen eta Donostiakoaren arteko alde nagusiak?

Ematen ditugun zerbitzuak. Gure eskaintza-kartera Donostia Unibertsitate Ospitalearena baino mugatuagoa da, izan ere gurea lurralde- ospitale batek duenaren antzekoa baita. Egia da, hala ere, lurralde-ospitale bezala hemen erabiltzen diren tekniketako batzuk guztiz aurreratuak direla. Mendaron badira “aberastutako” teknikak ere. Hallux valgus delakoa larruazalean zehar (modu perkutaneoan, alegia) egiten dugu, edo adibidez, sialoendoskopia.

Zein beste zerbitzu gehiago eskaintzen dira ospitale honetan, beste ospitale batzuetatik nabarmentzeko?

Sialoendoskopia adibide bikaina da. Listu-guruinen patologia (inflamazioakbezala baita litiasiak edo harriak ere) endoskopia bidez abordatzeko erabiltzen den teknika da. Aski teknika  konplexua da, batez ere hori egiteko gai den otorrinoak egin beharreko ikasketa- urbarengatik. Normalean erabili ohi den teknika kirurgia irekia da, eta pazienteari guruinaren zati bat kentzen zaio. Baina endoskopiaren bidetik konpontzen saiatuz gero, ez da guruina kentzen eta  askoz ere iatrogenia gutxiago izaten da denborarekin. Teknika hori erabiltzen dugu hemen, eta horrexegatik hainbat ume Donostiatik etorriko zaizkigu, bertan arta ditzagun.

Zein abantaila ditu tarteko ospitale batek tamaina handiagoko  beste batekin alderatuta?

Jendearekiko hurbiltasuna eta, batez ere, zerbitzuen arteko koordinazioa. Badugu pazienteen kudeaketarako zerbitzu bat, eta bertan barne-medikuak familiako medikuekin elkartzen dira, paziente bakoitzaren kasu zehatza aztertzeko, bakoitzarentzat bere “neurrirako triajea” diseinatzen saiatuz. Gaixoak oso babestuak daude eta jarraipena oso hurbiletik egiten zaie.

ESIen sorrera positibotzat jotzen al duzu?

Lurralde osoan zehar zabalduz joan den proiektu estrategikoa da, eta erakunde gazteak izan ohi dira. Baina bai, emaitza positiboak lortzen hasi garela esan genezake. Egiazki konturatu gara badela osagai farmakologikoen optimizazio moduko bat, lehen mailako arretarekiko koordinazioa hasi dela bere fruituak ematen (gero eta deribazio gutxiago dago, esaterako), berrospitaleratzeen kopuruak ere behera egin duela ikusten dugu, etab.

Komunikazioa hobetzeko helburua betetzen ari dela uste al duzu, beraz?

Bai, baietz esango nuke.

Eta kudeaketa klinikoko unitateen sorrerari dagokionez, medikuak, bere lana egiteko orduan independentzia eta autonomia galdu ditzakeela uste al duzu?

Gure ospitalea kudeaketa klinikoko unitateen inguruan dago antolatua. Eta nik uste  fakultatiboari garrantzia gero eta handiagoa ematea dela kontua. Kudeaketa klinikoko unitaterik gehienak medikuek gidatzen dituzte, medikuntza egiteaz gain kudeaketa ere egiten duten medikuak hain zuzen ere. Beraz, galdu ez, aitzitik, eskumenak irabazi egiten dira horrela.

Zuzendari mediko gisa, zer falta da zure ustez ospitale honetan? Zer eskatuko zenuke?

Gure ESI honen altxorrik handiena jendea da, zeren eta egitura bai, egitura hobe daiteke, baina jendeak proiektu eta egitasmo berriei ekiteko gogoa dauka, hazi eta hobetu egin nahi du, etab. Guztien nahia da gauza berriak egitea. Baina gaur egun bizi dugun une sozial eta ekonomiko berezia dela-eta, ezinezkoa da egin nahi duten guztia burutzea. Horregatik, diru aldetik apur bat hobeto egotea gustatuko litzaidake niri, energia hori guztia erabat gauzatu eta egia bihurtu ahal izateko.

Zer-nolako ondorioak ekarri ditu krisiak ospitalean? Murrizketa asko ari al zarete jasaten?

Ez, oro har ez. Ordezpenak irizpide egokiarekin egin ditugunez, jendea konturatzen da zein unetan bizi garen, diru publikoarekin egiten dugula lan, eta baliabide horiek zuzen kudeatu beharra daukagula. Baina ez zait iruditzen, ordezpenen kontu horretan zerbitzuren batekin merke zurrean ibil garenik. Egia da, ordea, aparatu eta tresnetan ez dugula inbertsio handirik egin, eta agian horrek etsipena sor dezake. Baina, gainerako arloetan, aski ongi gaudela esango nuke.