Patxi Ezkurra «Arazoak izaten ari gara ordezpenekin»
 Medikuen Ahotsa

Patxi Ezkurra «Arazoak izaten ari gara ordezpenekin»

Entrevistas

Denbora. Hau da Patxi Ezkurrak (Elgoibar, 1955) gehien faltan botatzen duena Zumaiako Lehen Mailako Arretako Unitateko Buru bezala: formakuntza, prestakuntza eta gaixoen arretarako denbora gehiago. Gainera, nabarmendu egiten du bere lankideei lana errazteko hartu zuen konpromiso. Uda erdian egindako elkarrizketa honek Gipuzkoa atal berri hau estreinatzen du, herrialde osoko mediku guztien txokoa izan nahi duena eta hiru-hilabetero euskaraz aurkeztuko dena.

 

Zein herri sartzen dira osasun-zentro honen zerbitzu-eremuan eta zenbat jendek jaso dezake zuen arreta?

Zumaia, Getaria, Zestoa eta Aizarnazabaleko osasun-zentroek osatzen dute gure unitatea, eta beraz zerbitzua ematen diogun biztanleen kopurua 16.000 eta 17.000 tartean dago.  Horretarako bederatzi familiako mediku gaude, hiru pediatra, hamar erizain eta bederatzi administrari. Batez beste mediku bakoitzak 1.650 biztanle inguru izango ditu, eta pediatrek 800 inguru.

Jende dexente, ez?

Bai, horrela izaten da. Gainera kostaldean jaiotza gehiago izaten dira. Adibide bezala, aurreko  urtean 200 haur gehiago izan genituen. Asko dira batez ere barnealdean ez delako horrela izaten. Kontua da jende gaztea etortzen dela hona bizitzera.

Zentroa itxita dagoenean non jaso dezakete arreta herri hauetako biztanleek?

Zumaiako zentroa arratsaldeko bostetan ixten da, eta Getaria eta Zestoakoak hiruretan. Aizarnazabalen berriz medikua zortzietatik hamaikak arte egoten da eta ordu horretan Getariara joaten da normalean bere lanarekin jarraitzeko. Ordu horietatik kanpo Zarautzen dago Etengabeko Arretako Gunea (gazteleraz PAC bezala ezagutzen dena). Larunbatetan Zumaiako zentroa goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu biak arte egoten da irekita, baina hortik aurrera eta asteburu osoan zehar Zarautzera joan behar dute hemengo biztanleek.

Zein izaten da larrialdi bat gertatzen denean daukazuen batez besteko erantzun denbora?

Larrialdi guztiak egunean bertan ikusten dira.

Eta anbulantziak iristeko batez besteko denbora?

Hogei minututan iristen dira normalean. Anbulantzia medikalizatu bat Donostian daukagu eta bestea Elgoibarren. Normalean Donostikoa etortzen da, baina baliteke okupatuta egotea eta orduan Elgoibarrekoa dator.

Zer eskatuko zenukete zerbitzua hobetzeko? Zeintzuk dira zuen beharrak?

Krisiaren sorrerarekin batera arazoak izaten ari gara ordezpenekin. Askotan batera ordezpen asko eskatzen direlako eta ez dagoelako familia-mediku asko, eta pediatrak are gutxiago. Erizainak ere falta dira. Ehuneko ehuna ez da beraz beti ordezten eta horrek arazoak sortzen dizkigu. Udan izaten da bereziki.

Eskualdeko zuzendaritza eta langileen artean bitartekari izatea da zure lanetako bat. Zeintzuekin izaten da lan zailena?

Tartean zaude baina egia da gehien kezkatzen zaituena lankideak direla. Egunero biltzen gara eta batera lan egiten dugu. Familia bat bezalakoa da hau, eta zure ondoan norbait ez badago ondo hori da ge hien sentitzen duzuna. Azkenean zuzendaritzarekin harremana beste enpresa batean gertatzen denaren antzekoa da.

Zer eskatuko zenuke zure lana hobetzeko edota autonomia gehiago lortzeko?

Nik denbora gehiago eskatuko nuke gure kudeaketa egiteko, formakuntzarako eta abar. Baina baita ere ospitaleekin daukagun harremana hobetzea. Hobetzen ari gara baina oraindik hobeagoa izatea eskatuko nuke. Espezialistekin daukagun harremana errazagoa izan behar da.

Unitate buruen (JUAP) ehuneko handi bat ez da medikua. Zergatik uste duzu sendagileek ez dutela lan hori egin nahi?

Erantzukizuna beste motatakoa da. Konpromisoa derrigorrezkoa da enpresaren parte sentitzeko. Batzuek ez dute nahi. Baina erizainek gaitasun erabatekoa daukate lan hau egiteko.

Orain dela hilabete batzuk Zumaiako osasun-zentroaren inguruan asko hitz egin zen euskaraz ez zekien pediatra bat iritsi zelako. Nola konpondu zen gatazka hori?

Urte askotako pediatra bat jubilatu egin zen eta tartean, hurrengoa izendatu arte, euskaraz ez zekien pertsona bat bidali ziguten. ¡Ezin genuen pediatrarik gabe egon! Eta lau bat egunean egon zen bakarrik.

Behin-behineko neurri bat izan zen orduan.

Bai. Hemen plaza guztiak daude profilatuak eta beraz hona ezin da inor etorri euskaraz jakin gabe plaza izateko euskaraz jakin behar delako. Baina hau izendatu arte etorri zen pertsona hura. Gainera, hemengo beste mediku bat Zarautzera joan zenean bere plaza behin-behinean betetzeko euskaraz ez zekien beste sendagile bat ekarri zuten. Baina tartekoa izan zen baita ere. Bai plaza bat eta bai bestea ere euskaraz dakiten medikuek hartu dute jada eta arazoa konpondu da.

Ez al zuten jarri familia-mediku bat pediatra baten ordez?

Askotan pediatra bezala familia-medikuak daude, umeak ikustera ohituta daudenak. Askotan gertatzen da hori azken urteotan eta hau gertatu zaigu ere orain.

Hori dela eta kexaren bat izan al duzue?

Bat edo beste bai, baina gehienbat kexak euskaraz ez zekitelako izan ziren. Orain plaza aterako da berriz, beraz ea zer gertatzen den. Jendeak nahiago du Donostia inguruan lan egitea eta horrek arazoak sortzen dizkigu.

Sortu zen polemika horren inguruan, zein da zure iritzia?

Nire ustez gehitu egin zen arazoa. Niretzako ez zen hainbesteko arazoa. Hemen normalean langile guztiek dakite euskaraz eta beti egin izan dugu euskaraz. Eskaerak geroz eta gehiago izango dira euskaraz hitz egiteko arlo guztietan, baina denok ez daukagu maila berdina. Nik uste dut kasu honetan handikeria bat izan dela. Gure helburua inoiz ez da izan hemen euskaraz ez zekien pertsona bat uztea, ezinezkoa delako horrela araututa dagoelako.

Artículos relacionados