Medikuen Ahotsa

A. Aristizabal “Ospitalean lan egitea asko gustatzen zait, baina anbulatorioan ere”

Médicos jóvenes

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean igaro ditu bere erresidentziako urteak Amaia Aristizabalek (Irun, 1986). Hasiera batean dudatan egon arren, medikuntza eta pediatria egiteko erabakia hartu zuen. Gaur egun, erresidentzia bukatu eta urte bete geroago, Ordiziako anbulatorion dabil. Nahiko kritikoa jartzen da BAME sistemari buruz hitz egiten badugu, baita urte hauetan jasan ditugun murrizketei buruz ere. 

 

Zergatik aukeratu zenuen Medikuntza?

Institutuan nenbilela ez nuen batere argi zer ikasi nahi nuen. Osasun gaiak asko gustatzen zaizkit eta hori ikasteko gaitasuna nuela ikusirik, medikuntza ikastera sartu nintzen, gehiegi pentsatu gabe.   

Zein espezialitate aukeratu zenuen eta zein izan zen hori aukeratzeko arrazoia?

Pediatria aukeratu nuen. Mila duda izan nituen aukeratzeko momentuan. Medikuntza orokorrean gustatzen zitzaidan, bai kirurgia zein medikako arloko espezializazioak. Azkenean pediatria aukeratu nuen, oso zabala zelako gai guztiak ukitzen zituelako eta umeak gustatzen zaizkidalako.    

Duela urte bat BAME bukatu zenuela, zer hobetu behar dela uste duzu?

Maiatzean urte bat egin zuen bukatu nuenetik. Diferentzia handia dago leku batetik bestera espezialitate berdina egin arren. Zerbait hobetzekotan leku guztietan baldintzak berdinak egon beharko litzatekela uste dut. Adibidez, oso ezberdina da pediatria Gurutzetako ospitalean egitea, Madrilera joatea edo eskualde-ospitale batean egitea. Prestakuntza mailan ere asko nabaritzen da. Adibidez Gurutzetara etortzen ziren beste ospitale txikietako beste egoiliar batzuekin eta alde handia ikusi nuen, bai onerako zein txarrerako.  

BAME plaza gehiago jarriko dituzte hurrengo urteko azterketarako. Iaz, 12.400 ikasle baino gehiago aurkeztu ziren eta 6.098 plaza jokoan zeuden soilik. Zure ustetan zer egin beharko litzateke horrelakorik ez gertatzeko?

Arazo handi bat dago. BAME bidezko espezialitatetik kanpo lan egiteko oso aukera gutxi dago, eta pertsona asko baldin badago medikuntza ikasten eta gero ez badute BAME egiteko plazarik lortzen, asko zer egin jakin ezinik geratzen dira. Hori kontrolatu beharko litzateke lizentziadunen eta BAME kopuruaren arteko diferentzia konpontzeko. Murrizketak direla eta, gainera, arazo bera dago behin BAME bukatuta. Lana badago eta lan egiteko gai den pertsonala ere, baina dirudienez ez dago diru nahikorik lan kontratuak eskaintzeko.   

Medikuen Elkargoen Erakundearen arabera izugarri igotzen ari da botika psikofarmakoak hartzen dituzten sendagileen kopurua erresidentzia hasi eta urtebetera. PAIME-Sendagile Artean programa laguntzara jo behar izan dute, hau da, arazoak dituzten medikuei laguntzen dieten programara. Uste al duzu presio handia jasaten dutela BAMEko sendagileek?     

BAMEko lau-bost urte horiek oso gogorrak izaten dira eta bakoitzak bere erara eramaten ditu. Ni oso lasaia naiz eta ez nuen arazorik izan, baina nire inguruan ikusi ditut presio hori jasateko zailtasunak izan dituztenak. Formakuntza, asistentzia klinikoa, kurtsoak, guardiak... ordu asko sartzen dira eta horrez gain bete baten begiradapean zaudela sentitzen duzu. Ezagutzen dut honengatik arazoak izan dituzten pertsona batzuk.  

Zein izan da orain arteko zure ibilbide profesionala?

Behin espezializazioa bukatuta, hilabete batzuk egon nintzen Beasaingo Osasun Zentroan pediatra bezala eta orain Ordiziako Osasun Zentroan nago. Tarte horretan master bat egin dut haurren zaintza paliatiboei buruz.  

Urte honetan zer izan da gehien gustatu zaizuna?

Pediatria oso zabala da. Ospitalean, anbulatorioan… leku guztietan daukazu lana. Nire, printzipioz, ospitalean lan egitea gehiago gustatzen zait. Egia da gure formakuntza alde horretatik joan da. Lau urtetik hiru hilabete bakarrik egon gara anbulatorioan. Behin anbulatorioan sartuta, konturatu nintzen alde onak zituela. Jendea askoz ere gertuago ezagutzen duzu, pazienteak konfiantza gehiago hartzen du, beraien bizitzan inplikatuago zaude eta ospitalean galtzen dituzun gauza asko ikusten dituzu. Pena daukat ospitaleko giroa faltan botatzen dudalako, baina noizbehinka guardiak ditut bertan.

Estatuko beste ospitale batzuk probatu al dituzu?

Bai, espezializazioa egin nuen bitartean, kanpo errotazioak egin nituen beste ospitale batzuetan: hilabete bat San Juan de Dios Ospitalean Bartzelonan,, beste hilabete bat Malagako ospitale batean eta beste hilabete bat Niño Jesus Ospitalean, Madrilen.

Gipuzkoako Medikuntzaren egoera beste ospitale horiekin konparatuz, nolakoa dela esango zenuke?

Osasun sistemaren aldetik Osakidetza behar bada Espainiako hoberenetakoa da. Naiz eta hemen murrizketa asko jasan ditugun, bai diru aldetik bai zerbitzu teknikoen aldetik diferentzia nabarmena dago. Diferentzia handiena, behar bada, hemendik kanpo historia kliniko informatizaturik ez dutela da. Madrileko Ospitalean dena eskuz egiten zuten eta denbora pilo bat galtzen zen horrekin. Ume bat etortzen bazen ospitalera, ez zenekien zer pasatzen zitzaion ezin zenituelako aurreko daturik lortu. Malagan ere horrela zen, baina ospitale txiki bat izanik egoera ulertzen zen.

Non ikusten duzu zeure burua, Euskal Herrian edo kanpoan?

Ez dakit, seguruenik hemendik gertu geratuko naizela. Baina ez dut alde batera uzten denboraldi batez kanpora joan beharra edo kooperante moduan joatea. Gauza horiek, ideia horiek beti ditut buruan bueltaka.

Irungoa izanik, bertan Iruneko Bidasoa Ospitalea egonik, gustatuko litzaizuke noizbait bertara aldatzea eta beste giro batean lan egitea? 

Pediatria bakarrik anbulatorioetan dago. Bidasoako ospitalean guardiak egiten dituzten pediatrak daude, baina egunean zehar ez dago pediatrarik bertan, beraz ezin dira haurrik bertan ospitalizatu.

Ze abantailak eta desabantailak ditu anbulatorio txiki batean lan egiteak, ospitale batekin konparatuz?

Abantailen aldetik, anbulatorioan askoz ere hurbilagoa zara, jendeak ezagutzen zaitu, gauza gehiago kontatzen dizkizu eta beraien eboluzioa jarraitzen duzu. Alde txarrak, batzuetan faltan botatzen duzula medio-teknikoak batez ere. Adibidez, susmoa baldin baduzu gaixotasun konkretu bat duen a la ez jakiteko, ez duzu analisi bat momentuan egiteko aukerarik. Askotan ospitalera bidali behar duzu, zuk dakizun gauza bat egiteko. Taldean lan egitea ere faltan botatzen dut, dudak espezialistekin zuzenean komentatzeko aukera izatea. Hala ere, horretan ezin naiz gehiegi kexatu, Goierri-Urolako OSIa txikia izanik denak ezagutzen baikara eta kontaktuan mantentzen baikara.    

Zure eguneroko lanean arazorik izan ahal duzu pazienteekin gaztea izateagatik? Eta emakumea izateagatik?

Anbulatorioan naizenez gero ez dut arazorik izan gazteak izateagatik. Ospitalean, gaztea eta emakumea izanda gaizki esateak jasan behar izan nituen noizbait. Adibidez, behin guraso batzuei dena azaldu ondoren, erizaina nintzela pentsatu zuten emakumea nintzelako. Azkar ikasi nuen paziente baten aurrean jartzerakoan, egin behar den lehenengo gauza zure burua aurkeztea dela, beraiek jakin dezaten nor zaren.                               

Ikerkuntza medikuntzaren arlo garrantzitsu bat da. Noiz bait pentsatu al duzu zure denbora librea bertara dedikatzea?

Klinikan eta pertsonekin lan egitea gehiago gustatzen zait ikerkuntza baino. Hala ere, erresidentzia garaian zenbait zerbitzutan ikerkuntzak indar handia zeukan. Adibidez, Gurutzetako ospitaleko urgentzietan saiakuntza kliniko asko izaten dituzte. Gainera, artikulu bat idatzi nuen erresidentzia garaian: Repercusión clínica de la alfa-talasemia en nuestro medio. Umeak jaiotzen direnean taloiaren proba egiten zaie gaixotasun batzuk deuseztatzeko. Duela sei urte, gutxi gorabehera, hemoglobinopatiak begiratzen hasi ziren. Odoleko gaixotasunen horien artean ezagunenetarikoa Anemia drepanozitikoa da. Baina horien artean begiratzen den beste bat, alfa-talasemia da. Gure artikuluan ikertu nahi genuena zen alfa-talasemia begiratzeak garrantzirik zuen ala ez umearen osunerako.    

Validación Periódica de la Colegiación edo euskaraz Elkargokide egitearen Aldizkako Balidazioa, laster jarriko da martxan Elkargoan eta 6 urtero berritu beharreko prozesu bat izango da. Balidazio hau, Praxi Ona, Osasun-balorazioa, hau da, Osasuneko konpromisoa eta Ziurtagiri medikoa, Lan-bizitza, etengabeko prestakuntza ziurtatzen duen agiri bat da. Uste al duzu beharrezkoa dela horrelako ziurtagiria izatea? Zergatik?

Oso ondo iruditzen zait kontrol bat egotea, baina orokorrean, ez bakarrik medikuntzan. Adibidez,  funtzionario batek plaza lortzen duenean kontrol bat eduki beharko luke noizean behin lan hori egiteko kapaza dela demostratzeko. Etengabeko prestakuntza ondo iruditzen zait, baldin eta ez bada denbora guztian azterketak egitea baizik eta aktualizatzeko kurtsoak eskaintzea. Bada esaera zahar bat diona Medikuak ez duela inoiz ikasteari uzten esaten duena.

Ikasturtearen hasierarekin, kontsulta beteta izango duzu haurtzaindegietan hartutako birusengatik.

Oraingoz hasi berriak direnez, nahiko osasuntsu daude. Ikusiko dugu hemendik aste batzuetara gauza aldentzen den ala ez. Pediatrian diferentzia handia nabarmentzen da udara eta neguaren artean.

Zer gomendatuko zenieke gurasoei kurtsoa ondo hasteko?

Eskuak ondo garbitzea. Hori da gaixotasun gehienak libratzeko egin behar dena. Bestalde osasuntsu, lo gehiago egin eta kirola egin behar dute.