Medikuen Ahotsa

Nagore Arbelaitz «Saharako egoera oso berezia da, beste mundu bat da»

Médicos jóvenes

Desde que acabó la residencia en 2015 Nagore Arbelaitz, oftalmóloga hondarribitarra, comenzó su colaboración como cooperante en la ONG Ojos del Mundo. En enero de 2016 partía por primera vez a los Campamentos de Refugiados del Sahara con una comisión que duraría dos semanas. Cerca de 600 pacientes pasaron por consulta y operaron a unos 150 refugiados. Una locura que merece mucho la pena. La segunda vez que visitó los campamentos se centró en formar a los ópticos que allí trabajan. Un trabajo diferente, pero necesario. El próximo mes de enero volverá a operar en los campamentos de refugiados.  

Nagore Arbelaitz (Hondarribia, 1986) oftalmologian espezializatu zen Donostiako Unibertsitate Ospitalean eta gaur egun Mendaroko Ospitalean lan egiten du. Kooperante lanetan darama espezialitatea bukatu zuenetik Munduko Begiak GKEan. Bi alditan joan izan da Saharako kanpamenduetara errefuxiatuak operatzera eta formakuntza ematera. Laster berriro han izango da.

 

Non ikasi zenuen oftalmologia eta zergatik erabaki zenuen espezialitate hau egitea? 

Medikuntza bukatu arte ez neukan batere argi zein espezialitate egin nahi nuen. Kirurgia gustatzen zait, batez ere kirurgia “fina”, zehatza, beraz oftalmologia egitea erabaki nuen. Donostiako Unibertsitate Ospitalean egin nuen espezialitatea eta bukatu nuenetik Mendaroko Ospitalean nago lanean. 

Nola sartu zinen Munduko Begiak GKErekin kolaboratzera?

Betidanik atentzioa deitu dit kooperazio munduak eta argi neukan zeozer egin nahi nuela, baina mediku egoiliarra zaren bitartean, oso zaila da horrelako ezer egitea. Donostiko lankide bati, Andrés Müller oftalmologoari, esana nion abisatzeko irteera bat antolatzen bazuten. 2015eko maiatzean erresidentzia bukatu nuen eta urte bereko urrian Saharako komisio baterako plaza bat atera zen. Azkenean atzeratu egin zen eta urtarrilean atera ginen.

Beraz, aurten bi irteera egin dituzu?

Bai, biak Saharako errefuxiatu kanpamenduetara, eta hastear dagoen 2017ko urtarrilean berriro joatekoa naiz. Aurten urtarrilean komisio kirurgiko batean egon nintzen, kontsultak egiten eta kataratak operatzen batez ere, eta ekainean formakuntza lana egiten, bertako optikoak formatzen. Bertan mediku oftalmologoak ez daude, beraz optikoak arduratzen dira begietaz.

Lehenengo aldiz bidaiatu zenuenean zer izan zen gehien hunkitu zintuena?

Hango bizimodua. Saharako egoera oso berezia da, 40 urte daramatzate errefuxiatu eta sinestezina egiten zait euren lurretatik at, basamortu erdian, jaimetan, elektrizitate gabe bizitzea. Beste mundu bat da.

Zeintzuk izan ziren helburuak bi irteera horietan?

Lehenengo komisioan kataratak operatzea zen helburua. Hango jendeak kataratak oso goiz dauzka, 50 urterekin oso katarata handiak dauzkate, batez ere eguzki esposizioarengatik. Han itsu gelditzen badira ezin dute ezer egin, etxean geratzen dira. Bigarren komisioan bertakoak formatzea zen helburua. Esan bezala bertan ez dago mediku espezialistarik, kooperazio internazionalaren laguntza besterik ez dute, eta gu urtean bi komisio egiten saiatzen gara. Gainontzeko urgentzia oftalmologikoak beraiek atenditu ahal izateko, bertako optikoak formatu behar dira.

Zeintzuk dira bertan tratatzen dituzuen arazo nagusiak?

Arazo nagusiena itsutasuna da. Mundu mailan itsutasun kausa gehienak saihestu daitezke; hauen artean ohikoenak errefrakzio arazoak dira, hau da, betaurreko batzuekin konpondu daitezkeen arazoak. Munduko Begiak erakundeak kristalak bidaltzen ditu, bertako optikoek betaurrekoak egin eta umeek begi alperrak ez garatzeko, adibidez. Bigarren kausa kataratak dira. Hango kataratak gaztetan azaltzen dira eta gehienetan bilateralak izaten dira. Gutxienez begi bateko katarata operatzen badugu bizitza normala egiten jarraitzeko mesede handia egiten diegu.

Beste arazo garrantzitsu bat trakoma da. Umeek begietan eduki dezaketen infekzio bat da, eulien bitartez transmititzen dena higienea eskasa den tokietan. Antibiotiko dosi bakar batekin sendatzen da, baina tratatzen ez bada denborarekin itsutasunera eraman dezake. Lehenengo munduan deuseztatuta dago eta hirugarren munduko herrialde batzuetan ere deuseztatzea lortu da; Saharan aldiz oraindik asko ikusten da.

Egindako lanaren emaitza denbora bat pasa arte nabaritzen ez denez, behin itzulita, pazienteen segimendurik egiten al duzue?

 

Ez. Lehenik kontsulta pasatzen dugu eta hurrengo egunean operatuko ditugun 20 paziente aukeratzen ditugu, behar gehien dutenen artean. Operatu ondoren bertan gelditzen dira gaua pasatzen, horrela ez dira desplazatu behar eta hurrengo egunean errebisioa egiten zaie etxera itzuli aurretik. Operatzen dugun pazienteak bi begietan katarata badu, bat operatuz gero, ezer ez ikustetik, gutxi gorabehera defendatzera pasatzen da hurrengo egunean. Epe oso laburrean ikus dezakegu egindakoaren fruitua.

Zein paziente mota doa kontsultara? Gazteak, helduak, emakumeak, gizonak…

Bertara joaten garenerako, hango optikoek hautaketa bat egina dute, %40tik beherako ikusmena duten pazienteak ikusten ditugu: betaurrekoak behar dituzten ume edo helduak, kataratak dituzten pertsonak… Glaukoma duten paziente asko ikusten ditugu ere, baina hango baliabideekin ezin dugu askorik egin gaitz honen aurka.

Operatzeaz eta kasu desberdinak tratatzeaz gain, bertako jendea hezitzea duzue helburuen artean, ezta?

Donostia Ospitaleko bi oftalmologo joan ginen ekainean, Asier Mercado eta biok. Bera prebalentzia-estudio bat egiten aritu zen, aleatorioki aukeratutako jaima batzuk bisitatu eta begietako gaixotasunak identifikatu eta dokumentatzen. Ni berriz formakuntza ematera joan nintzen. Klase teorikoak eman eta gero pazienteekin ikusitakoa praktikan jartzen genuen. Herrialde baten osasuna ezin da kooperazioan oinarritu, eta hori aldatzeko bertako jendea formatu beharra daukagu.  

Segurtasuna nolakoa da?

2011n bahiketa batzuk egon zirenetik segurtasun neurriak asko handitu dira kooperanteentzat. Tindufeko kanpamenduak wilaya-tan banaturik daude. Wilaya bakoitzean eremu bigilatu bat dago, protokolo deiturikoa. Protokolo hauetan gure sarrera eta irteera guztiak kontrolatzen dira, eta segurtasun armatua dago. Ordu edo lekuaren arabera eskoltarekin mugitu behar zara protokolotik kanpo. Ulertzen dut segurtasuna bermatzea beharrezkoa dela, baina askatasun pixka bat faltan botatzen da.

Saharara joaten zarenean, nolakoa da bertako jendearen harrera?

Oso ona, kooperanteok egiten dugun lanaz kontziente dira eta eskerrak ematen dizkigute horregatik. Nahiz eta bere itsutasunak soluziorik ez daukala esan, eskua estu ematen dizute.  Guztiek gonbidatzen zaituzte euren jaimara eta duten apurra zurekin partekatzen dute, nahiz eta ezertaz ez ezagutu. Esperientzia izugarria da beren bizimoduan murgiltzea denbora labur batean bada ere.

Kooperante bezala jende askok lan egiten du bertan?

Ez behar bezainbeste. Kooperazioak arlo askotan jarduten du: ur edangarria lortu, elikagai banaketa, eraikuntza, lurreko minak desaktibatzea… Osasun arloan urte osoan zehar dauden mediku orokor gehienak kubatarrak dira. Ginekologoak ere guztiz beharrezkoak dira zesareataz arduratzeko. Gainontzeko espezialitatetako medikuak bakarrik komisiotan daude bertan.

Komisio bakoitzean, gutxi gorabehera, zenbateko taldea joaten zarete?

Komisio bakoitzaren beharren arabera. Urtarrileko komisio kirurgikoan zortzi pertsona joan ginen. Hiru oftalmologo, hiru erizain, tekniko bat eta laguntzaile saharar bat. Aurten anestesistarik gabe moldatu behar izan ginen, ez bait genuen joateko prest zegoen inor topatu. Interesgarria, eta dudarik gabe, aberasgarria izan arren, bertara joateko pausoa ematea kosta egiten da askotan.

Ekipamendu teknikoak hemendik eramaten dituzue edo bertako makinaria erabiltzen duzue?

Bertan mikroskopioak eta facoemulsificadoreak ditugu, hemen zaharkituta geratu eta hara bidali direnak. Erabilera bakarreko materiala guk eramaten dugu gurekin komisiotan. Oso garrantzitsua da komisioetan gurekin bidaiatzen duen teknikoaren lana, makina zahar guzti hauen funtzionamendu egokia bere baitan baitago.

Zenbat paziente tratatzen dituzue bi aste horietan?

Urtarrileko kontsulta eromena izan zen, gutxi gorabehera 600 paziente ikusi eta 150 operatu genituen bi astetan.

Bidaia antolatzen hasten zaretenean, plangintza batekin joaten zarete edo han bertan erabakitzen duzue zenbat kasutan eta zein kasutan lan egin?

Normalean hiru oftalmologo joaten gara: bik operatzen duten bitartean hirugarrena kontsulta pasatzen dabil, txandaka antolatzen gara. Kontsulta pasatzen duena goiz-goizetik wilaya desberdinetara joaten da, jendeak ibilbide luzeak egin behar ez izateko. Bere helburua hurrengo egunean operatuko diren 20 pazienteak aukeratzea da, kontsultan ikusten dituen  gainontzeko gaixotasunei tratamendua jartzeaz gain. Beste bi oftalmologoek kirofano berdinean jarritako bi esku-ohetan operatzen dute. Hori izaten da gutxi gorabeherako antolamendua.

Bidaietatik itzultzean milaka istorio ekarriko dituzu, baita sentsazio ezberdinak ere. Lortzen al duzu txipa aldatzea hemengo ospitalera lanera bueltatzean? 

Hemengo kasuak ezin dituzu hango kasuekin konparatu. Han arazo larriak dira bata bestearen atzetik, baina beraien pertzepzioa ez da larritasunarena. Hemen aldiz pazienteak larri bezala pertzibitu dezake berez hutsala den zerbait. Azken finean pazientearen pertzepzioa bere arazoaren aurrean desberdina da. Txipa aldatzea kostatzen zait, batez ere hona bueltatzerakoan.

Nola lagun dezake jendeak hemendik?

Munduko Begiak Bartzelonan dauka egoitza baina Euskal Herrian lan egiten duten bi ordezkari daude. Ordezkari hauek sentsibilizazio lanak eta dirua biltzeko ekintzak antolatzeaz arduratzen dira. Esaterako abuztuan Hondarribian bazkari solidario bat antolatu genuen eta urrian Donostia Ospitalean argazki erakusketa bat egin zen. Nahi duenak eskuragarri dauka erakunde honen inguruko informazio gehiago www.ullsdelmon.org orrialdean. Laguntza ekonomikoaz gain bolondres lana ere beharrezkoa da. 

 

Artículos relacionados