Medikuen Ahotsa

Jaio da OSAGAIZ, medikuntza, eritzaintza eta farmakologia gaien aldizkari zientifikoa

Reportajes

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Osasungoa Euskalduntzeko erakundeak (OEE) jarri dute martxan, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren laguntzarekin. Osasun zientziei buruzko artikulu zientifikoak argitaratzea eta ikerketa taldeen lanak euskaraz ezagutzera ematea da online aldizkari honen helburua. Lehen zenbakia dagoeneko ikusgai dago www.osagaiz.eus helbidean.

Aurkezpenean Iñaki Alegriak, Udako Euskal Unibertsitateko zuzendariak; Karlos Ibargurenek, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakariak; Izaskun Elezgaraik, OEE eta UEUko kideak; Victor Irigoienek, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko kideak eta Jose Ramon Furundarenak, aldizkariko zuzendariak hartu dute parte.

Iñaki Alegriak hartu du lehendabizi hitza: “Udako ikastaroen kanpaina betean dago UEU, eta aurtengorako aukeratu dugun leloa, #ElkarEkin, gaurko agerraldirako ezin aproposagoa da. Izan ere, elkarlanak egin baitu posible gaur mahai honetan gu guztiok biltzea, eta elkarlanak egin baitu posible proiektu berri hau sortzea. OSAGAIZ Osasun alorrean euskaraz dagoen hutsune bati erantzutera dator, eta gaur hemen biltzen garenok auzolanean gure hondar alea jarri nahi dugu esparru honetan. Oso pozik gaude, izan ere, bidelagun ezin hobeak topatu ditugu proiektu honetan”.

Karlos Ibargurenek, OEEko lehendakariak, OSAGAIZ beharrizan batek sortu duela adierazi du: “Beharrak aukera eta aukerak beharra ekarri du. Osasun arloan sorkuntzan ari den profesional askoren publikatzeko beharrak eman digu OSAGAIZ erditzeko aukera eta OSAGAIZek eskaintzen duen aukerak behartuko du osasun arloko komunitatea sorkuntza lana areagotzera. Euskal Herriko maila zientifikoa goratuko duen zurrunbilo honek gizartean izango du eragin positiboa. OEErentzat plazer bat izan da UEUko eta Sendagileen Elkargoko lagunekin bidaia hau egitea eta zereginak hain aise egiteko aukera eman diguzuelako eskerrak eman behar dizkizuegu”.

Izaskun Elezgaraik, OEE eta UEUko kideak, proiektu honen bilgune izaera azpimarratu du: Udako Euskal Unibertsitatean zein Osasungoa Euskalduntzeko Erakundean osasun arloan aldizkari zientifiko baten falta sumatu genuen. Aldizkari honek euskal komunitateko osasun arloko profesionalen bilgune izatea du xede. Proiektuaren inguruan biltzen dira lurralde guztietako osasun zentro, ospitale, ikerketa zentro, unibertsitate eta abarretako profesionalak. Osasun-ikerkuntza ezagutzera ematea eta elkarlanak eta elkar ezagutza bultzatzea eta osasun arloan euskara sustatzea dira bere helburu nagusiak”.

Victor Irigoien, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko kideak azaldu duenez, “proiektua aurkeztu zigutenean berehala ikusi genuen lotura zuzena zuela Elkargoaren misioarekin, eta, beraz, babestu besterik ezin genuela egin. Batetik, osasun gaiak dituelako oinarri; bestetik, horien dibulgazioa duelako helburu, modu zientifikoan, gainera. Eta, azkenik, hutsune bat betetzera datorrelako proiektua: aurreko biak, alegia, osasun gaien dibulgazio zientifikoa euskaraz egitea”.

Jose Ramon Furundarenak, OSAGAIZ aldizkariko zuzendariak, argitalpen berriari buruzko xehetasunak eman ditu: “Osasunarekin lotura duten arlo ezberdinetako profesionalen lanak euskaraz argitaratzeko aldizkaria izango da. Lehentasuna izango dute artikulu originalek, ikerketa medikoek, azterketa klinikoek eta erizaintza-lanek. Argitaratuko dira baita ere interes handiko gai sanitarioen berrikuspenak, farmako berriei buruzko informazioa eta beste aldizkarietan argitaratutako artikulu interesgarrien balorazio kritikoak. Atal desberdinak izango ditu aldizkariak: Editoriala, errebisio artikulua (ebaluazio prozesua pasa duena), jatorrizko artikuluak, Dosi txikitan (luzera laburragoa duten artikuluak), KATak (kritikoki aztertutako testuak) eta Farmazilarien txokoa. Argitaratutakoak egile-eskubideak eta DOI erreferentzia izango ditu. Aldizkaria elektronikoa izango da eta www.osagaiz.eus web orrian PDF formatuan argitaratuko da. Urtean bi zenbaki argitaratuko ditugu, eta DOAN eskuratu ahal izango da, soilik erregistratzea eskatuko dugu”.

 

LEHEN ZENBAKIKO EDUKIAK

Editoriala

Errebisio artikulua (ebaluazio prozesua izan  duena)

Jatorrizko artikuluak

Dosi txikitan

  • Osasun-profesionalaren bilaketa bibliografikoa eta eguneratzea. Eukene Ansuategi Zengotitabengoa.
  • Terminologia Erreala Ikusgai egiten: Terminologia Sareak Ehunduz programa. Itziar San Martin.

KAT-Kritikoki Aztertutako Testuak

Farmazialarien Txokoa

 

Temas:
euskara


Artículos relacionados