“Osasun-zientzietan asko ikertu eta berritasun ugari sortzen da, baina orain arte ez da euskarazko aldizkaririk izan"
EntrevistasOsagaiz Osasun-zientzien aldizkari elektronikoa sortu berri da Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) eta UEUren elkarlanari esker. Jose Ramon Furundarena mediku usurbildarra izango da zuzendaria. Hematologia eta hemoterapian espezializatua da Furundarena (Donostia Unibertsitate Ospitalea) eta baita EHUko irakaslea ere.
Zergatik behar zen era honetako aldizkaria? Zein zen bete beharreko hutsune hori?
Osasun-zientzietan asko ikertzen da eta berritasun ugari sortzen da. Horien jakitun egoteko ikerlanak eta berrikuspenak argitaratzen dira eta argitalpen horien irakurketak formazioa eguneratzen laguntzen digu. Osasun arloan orain arte ez da euskaraz idatzitako aldizkaririk izan eta hutsune hori betetzen hasi nahi izan dugu. Ea etorkizunean osasunarekin lotura duten arlo zehatzagoak landuko dituzten aldizkari gehiago sortzen diren.
Zeintzuk dira aldizkariaren helburu nagusiak?
Euskal Herriko osasun arloko profesionalek egiten dituzten lan klinikoak, ikerketak, gai klinikoen berrikuspenak, farmakoei buruzko azterketak, erizainen lanak eta abar euskaraz argitaratzeko aldizkaria edukitzea da helburu nagusia. Espezialitate ezberdinetako profesionalentzako interesa daukaten gaiei buruzko artikuluek izango dute lehentasuna. Osasunaren eremu ezberdinetako terminologia lantzeko ere baliagarria izango da, bai egileentzako, artikuluak euskaraz idazten trebatuko direlako, eta baita ere irakurleentzako, besteen artikuluak irakurtzean idazkera eta terminoak barneratuko dituztelako.
Osasun arloko profesionalak egunerokotasunean naturaltasunez euskaraz jarduteko bultzada eraginkorra izan daitekeela diozue.
Bai, horrela da. Gure eguneroko lana ahoz eta idatziz euskaraz zuzen egiteko beharrezkoa da terminoak eta ohiko esapide klinikoak ondo ezagutzea eta denek modu berdintsuan erabiltzea, elkarren artean gero eta hobeto ulertzeko. Horretarako Osagaiz aldizkaria oso lagungarria izango da.
Eta zeintzuk izango dira aldizkariaren ezaugarriak? Zein eratako atalak izango ditu? Zein gai jorratuko dira?
Hasiera batean osasunaren arlo ezberdinetako lanez osatutako aldizkaria izatea nahi dugu, jasotzen diren artikuluek markatuko dute aldizkariaren norabidea. Atal ezberdinak izango ditu: editoriala, artikulu originalak, berrikuspen bibliografikoak, galdera kliniko espezifiko bati erantzuteko argitaratua dauden ebidentzia onenei buruzko laburpenak, farmazialarien txokoa eta aholku interesgarriak jasoko dituen “dosi txikitan” atala. Artikulu originalek izango dute garrantzi handiena eta lan handia egin beharko dugu profesional sanitarioen artean aldizkaria ezagutarazteko eta beraien lanak bertan argitaratzera animatzeko. Artikulu horietan sartu ahal izango da osasunarekin loturiko edozein gai, ahal dela espezialitate ezberdinetako profesionalentzako ulergarria izango dena. Eguneroko albisteetan garrantzia hartzen duten hainbat gairen inguruko adituei enkarguz eskatuko diegu berrikuspenak idazteko.
Elkarrizketa osoa irakurtzeko:
UEU - www.buruxkak.eus