Iritzi artikulua: Medikuntza bat eta bakarra da
Artículos de colegiadosManuel García Bengoechea, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko lehendakaria
Terapia, sendaketa eta bestelako metodo ugariren baliagarritasunaren eztabaida bizi-bizirik eta puri-purian dago gaur egun, izan ere osasun-arazo desberdinak konpontzeko horrelakoen bila bultzatzen baikaituzte hainbat iturritatik.
Begi-bistakoa da edozer erostera bultzatzen gaituen publizitate-sare trinko batek inguratuta bizi garela. Eta edozer horretan, publizitatearen erdia-edo osasunarekin lotutako sistema edo produktuen ingurukoa da. Arazoa hain da larria, ezen ez da harritzekoa gutariko askok inolako euskarri zientifikorik ez duten gomendio ugari ontzat hartu eta horiei jarraitzea.
Jakin behar dugu, ordea, medikuntzan gauzak ez direla bere kasa gomendatzen edo konpontzen. Jarduera mediko bakoitzaren atzean pazienteak dauzkan sintoma eta zeinuen analisi zorrotzeko prozesu bat dago, eta prozesu horri proba osagarriak ere gehi dakizkioke, behar izanez gero, diagnostiko egoki batera iristeko. Eta behin diagnostikoa eskutan eduki ondoren soilik planteatzen da tratamendua. Prozesuaren eskema antzekoa da beti, dela gripe soil bezain molestoa izan, dela gaixotasun larriagoa izan, azkeneko hori sarritan diziplina anitzeko talde batek eztabaidatu beharko badu ere konponbiderik hoberena topatu nahi badugu.
Izan ere, profesional mediko baten atzean Unibertsitateko ikasketa-urte luzeak baitaude: unibertsitate urteez gain, kasu askotan lauzpabost urteko ikasketa prozesua espezialitatea burutzeko. 10 bat urte, guztira, familia mediku edo aparatu digestiboko espezialista izateko; edo 11 urte, zirujauaren edo kardiologoaren kasuan, adibidez. Eta zer ikasten da prestakuntza horretan? Giza gorputza nolakoa den, nola funtzionatzen duen, eta gaixotasun baten zergatiak eta arrazoiak ulertu, bere sintomak antzeman, eta nola diagnostikatu eta tratatzen den. Eta hori guztia aipatutako alderdi bakoitza ondo frogatu duten baina etengabe berrikusten diren ikerketa ugaritan oinarritua. Horixe baita ikerkuntzak eta teknologiak eskaintzen dizkiguten aukera diagnostiko edo terapeutiko berriak gureganatzeko modurik onena, une jakin batean komunitate zientifikoak onartuak dauzkan emaitzak hobetzea lortzeko. Medikuntzak, beraz, ebidentzia zientifikoan oinarritutako konponbideak eskaintzen ditu, beste sasi-zientzia batzuk ez bezala.
Hori horrela, zergatik hainbeste kezka eta zalantza medikuntza konbentzional edo ohikoarekiko? Akaso medikuntzak ez duelako beti arazo guztientzako erantzun egokirik eskaintzen. Izan ere, medikuntza ez baita zientzia zehatz bat, probabilitateetan oinarritutako zientzia baizik, gaixotasunak baldintzatzen dituzten aldagai-aniztasunaren eta horien tratamenduen emaitzen eraginpean betiere.
Hala ere, ezin ukatuzkoa da ezen higieneak nahiz medikuntzak oro har, eta medikuntza prebentiboak bereziki, bizi-itxaropena nabarmen handitzea lortu dutela azken hamarkadetan. Puntu honetan ezin ahaztu txertoez: txertoetan eta baita botiketan ere, oro har, huts puntualak edo albo-ondorioak gerta daitezke. Baina edonor jabetuko den bezala, abantailak askoz ere handiagoak dira aipatu arazo puntual horiek baino.
Izan ere, ez dago ezer kaltegabekorik pertsonen % 100entzat, baina botikak erabiltzen ditugunean, batetik, bere abantailak edo alde onak, eta, bestetik, baita eragozpenak edo alde txarrak ere jasota daude sendagai bakoitzaren fitxa teknikoan. Aurkituko al duzu, ordea, informazio hori egunero-egunero saldu nahi dizkiguten bestelako produktu edo asmakuntza ugari horietan? Ez seguruenik, aitzitik, "XX erabiltzen duten guztiei mesede egiten die" moduko esaldiak irakurriko dituzu, edo telebistako iragarkietan, bata zuriz jantzitako norbaitek "XX erabili duten nire paziente guztiek hobera egin eta arazoa konpondu dute" dioela ikusiko duzu. Inork ez luke ametituko antzeko esaldirik botika baten erabilera bermatzeko. Edonork pentsatuko luke "hori ez da serioa".
Honaino iritsita, egongo da pentsatzen duenik, eta zer gertatzen da orduan medikuntzak ez didanean irtenbiderik eskaintzen? Komeni al da beste aukeraren bat bilatzea? Familiartekoek edo lagunek gomendatutako erremedioak hartu ala Internet doktoreari galdetuko diot? Erantzuna ezezkoa da. X erremedioa, manipulazioak, gogamenaren indarra edo beste hainbat konponbide erabili ohi dituzten sasi-terapiak ez daukate inolako oinarririk. Terapia horiengana jo ohi dugu, esaterako, errealitate gogor baten aurrean gaudenean, esperantza bila; baina sasi-terapia batek inoiz ez du konponduko zientziak konpon ezin dezakeenik. Gastu handi samarra ekartzeaz gainera, gure osasunari larriki erasan diezaiokete, lehendik daukagun gaitzaren sintomak okerragotuz edo konplikazio berriak eraginez.
Nostalgia hutsez egindako ibilbide baten kasuan izan ezik, bidaiatuko al zenuke XIX. mendeko tren batean? Joango al zinake iztaiko hernia duela 50 edo 60 urteko teknika bertsuak erabiliz operatzen duen ospitale batera? Izan ere, azken belaunaldiko mugikorra erabiliz gure osasuna duela ehun urte baino gehiagoko metodoekin konpontzeko kontsulta eskatzeak ez baitauka inolako logikarik.
Guztiok gara zientziak, oro har, eta medikuntzak bereziki, izan duen eboluzio ikaragarriaren lekuko. Aski da egunkariari begirada bat ematea aurrerapen horietaz jabetzeko: gure herrian egiten diren osasunaren inguruko ikerketen berri irakurri ohi dugu, harro, eta beren lanengatik edo egindako ibilbidea saritzeko nazio-mailako edo nazioarteko sariak jasotzen ikusi ohi ditugu gure ikertzaileak. Horrek funtsezko garrantzia dauka, zeren eta ikerketa zientifikoak egin ohi diren lekuetan medikuntzaren kalitatea ere handiagoa eta hobea baita. Ikertzea eta eguneratua egotea dira, gaur egun, osasungintzak aurrera egin eta, bide batez, biztanleriaren osasunak ere hobera egitea ahalbidetzen duten bi erronka nagusiak.
Bukatzeko, gomendio bat ematera ausartu naiz: berme zientifikoa duena onartu eta sinetsi, eta saiatu behar bezala informatzen. Guztiok daukagu tratamendu jakin bati uko egiteko eskubidea, noski, baina inoiz ez, ez dio axola nork gomendatuta, ez utzi bertan behera errealitate tekniko eta zientifikoa sakonean ezagutzen duten espezialisten eskutik eskainitako tratamendu konbentzional bat osasun-sistema publiko nahiz pribatuez kanpoko beste terapia bati ekiteko.