Medikuen Ahotsa

Iñaki Peña, ARINDUZ 2017 jardunaldien antolatzailea

Reportajes

 

"Euskadin protokoloak, azpiegiturak eta formatutako profesionalak ditugu, baina oraindik asko dago hobetzeko zainketa aringarriei dagokienean"

Iñaki Peña Bandrés, medikua Debagoieneko Ospitalean eta ARINDUZeko kidea

 

 

Datorren azaroaren 22an Arinduz-Kooperatuz lelopean 2017 jardunaldiak egingo ditu zaintza aringarrien ARINDUZ elkarteak. Iñaki Peña medikua da horien antolatzaileetako bat.

Noiztik antolatzen ditu ARINDUZek halako jardunaldiak?

Duela 14 urtetik. Urteroko ekintza da, eta hiru probintzietan txandaka antolatzen da. Iaz Bizkaian izan zen, aurten Gipuzkoan eta datorren urtean Araban izango da. Datorren urtekoa, gainera, berezia izango da; izan ere, estatu mailako kongresua antolatuko dugu, SECPAL elkartekoa, beraz, baliteke jardunaldirik ez egotea eta kongresuan bete-betan zentratzea.                                                                                       

Zein da jardunaldien helburua eta nori zuzenduta daude?

Helburua da zainketa aringarrien inguruan dagoen gaurkotasuna errepasatzea, bai gure ingurukoari erreparatuz baita beste lurralde batzuen errealitateari ere. Arlo honetan lan egiten duten edota interesatuta dauden profesionalei zuzendutako zita da, esaterako, mediku, erizain, psikologo edo beste lankide batzuei. Esango nuke Lehen Mailako Arretatik datorren jende kopurua oso esanguratsua dela.

Aurtengo leloa “Arinduz. Kooperatuz“ da. Zein ideia dago lelo horren atzean?

Hain zuzen ere, kooperazio edo lankidetzaren inguruan jardungo dugu aurten. Alde batetik hemen, gure inguruan egiten dugun elkarlanari, eta, bestalde, beste herrialde batzuetan, garapen bidean dauden herrialde txiroetan zehazki egiten dugun lanari. Hirugarren Mundu delako horretara hurbiltzeko, Kamerunen egindako dokumental bat proiektatuko dugu, besteak beste.

Zainketa aringarriak gero eta leku garrantzitsuagoa hartzen ari dira Lehen Munduan. Hala ere, oraindik minez eta behar dugun zaintzarik gabe hiltzen gara. Asko dago egiteko?

Hala da, asko dago egiteko. Tamalez zorte kontua izaten da sarritan profesional bat edo beste bat tokatzea, arreta mota hau behar izanez gero. Euskadin planak eta protokoloak ondo idatzita daude, eta azpiegiturak egon badaude, baita ondo formatutako profesionalak ere, baina disponibilitatea desberdina da lekuaren arabera. Zainketa aringarriak mundu anglosaxoitik datorren tradizioa da eta historikoki ez du ibilbide hain luzea. Erreferentziak Kanada, Australia eta Erresuma Batua dira hein handi batean.

Garatze bidean dauden herrien egoera oso bestelakoa da zainketa aringarri eta osasun arretari dagokionean. Errealitate horri ere lekua egin diozue jardunaldietan, zergatik?

Lehen Mundu honetatik begirada apur bat aldentzea da helburua. Hemen asko baldin badago egiteko, munduko herrialde gehienetan dagoena hutsaren hurrengoa da. Hori ikusteak balio dezake gure lanari bestelako ikuspegiarekin ekiteko, beste mundu hori pixka bat ezagutzera joateko zirikatzeko, hemendik hangoekin kolaboratzea animatzeko, bestelako kulturak, espiritualitateak eta errealitate sozialak ezagutzeko eta abar luze bat.

Jardunaldiak egitarau zabala du.

Gure esparruan erreferente diren adituak izango ditugu, esaterako, ARINDUZen ohiko kolaboratzaile den Marije Goikoetxea, psikologoa eta Deustuko Unibertsitateko teologoa. Bi mahai inguru ere antolatu dira, eta horietan esparru anitzeko ahotsak izango ditugu: Carlos Centeno (Nafarroako Klinikako zainketa aringarrien medikua, ibilbide luzea duena), Wilson Astudillo (Donostian egoitza duen Paliativos Sin Fronteras GKEko kidea), Izaskun Andonegi (Bidegin erakundeko kidea, doluan aditua dena eta Indian zainketa aringarrien inguruko esperientzia kontatzera datorrena), Iñaki Saralegui (Bioetikan aditua eta H-UCI mugimenduko kidea, zainketa intentsibon eta aringarrien ezagutza duena) edota Eduardo Garcia Langarika, Medicus Mundi-ko presidentea.