2017ko Ipuin Lehiaketako irabazlea: Gabonetako gutunak, Iratxe Berastegi Migueliz
Más allá de la medicinaGABONETAKO GUTUNAK
Iratxe Berastegi Migueliz, Iruñea.
“Lagundu, lagundu, lagundu,...”
Hitz horiek bizitza mingosten ari zaizkit, ez didate lo egiten uzten, ez didate egun lasaiak pasatzen uzten, ez didate lasai egoten uzten, ez didate ezer egiten uzten! Nire pentsamenduan iltzaturik dauzkat, zergatik ezin ditut ahaztu?
Gaur abenduak 24 da, urte bat pasa da… Hasieratik hasiko naiz; kaixo, Iratxe naiz eta 16 urte ditut. Jakingo duzuenez, Gabonetan gaude, seguru aski zuentzat atseginak izango dira, niretzat gorrotagarriak.
Lehengo urtean, 2016-ko abenduak 24, nire lagun minaren mezu bat iritsi zitzaidan; “Kaixo Iratxe! Zure laguntza behar dut, 20:00-
etan Kale Nagusian gera gaitezke?” Lagun on guztien antzera, baietz esan nion, eta hantxe nengoen ni, 20:00-etan Kale Nagusian. Hogei minutu pasa ziren eta itxoiten jarraitzen nuen, mezuak bidali nizkion, baino ez zituen irakurtzen. Oso arraroa zen, beti konektatua egoten baitzen, mezu bat bidali eta minutura erantzuten zuen, baino oraingo honetan ez. Deitzen hasi nintzaion, baina erantzungailua agertzen zitzaidan, azkenean, etxera joatea erabaki nuen, nire gurasoekin hitz egiteko. Haiek lasai egoteko esan zidaten, ondo egongo zela eta nire ahizpatxoarekin ohera joan nintzen, hurrengo eguneko opariekin urduri zegoen eta.
—Bai!! Nahi nuen jostailua ekarri dit Olentzerok!!
Nire ahizparen hitz horiek esnatu ninduten, ondoren, nire logelara etorri zen, nire opariak irekitzeko. Hura pozik egoteko, egongelara jaitsi nintzen, eta han zeuden bi opari, nire izena idatzia zutela. Ez nekien zer zegoen barruan, izan ere, gabon haietan ez nuen oparirik nahi, beraz ez nuen ezer eskatu. Nire ahizpak haietako bat hurbildu egin zidan, eta barruan zer zegoen jakin nahi nuenez, ireki egin nuen. Ezin izango dut inoiz ahaztu barruan aurkitu nuena; nire lagun minaren mugikorra, horrek bera gaizki zegoela konturarazi zidan. Baina ez hori bakarrik, kaxa horren barruan «S» letra zegoen idatzia leku guztietan. Mugikorra desblokeatu nuen, baina ez dut ezer ere gogoratzen konortea galduta, ordu batzuk beranduago ospitalean esnatu bainintzen.
Poliziari jakinarazi nion nire lagun mina ez nuela aurkitzen, desagertu edo bahitu zutela pentsatzen nuela. Haiek pistarik banuen galdetu zidaten, baina ez nien bere mugikorraz ezer aipatu, badaezpada ere. Lasai egoteko esan zidaten, laster aurkituko zutela eta ondo egongo zela. Baina ni ez nengoen hain ziur, non zegoen? nor zen «S»? milaka galdera nituen buruan bueltaka, halere, baikorra izaten saiatu nintzen. Hurrengo egunean, nire gurasoek gutun bat niretzako bidali zutela esan zidaten. Oso arraroa iruditu zitzaidan, izan ere, 2017. urtean, nork bidaltzen zituen gutunak WhatsApp-en ordez? Hala ere, ireki egin nuen, kuriositate handia nuen eta. Gutuna irakurri nuenean, harri eta zur geratu nintzen, hau jartzen zuen:
Iratxe maitea:
Sumatu egiten al duzu norbaiten falta?
Nik uste baietz, zure laguntxoa berreskuratu nahi baduzu, esaten dizkizudan gauzak egin beharko dituzu. Baino lasai, zatika bidaliko dizkizut eginbeharrekoak.
Gauzatxo bat, poliziari zerbait esaten badiozu, zure laguntxoak bezala bukatuko duzu.
Muxuak,
—S
Hori irakurritakoan papera puskatzeko gogoak etorri zitzaizkidan, baino ez nuen egin, poliziarentzat froga bat zen eta. Asko beldurtu nintzen, egia zen poliziari gutuna erakusten banion nire laguna bezala bukatuko nuela? Badaezpada poliziari ezer ez kontatzea erabaki nuen, aurrerago kontatuko nien. Eginbeharrekoak? Nire laguna salbatu egiten banuen eskatutakoa betez, hori egingo nuen, hori bai, gauza txarrak ez baziren.
Hurrengo egunean beste gutun bat bidali zidan, han, bost zeregin nituela jartzen zuen, baina bakarrik lehenengoa bidali zidan:
LEHENENGO ZEREGINA:
Ziur aski zeregin hau zuretzat oso gogorra izango da, baina zer egingo diogu, zure laguntxoarekin berriz egon nahi baduzu, ez duzu beste aukerarik:
Zure aita eta amaren bankuko kontutik 500€ hartu eta edozein lekutan ezkutatu nik esan arte.
Laster bigarren zeregina iritsiko zaizu, ordura arte, ondo ibili!
—S
“Zer? Nola hartuko ditut nik 500€ nire gurasoen bankuko kontutik?” Hori izan zen gutuna irakurri eta gero pentsatu nuen lehenengo gauza. Asko hausnartu ondoren, diru hori lortuko nuela erabaki nuen, dena konpontzerakoan eta nire laguna bueltatzerakoan gurasoei azalduko nien.
Hurrengo egunean, bankura deitu nuen eta nire ama nintzela esan nien, pasahitza zein zen jakiteko. Hori lortzeko, pasahitza ondo ez zela joaten esan nien, hau da, ez zidala dirua ateratzen uzten. Ondoren, pasahitza zein zen esateko eskatu nien, horrela ondo sartzen nuen konprobatzeko. Azkenean pasahitza eman zidaten, oso gaizki sentitzen nintzen, horrelako gauzak egitea ez zitzaizkidalako gustatzen. Amari lagunekin geratzekotan nintzela esan nion, baina kutxazainera joan nintzen 500€-ak lortzeko. Kutxazain bat aurkitu, pasahitza sartu eta 500€-ak atera nituen. Bukatu eta gero, kalean egon nintzen, nire amak ezer ez susmatzeko. Nazkatu egin nintzenean, etxera bueltatu nintzen, eta gutunak zioen bezala, dirua ezkutatu egin nuen, nire gelan.
Geroago, nire amak ea gutunik genituen begiratzera bidali ninduen, eta hara non niretzako beste gutun bat aurkitu nuen. Bigarren zereginari buruzkoa zen, eta hau jartzen zuen:
BIGARREN ZEREGINA:
Oso ondo bete duzu lehenengo zeregina maitea, espero dut bigarrenarekin berdina gertatzea, jarraitu irakurtzen eta zer egin behar duzun jakingo duzu:
Bankutik atera dituzun 500€ haiekin, pasaporte bat egin behar didazu, horretarako:
- Zure argazki bat atera behar duzu DNI-an jartzeko, horretarako look-a aldatu beharko duzu.
- Izena eta jaiotze data ere aldatu beharko dituzu. Orain, Joana Begiristain duzu izena eta zure jaiotze data 1999-ko abuztuaren 12a da.
- Pasaportea egiteko behar diren beste gauzekin berdina egin.
- Behar den guztia lortzen duzunean, dena gutun-azal edo poltsa batean sartu eta zezen plazako ate nagusiko iskin batean sartu, gero nik hartu ahal izateko.
Lau pauso hauek egiteko bi egun izango dituzu.
Zorte on polit hori!
—S
“Zer!? Eta ni lehenengo zeregina gogorra zela pentsatzen… Ez ditut nahi pasaportea egiteko gauzak faltsifikatu, beste pertsona bat naizela egin behar dut, eta oso aktore txarra naiz…Gainera, ez zait batere gustatzen gezurrak esatea eta poliziak harrapatu egiten banau ez dut pentsatu nahi zer egingo didan...“ pentsatu nuen. Ez nuen nahi zeregin hori bete, baina beldur nintzen zer egingo zidan pertsona anonimo horrek betetzen ez nuela konturatzen bazen. Azkar pentsatu behar nuen zer egin, bi egun bainituen hark eskatutako gauzak egiteko.
Azkenean, hoberena poliziari zer gertatzen zen kontatzea zela iruditu zitzaidan. Diskretua izaten saiatu nintzen tipo hori ni behatzen baldin bazegoen ezertaz ez konturatzeko. Komisariara joan nintzen eta dena kontatu nien, hasiera hasieratik eta nituen arrasto guztiak eman nizkien, mugikorra eta gutunak. Haiek lasai egoteko esan zidaten, zentzuzkoak izango zirela eta zerbait gertatzen bazen abisatuko nindutela.
Haiekin joan nintzen pasaportearen gauzak egitera, gutunean jartzen zuen bezala, baina anonimo horrek ez zekien tranpa bat prestatu genuela. Bukatu egin genuenean, hark esandako lekuan utzi genuen eskatutakoa. GPS bat sartu genion gutunean, nora mugitzen zen jakiteko eta horrela bere mugimenduak jarraitzeko.
Hurrengo egunean, beste gutun bat jaso nuen, eta horrela esaten zuen:
HIRUGARREN ZEREGINA:
Oso ondo betetzen ari zara eskatutako zereginak bihotza, oso pozik nago, horrela jarraituz zure laguntxoa berreskuratuko duzu.
Hirugarren zeregin honetan, gauzak pixka bat okertuko dira; badago asko gustatzen zaidan bitxi-denda bat, baina gauzak oso garestiak dira… Badakizu zer egin behar duzun?
Bitxitegi horretan, apal asko daude, bitxi pilekin, ahal dituzun bitxi guztiak hartu behar dituzu, ondoren bizkar-zorro batean sartu eta pasaportea utzi zenuen leku berdinean utzi. Han, denda horretara iristeko behar dituzun koordenatuak utzi dizkizut.
Ni bitxitegiaren inguruan ibiliko naiz, zuk emandako gauza guztiekin, bitxiak hartu eta gero joan egingo naizelako.
Zorte on eta ea ez zaituzten harrapatzen polit hori!!
—S
Gutuna irakurritakoan, zuzenean komisariara joan nintzen erakustera. Han zeudenak, plan bat pentsatuko zutela esan zidatean, eta bukatzerakoan zein zen esango zidatela.
Oso plan erraza zen, ni bitxitegi barruan sartu behar nintzen, “lapurtzera”, polizia kanpoan egongo zen, pertsona misteriotsu hori aurkitu nahian. GPS-aren bidez, non zegoen esango zidaten, salbu egoteko. Nik aurkitu egiten banuen, mezu bat bidaliko nien, horrela, sartu egingo ziren eta pertsona anonimoa harrapatuko zuten.
Eguna iritsi zen, poliziako kideak, bere lekuetan kokatu ziren eta ni bitxitegian sartu nintzen; oso urduri nengoen, ez nuen nahi ezer gaizki ateratzea nire erruz. Bitxi-dendaren barruan nengoenean, poliziek pertsona horren seinalea galdu zutela esan zidaten. Oso urduri jarri nintzen, eta han barruan baldin bazegoen? Bat-batean, gauzak lurrera erortzen ari zirela entzun nuen. Apal bat zen eta nire gainean erori behar zen! Korrika hasi nintzen aterantz eta zerbaitekin talka egin nuen; pertsona bat zen! Pertsona hori nahi gabe lurrera bota nuen eta apala nire gainean erori beharrean, bere gainean erori zen. Gizagaixo hori zerbait esaten hasi zitzaidan “lagundu, lagundu, lagundu...” Ezin izan nion lagundu, ezin nuen erreakzionatu, blokeatua nengoen.
Pertsona hori isildu zenean zerbait gaizki zihoala konturatu nintzen eta polizia sartu zen, nik blokeatua jarraitzen bainuen. Pertsona horrek zituen gauza guztiak erregistratzen hasi ziren eta «S» zela konturatu ziren. Hori esan zidatenean, arintze txiki bat sentitu nuen, izan ere, ez ninduen gehiago gogaituko.
Baina buru-berokia kendu ziotenean arintasuna pikutara joan zen, nire lagun mina zen! Eta hilda zegoen!
Negar batean hasi nintzen, nire buruari errua botaz, zergatik ez nion lagundu berak eskatu egin zidanean? Nire erruz hilda zegoen!!
Baina dena bukatuta zegoela uste nuenean, «S»-ren beste gutun bat jaso nuen, beste eskari batekin. Berriro poliziarengana jo nuenean, azaldu zidaten antzeko gutunak aurkitu zituztela nire lagunaren etxea erregistratzean. Beraz, argi zegoen nire laguna ez zela «S», baizik eta beste biktima bat, ni bezala. Baino azken gutun horretan, hanka-sartze bat egin zuen. Poliziak hatz markak identifikatu zituen eta psikopata atxilotu zuten.
Geroztik, ezin dut esan niretzat eguberriak aro zoriontsuak direnik, baino maitasun bereziarekin oroitzen naiz nire lagunaz. Bere bizitza nire alde eman zuela konturatu bainintzen, eta hori sekulan jaso dudan Gabonetako oparirik onena izan da.