Euskararen osasuna aztertuz
Firma invitadaSinatzailea: Juanlu Aranburu, Kontseilua
Osakidetzan euskararen osasuna izan da aztergai 2017 urte amaieran. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun zerbitzu publikoari eragiten dion II. Euskara Planaren tarteko ebaluazioa egin du. Ondorio argia utzi du egindako lanak: plana ez da izaten ari behar adina eraginkorra. Hori horrela, egindako lanaren aurkezpen publikoak egin ditu euskalgintzaren bilgunea denak; besteak beste, Gipuzkoako Medikuen Elkargoan egindako mahai-ingurua, beste hainbat eragileekin batera.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskararen prozesua azkartzeko hainbat proiektu garatzen ditu alor edo sektore desberdinetan, horietako bat osasungintzarena da. Esan gabe doa, euskararen normalizazioaren alorrean zentratzen duela bere jarduna esparru honetan. Kontseiluko osasungintzaren lan-taldeak (Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Kontseiluak berak osatzen dutena) urteak daramatza alor horren euskalduntze prozesuan eragin nahian. Bere zereginen artean, Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko bigarren planaren jarraipena egitea izan da. Osakidetzak euskararen bigarren plana 2013an jarri zuen martxan, eta 2019an izango du amaiera. 2017an planean aurreikusi bezala, epe-erdiko ebaluazioa egin da.
Kontseiluak, jasotako datu eta informazio guztiarekin, bere ebaluazio propioa egin eta azaroaren 30ean, Gipuzkoako Medikuen Elkargoan egindako mahai inguruan, sektoreko beste eragileekin konpartitu zuen. Mahaiaren bueltan ordezkaritza zabala eta plurala biltzea lortu zen, tartean, Osakidetza (euskara teknikariak), Gipuzkoako Foru Aldundia, OEE (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea), Arartekoa, ELA eta LAB sindikatuak, EHU, UEU, Maramara elkartea, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEMA, Kontseilua. Argi gelditu zen Osakidetzaren euskalduntze prozesua gizartean soilik ez, hainbat erakundeen kezka-iturria ere badela, eta kezkaz ikusten dutela gaia.
Lan saioarekin hasteko Kontseiluak Osakidetzaren II. euskara planaren epe-erdiko ebaluazioa aurkezteari ekin zion. 2017ko irailaren 20an publikoki aurkeztu zuen bere bazkideekin batera (OEE, Behatokia, UEMA, Kontseilua). Ondoren, Osakidetzako zuzendaritzarekin bildu eta zuzenean azaltzeko aukera izan zuten.
Kontseiluak argi utzi nahi izan zuen Osakidetzak martxan jarritako euskara plana ez dela nahi izango lukeena, hala ere, jarraipena egin, eta proposamenak luzatu izan dizkio zuzendaritzari, beti ere elkarlanerako disposizioa mahai gainean jarrita.
Kontseiluak, alorrez alor, eskuratutako datuak eta informazioa azalduz, jardun eremu bakoitzeko egoera zein den azaldu zuen (irudia eta komunikazioa, kanpo-harremanak, barne-harremanak, hizkuntza-kudeaketa, hizkuntza-eskakizunak, lehentasunak eta derrigortasun-datak).
Laburbilduz, Kontseiluaren iritziz, Osakidetzak euskara normalizatzeko abian jarritako bigarren planaren lehen ebaluazioa eginda eta txostenean bildutako ebidentzia guztietan oinarrituz, urrun dago euskara planean ezarritako helburuak betetzetik.
Beste ondorioren bat aipatzearren, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egiten duen lanari esker, herritarren bizipenak zuzenean jasotzeko aukera izan dugu. Hori horrela, nabarmentzekoa da pazienteen arretari lotuta jasotzen diren kexa ugariak; alegia, pazienteak nahi duen hizkuntzan (euskara) arreta ez jaso izanagatik. Ez da bidezkoa, Kontseiluaren aburuz, euskara garatzeko lehentasunezko atal gisa izendatzea, baina ez ezartzea berariaz zehaztutako neurriak.
Proposamenak ere jasotzen ditu Kontseiluak egindako lanak. Horietako bat, euskarazko arretako zirkuituak bermatzea.
Aurkezpenarekin amaitu ondoren, bertan bildutako eragileen iritziak eta gogoetak partekatu ziren.
Herrialde-eskualdeen arteko ezberdintasunak handiak direna aipatu zen. Adibidez, Donostialdeko egoera hobea izanik ere, bertan emandako urratsak publikoki baloratu beharra aipatu zen. Hala ere, mediku euskaldunen gabezia nabarmena dela aipatzen zen.
Zoritxarrez oraindik ugari dira Hizkuntz Eskubideen Behatokian jasotako kexak eta gehiengo handi bat osasun zerbitzuei lotutakoak izaten dira. Egoerari buelta emateko lanketa sendorik ez da ikusten, eta arazoa kronifikatzeko arriskua egon daitekeela pentsatzen da.
Osakidetzaren euskalduntzea apala dela ebidentzia bat dela, askoren ahotik jasota iritzia izan zen, eta planarekin ez dela gauza handirik lortuko ere aurreikusten zuten, bestelako erabaki politikoak aplikatu behar direla azpimarratu zen.
Kezkatzeko moduko diagnosi honen aurrean, baina, dagoeneko (Osakidetzaren datuen arabera) ia 200.000 herritarrek osasun-zerbitzua euskaraz jasotzeko hautua egin dute, eta hauen hizkuntza eskubideak bermatzeko bestelako planteamendu orokor eta sendoak beharko dira.
Juanlu Aranburu, Kontseilua