Mintzanet zabaltzen lagunduko du Elkargoak
ReportajesGaur goizean Elkargoko presidente den Manuel García Bengoecheak eta Mintzanet-eko arduraduna den Ritxi Lizartzak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, euskara online praktikatzeko proiektua medikuen artean zabaltzeko.
MINTZANET irabazi asmorik gabeko proiektua dela, 2013an sortua, eta bere helburu nagusia interesatuei euskara Internet bidez doan praktikatzeko aukera ematea da. Iaz, Osakidetzako langileen artean zabaltzen hasi zen erreminta (http://osakidetza.mintzanet.net/) eta dagoeneko euren euskara hobetzen hasiak diren osasun langile ugarik erabiltzen duten arren, oraindik ere jende gehiagorena heldu nahi du proiektuak.
Proiektuak bi zutabe ditu: bidelaguna eta bidelaria. Bidelaria euskara praktikatu nahi duen pertsona da eta bidelaguna horretan lagunduko dion boluntarioa. Elkarrizketa birtualaren bitartez egingo dute, euren aukeratzen duten maiztasunean eta nahi duten teknologia baliatuz (adibidez, skype). Elkarrizketa hauen helburua lotsa kentzea eta euskara praktikatzea da.
Manuel Garcia Bengoecheak argi azaldu nahi izan du “Elkargoak baduela euskararekiko konpromiso sendoa” eta uste du sendagileek duten denbora falta kontuan hartuta “halako erreminta bat eskura izatea oso interesgarria dela euskara praktikatu nahi duen sendagilearentzat”.
Ritxi Lizartza Mintzanet-eko arduradunak azaldu du “gaur egun gehiago direla praktikatu nahi duten sendagileak laguntzaile bolondresak baino, beraz, Elkargotik proiektua zabaltzea behar dugu bidelagun gehiago lortu ahal izateko”. Gainera, Lizartzaren ustetan, “sektore bereko pertsonen arteko harremanak, kasu honetan sendagileen artekoa, oso emaitza positiboak ditu, euren jardunean baliatzen duten terminologiak praktika ditzaketelako”.
Datozen egunetan Elkargoak proiektuaren inguruko informazio gehiago argitara emango du aldizkari digitalean (www.medikuenahotsa.com) eta erreminta erabiltzen ari diren bi sendagileen testigantza ere zabalduko du.