Medikuen Ahotsa

Erizainen preskripzioari buruz

Editoriales

Erizainen aldetik medikamentuak errezetatu edo preskribatzeko gaiaren inguruan sortu­tako eztabaida berrindartu egin da 2016 ur­tearen hasierarekin, eta itxura guztien arabera ez da bat-batean isilduko.

Manuel Garcia Bengoechea, Elkargoko presidentea

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren jarrera Espai­niako gainerako elkargo mediko guztiek adierazi duten berbera da, Espainiako Sendagileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren ildoari jarraiki: abenduan onar­tutako Errege Dekretuarekin ados gaude, medikamen­tu baten preskripzioak aurrez diagnostiko bati lotua egon behar duela ulertzen dugulako, eta diagnostiko hori ekintza medikoaren zati banaezina da.

Sendagileen Elkargo Ofizialen Kontseiluaren Batzar Orokorrak sarritan adierazi du bere desadostasuna eri­zainek medikuaren preskripziora lotuak dauden botika edo medikamentuak modu autonomoan erabili, agindu edo errezetatzeko duten aukerarekiko. Bestelakoa da aukera hori lankidetza moduan gertatuko balitz, erizai­nen jarduera behar bezala adostutako gida eta protoko­lo klinikoen barruan gertatzen baita kasu horietan.

Erizainen preskripzio autonomoarekiko dugun desa­dostasuna ez da, beraz, mesfidantza kontu bat, ezta gutxiagorik ere; aitzitik, erabateko konfiantza dugu profesional horietan, lanerako duten diziplina, orde­na eta zehaztasunean, euren prestakuntza eta lane­rako gaitasunean. Hala, lankidetzako esparru batean lanean jarraitu nahi dugu, batzuen nahiz besteen eza­gutzak eta gaitasunak baliatuz, zerbitzuaren kalitatea nahiz pazienteen segurtasuna bermatuz betiere.

Justiziak askotan adierazi du, hain zuzen ere, erizainen preskripzioari buruzko bere iritzia, eta kasu horietan guztietan preskripzio autonomoaren kontrako era­bakia eman du. 2006tik honako legediak adostutako protokolo eta gidei egin die erreferentzia, onartu berri den Errege Drekretuak bezalaxe. Nabarmentzeko mo­dukoa da, dena den, une honetan, eta protokolo horiek onartu bitartean, erizainek ez dutela legez kontrako ezer egiten jarduera horiek betetzen ari direnean, pro­tokolo horiek onartu bitartean. Horrelaxe jasotzen du, halaber, Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen dokumentuak.

Erizainen errebindikazioek osasun-profesionalen eguneroko lanari ez eragitea litzateke Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren nahia, lantalderik ez haus­tea, mediku eta erizainen kolektiboak ez zatitu eta banantzea, bestela esanda. Errebindikazio horiek bere bidea jarraituko dute, logikoa den bezala, baina kolektibo biek eduki ditzakegun jarrera desberdinak alde batera utzita ere, gure pazienteei eman diezaie­kegun zerbitzurik hoberena eskaintzen saiatu behar genuke guztiok, izan ere osasun-profesional guztiak asmo horrexekin ari baikara lanean.

Manuel Garcia Bengoechea, Elkargoko Presidentea