Medikuen Ahotsa

Anjel Lertxundi: Elementu osoak gara, hortik dator osasuna: osotasunetik

120 ANIVERSARIO

"Sendagilea ez da bakarrik ari gorputz gaixotu batekin, ari da pertsona batekin, bere kezkekin, beldurrekin, bere etorkizunari buruzko galderekin; batzuetan, baita ere, bere etorkizun ezarekin… Pertsona, bere zirkunstantzia guztiekin, artatzeko gai den medikua da, nire ustetan, sendagile ona". Halaxe mintzo da Anjel Lertxundi idazlea Elkargoaren kanpainako elkarrizketetako batean. Amaitzen du esanez: "Elementu osoak baikara, eta hortik dator osasuna: osotasunetik".

Sendagilea bizitzan beti oso hurbil eduki duen persona dela azaltzen du Anjelek. Ez bera gaixotu delako, baizik eta ingurukoek izan dutelako medikuaren premia, eta, berari, gaixoaz arduratzea egokitu zaiolako. Bide horretan topatu dituen sendagileak sendagile onak izan direla dio, gaixoarekin ondo aritu direnak.  

Idazlearen ustetan, "mediku onari suposatzen zaio ofizioa ezagutzen duela, alde teknikotik. Hori ez dut zalantzan jarriko. Hala izango dira denak, gutxiago ala gehiago. Baina mediku bat hori baino askoz ere gehiago da. Ari da pertsona gaixo batekin, ari da gorputz batekin, deitzen diogu pazientea baina paziente horren atzean persona bat dago. Eta orduan oso inportantea da mediku ona izateko harremanak nola tajutzen dituen. Eta paziente hori, pertsona hori, ez dago gainera bakarrik, ez dago bakarrikan bere gorpotz gaixoarekin, dago bere kezkekin, bere etorkizuna nolakoa izango dan (ari naiz gaixo larriez azken nire esperientzia hori izan delako), orduan bere kezkekin, etorkizunik gabe, bere etorkizunean pentsatzen eta berak hurbil dituen pertsonena… Eta orduan zirkustantzien mundu bat da paziente hori, ez da bakar-bakarrik minbizi bat, ez da bakarrik iktus bat… da hori baino askoz ere gehiago, horiek denak dakarren mundu guzti hori". 

Azaltzen du "medikuak hori izan behar lukeela gogoan; noski, ez da guztiaz jabetuko, baina bai nolabait ikusi gaixo horrek baduela bere psikologia eta psikologia hori oso oso kargatua, zamatua dagoela juxtu daukan gaitzarengatik eta heriotza hurbil baldin badu areago oraindik. Eta hori aintzat hartzen duena eta hori arretatsu eta betiere gaixoaren tokian jartzen den medikua da niretzat mediku ona".

Gaur egun, ordea, medikuntzaren fenomenoan espezializazioa gero eta handiagoa dela azaltzen du Lertxundik eta, horrek, bere ustetan "arriskuan jar dezake begirada zabala, osoa". Izan ere, azaltzen du "osasuna osotasunetik dator: elementu osoak gara eta hortik dator osasuna. Eta osotasun hori galtzen duzunean gaitz bat daukazulako, orduan galtzen duzu baita ere osasuna".

Gaixo eta sendagilearen arteko harremanaz ere hitz egiten du Lertxundik. Gogoan du nola txikitan bere ama gaixo zegoenean medikuaren etxera joan ohi dela, eta "agurtzen nituen, buruan hola egiten zidan… Gaur egun hurbiltasun hori ez da posible. Eta are gehiago hain saturatuta daudenean konsultak izanik, sistema guztia hain saturatuta dagoenean, ikaragarrizko arazoa da".