MEDIKUNTZAREN HUMANIZAZIOA INDARTZEKO DEKALOGOA
120 ANIVERSARIO- Aspaldiko garaietatik Medikuntzak bere helburuak erdiesteko baliatu izan duen bitarteko nagusia, mediku-paziente harremana, babestu behar da. Harreman hori, oraindik ere, medikuntzaren funtsezko oinarria da, eta guztiok, profesional, paziente, erakunde nahiz enpresek, guzti-guztiok lan egin behar dugu harreman hori gorde eta babesteko.
- Gogoan eduki behar dugu, une oro, pazientea pertsona bat dela, eta ez bere gaixotasuna. Gaixotzeak berak ondorioak dakartza beti, baita arlo psikosozial eta emozionaletan ere, erlazioetan eta sentimenduetan. Ez genuke alde batera utzi behar sekula ere gizakia bere osotasunean hartu eta juzgatzeko aukera.
- Enpatiak profesional medikoarentzat funtsezko gaitasuna behar du izan eta eguneroko jardun profesionalean etengabe aztertu eta berrikusi behar du profesionalak, teknologiak, presak eta lehiak edo sistemaren akats eta hutsegiteek lausotu ez dezaten gure aurrean daukaguna gizaki bat dela, bere baldintza bereziekin, bere emozio eta hunkipen indibidual eta bakarrekin.
- Osasun-arretaren ikuspegia egokitu behar da, pazientea benetan erdigunean jarriko duen arreta bermatzeko, humanizazioko politikak sustatuz, pazientea modu holistikoan artatu ahal izateko betiere, diagnostiko eta tratamendu egokiak eskaintzeaz gain, bere hunkipenen arreta ere (beldurrak, kezkak, sufrimenduak,...) egokia izan dadin, ingurune soziala (familia, adiskideak, ingurua) begi-bistatik galdu gabe.
- Osasuneko profesionalek beren lana modu egokian betetzeko beharrezkoak dituzten baliabideak eta tresnak bermatu behar dituzte erakundeek, eta profesional horiek motibatzeko eta saritzeko mekanismoak etengabe bilatu, profesionalen motibaziorik eza eta laneko higadura baitira, hain zuzen ere, medikuaren deshumanizazioa eragiten duten faktore nagusietakoak.
- Ez da ahaztu behar, zentzu horretan, denbora dela profesional medikoek, Lehen Mailako Arretan aritzen direnek batik bat, euren lanean baliatzen duten tresna edo bitarteko garrantzitsuena. Profesionalak, beraz, denbora gehiago behar du pazientearekin egoteko, eta pazienteak ere, bere aldetik, denbora gehiago behar du bere medikuak artatua izateko.
- Medikuaren heziketa humanistikoa berreskuratu beharra dago medikuntzako fakultateetan, etorkizuneko profesionalak balioetan eta etika kontuetan trebatuak izan daitezen, euren harreman akademikoak nahiz pertsonalak erlazio humano egokienarekin sor ditzaten eta parametro humanizatzaileekin jarduten ikas dezaten.
- Pazienteekiko komunikazioa lantzea ezinbestekoa da, gure hizkera pazienteen premia eta beharrizanetara egokitzeko, ulergarria eta sinplea gerta dadin; gainera, pazienteak bizi direneko testuingurua kontuan edukitzea funtsezkoa da, albiste txarrak jakinarazteko uneari dagokionez batik bat.
- Berrikuntza teknologikoak aukera bat izan beharko luke pazientearen arretan hobera egiteko, baina inolaz ere ez mehatxu bat. Makina bat sekula ez da gai izango profesional medikoaren begirada ordezteko, gizakia bere osotasunean aintzat hartuko duena eta ez gaixotasuna bakarrik.
- Talde-lana indartu behar da, eta era berean baita osasunaren zaintzaz arduratzen diren gainerako profesionalekiko harremana ere.