Medikuen Ahotsa

Parkinsona duten pertsonetan garuneko zelulen atrofia gertatzen dela ikusi dute

Reportajes

EHUko ACHUCARRO Basque Center for Neuroscience zentroko Paula Ramos González ikertzailea Parkinsona aztertzen aritu da, eta ikusi du gaixotasunaren aldaera genetiko arruntena dutenen kasuan, astrozito deritzen garuneko zeluletan atrofia gertatzen dela.

Astrozitoak dira nerbio sistema zentraleko zelula ugarienak; garunean daude, eta zeregin erabakigarria dute garunaren osasunean. Era berean, behar bezala funtzionatzen ez dutenean, gaixotasun neurologikoak eragiten dituzte. Gero eta argiago dago astrozitoen funtzionamendu okerra zuzenean inplikatuta dagoela Parkinsonaren garapenean. EHUko ikerketa honetan ikusi dute astrozitoek atrofia morfologiko handia eta disfuntzio metabolikoa dutela, eta, hortaz, ezin dutela neuronen euskarri eta elikatzaile izan, normalean diren bezala.

Hurrengo urratsa pazienteen zeluletatik abiatuta garun organoideak sortzea izango dela adierazi dute. Horri esker, disfuntzio horren eragina arintzeko hurbilketa terapeutikoa egin ahal izatea espero dute. Nature argitaletxearen Parkinson’s Disease aldizkarian argitaratu dute lana.

Elhuyar aldizkaria