Medikuen Ahotsa

Idurre Labaka: Asistentzia hobea bermatzen da medikuak parte hartzen badu mendi erreskateetan

Entrevistas

Familia medikua bada ere, Idurre Labakak argi izan du beti bere lekua ez dagoela ez ospitalean ezta anbulategian ere. Larrialdiak gustuko ditu eta horietan aritzen da uda partean; neguan, berriz, mendialdera jo ohi du, mugaz gaindiko Cerdanya Ospitalera, Puigcerda kataluniar herrian. Bertan, erreskateko mediku izateko oposaketak egin berri ditu. Azken bi urteetan, gainera, Antartikan egonaldiak egin ditu, espainiar base zientifiko batean mediku gisa lanean.

  • Sendagile izanik, ezohiko ibilbidea egin duzula esan daiteke.

Zorionez, medikuntza oso zabala da. Egia da lan aukera batzuk ez direla hain ezagunak, baina hor daude eta mugitzen bazara bide asko topa ditzakezu. Nik argi nuen nire tokia ez zegoela anbulategi batean, baizik eta mendiarekin lotu nahi nuela medikuntza. Hortik abiatuta nire ibilbidea egin dut eta nire izaera eta gustuekin lotu ahal izan dut lanbidea.

  • Zergatik erabaki zenuen medikuntza ikastea?

Esan daiteke txiripaz naizela mediku. Eskolan ikasle ona nintzen, nota onak ateratzen nituen. Karrera hautatu behar nuenean nahiko nahastuta nengoen eta nire bizilagunarekin hitz egitera joan nintzen, medikuntza ikaslea zena. Entzun nuena gustatu zitzaidan eta halaxe sartu nintzen medikuntzan. Karrera erdian, berriz, utzi egin nuen eta matematiketara egin nuen salto, zenbakiak faltan botatzen nituelako. Baina ez nuen nire tokia aurkitu eta berriz pasa nintzen medikuntzara, amaitu arte.

Esan beharra dut niretzat oso urte gogorrak izan zirela unibertsitatekoak: ikasle ona izatetik ikasketak arrastaka eramatera pasa nintzen. Inguruko lagunak lanean hasi ziren eta ni oraindik ere ikasten ari nintzen. Karrera amaitu eta beste urtebete ikasten pasa nuen, MIRa prestatzeko… Sekulako esfortzua dago mediku titulu baten atzean.

  • Noiz hasi zinen medikuntza mendiarekin lotzen?

Familia medikuntzako espezialitatea Donostian egin nuen, Altzako anbulategian lehenengo eta Zarautzekoan gero. Nire tutore Eiderri lehen egunean esan nion: nire lekua ez dago anbulategian. Eta asko lagundu zidan. Mendi medikuntzako ikastaro guztiak egin nituen eta kanpo errotazio oso zehatzak egin nituen: anestesia, intubatzen ikasteko; larrialdiak, horietan sakontzeko… Kanpo errotazio horietako bat Puigcerdan egin nuen eta horrek guztiz markatu du nire orain arteko bidea.  

  • Nolakoa da bertako ospitalea?

Ospitale txikia da, 30 ohe dituena. Mugaz gaindikoa izanik, espainiar nahiz frantziar gaixoak artatzen ditugu, mota askotakoak gainera. Batetik, Frantziako zonaldetik datozenak, kontuan izanik zonalde pobreenetako bat dela eta egoitza eta zahar-etxe asko daudela bertan; bestetik, prepirineotan dagoenez, neguan eski estazioetatik iristen zaizkigu gaixoak eta uda partean kirol asko egiten denez inguruan asteburuetan ere mugimendu dezente dugu.

  • Puigcerdatik Antartikara 15.073 kilometro daude. Noiz eta nola sortzen zaizu halako bidaia luzea egiteko aukera?

Egun batean, nire tutore izandakoarekin hizketan, kontatu zidan Antartikan ibilia zela mediku gisa, base zientifikoan. Gustatuko litzaizuke joatea? Galdetu zidan. Noski baietz! Erantzun nion. Eta nire izena emango zuela esan zidan, noizbait agian deituko zidatela. Iaz deitu zidan eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Urtarrilean joan ginen eta COVIDren brote erdi-erdian itzuli.

  • Aurten itzuli egin zara. Zer eman dizu abentura horrek?

Pertsonalki oso aberasgarria izan da, sekulako esperientzia. Gran Hermano moduko bat glaziar artean! Osasun langileekin lan egin beharrean beste esparru batzuetako teknikariekin lan egin dut eta denetik ikasi: informatika, sukaldaritza, mekanika, elektronika…!

Profesionalki, esango nuke arduraren zama dela kudeatu behar izan dudana. Bertako zientzialarien mediku zara, ez dago beste osasun langilerik, eta baliabide asko badituzu ere bi esku besterik ez ditut. Han gaudenon beldurrak oso zehatzak dira: apendizitis bat, bihotzeko bat edota politrauma bat gertatuz gero, denbora irabazi besterik ez duzu helikoptero bat iritsi arte. Zorionez ez da halakorik gertatu. Tokatu zaidan gauzarik bitxiena odontologiako arazo bat izan zen: teknikari bati hortzeko funda erori zitzaion. Eskerrak joan baino lehen nire dentistari eskatu niola oinarrizko gauzak azaltzea!

  • Nora eramango zaitu etorkizunak?

Momentu honetan erreskateko mediku izateko oposaketak egin ditut Katalunian, Puigcerdatik gertu. Euskadin ez bezala, Katalunian (eta Aragoien ere) erreskate taldeko  parte da medikua: suhiltzaileekin batera egiten du erreskatea eta gaixoa lehen unetik artatzen du: balorazioa egin, medikazioa eman hala behar badu... Honek zalantzarik gabe asistentzia hobea bermatzen du eta ezinbestekoa izan daitekeen denbora irabazten da arazo larriak daudenean. Zoritxarrez, gaur egun Euskadin ez dira erreskateak modu honetara egiten: ertzaintzak egiten ditu eta egoera larria bada Osakidetzako helikopteroarekin harremanetan jartzen da gaixoaren trasladoa egiteko, baina osasun langilerik ez dago erreskatean.

  • Bertan geldituko zara, beraz?

Oposaketak ateratzen baditut nolabaiteko soka izango dut bertara, baina soka elastikoa izango da. Ez naiz geldi dagoen horietakoa.

ARGAZKI GALERIA:

GALERIA: Antartikako abentura