Medikuen Ahotsa

Kontseiluko Batuz aldatu dokumentuarekin bat egin du Elkargoak

Reportajes

Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza politiketan eragiteko adostasun sozial berria aurkeztu zuen pasa den larunbatean, hilak 19, Donostiako Kursaalean egindako ekitaldian.

Bertan, Kontseiluko bazkideez gain, agiriarekin bat egin duten eragileen ordezkariak izan ziren: 99 eragilek baino gehiago eman diote babesa dokumentuari. 

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak ere bat egin du dokumentuarekin eta ekitaldira Iñaki Eizagirre Gobernu Batzordeko kidea bertaratu zen. 

Dokumentuaren helburua hizkuntza politiketan jauzia egiteko adostasun soziala lortzea da, euskara eroso erabiltzeko baldintzak sortzeko. 

Euskararen erabilera erosoa lortze aldera, bi ardatz finkatzen dira. Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu behar dela dio Kontseiluak dokumentuan: «Edonork, edonon, euskara erabiltzeko eragozpenik izango ez badu, ezinbestekoa da elkarrizketako partaide guztiek euskaraz gaitasun nahikoa izatea». Zehaztu dute hori lortzeko zer eremutan jarri behar den arreta ere: hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzean —zerbitzua doan jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute— eta hizkuntzaren transmisioan edo sozializazioan. Ezagutzaren unibertsalizazioa lortu arte, garrantzitsutzat jo dute ulermena unibertsalizatzea.

Beste aldetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzea, garatzea eta lotzea defendatzen da. Helburua eta hori lortzeko urratsak finkatzearekin batera, konpromisoak ere jasotzen ditu agiriak: bertan adosturiko edukia gizarteratzea, administrazioarekin eta bestelako eragileekin izandako hartuemanetan dokumentuan zehaztutako hizkuntza politikari buruzko ikuspegiak eta proposamenak defendatzea eta sinatzaileek elkarlanean segitzea.

Esteka interesgarriak: 

Donostiako Kursaalean egin zen ekitaldia.