Berdin artatzen al ditugu pazienteak emakumezko ala gizonezko izan?
Entrevistas
Elkarrizketa Ainitze Labaka Etxeberriari, Erizaintzan graduatua eta Psikologian doktorea eta “Berdin artatzen al ditugu pazienteak emakumezko ala gizonezko izan?” udako ikastaroko burua.
-
Ikastaroaren izenburutik hasiko gara: Berdin artatzen al ditugu pazienteak emakumezko ala gizonezko izan? (eta zuzena al da berdin artatzea?)
Hor dago koxka: Batetik, berdin artatu behar diren kasu batzuetan ez dugu egiten. Urrutira joan gabe, Euskadin miokardioko infartu akutua diagnostikatu eta kateterismoa edo tronbolisia behar luketen emakumeek jasotzeko aukera gutxiago dute. Beste batzuetan, emakume eta gizonek gaixotzeko modu ezberdina izan dezaketela ahazten zaigu. COVID-19aren kasuan adibidez, gizonezkoetan ohikoak diren sintomen berri eman da erreferentziazko sintomatzat; sukarra, disnea, neumonia… Baina emakumezkoetan ohikoagoak dira eztarriko mina, goragalea eta beherakoa.
-
Nondik sortzen da ikastaro honen ideia?
Erizain lanetan atentzioa eman zidan paziente emakumezkoen ondoezaren aurrean lankideren batek “emakumezkoak konplikatuagoak dira” edo “exigenteagoak dira” esaten zuela entzutea. Gerora, Tesia egitean antidepresibo bat aztertu nuen sagu emeetan, eta emaitzek hasiera batean aurreko ikerketekin bat egiten ez zutenez, “emeak konplikatuagoak dira” pentsatuz genero aurreiritzietan leporaino sartu nintzen neu ere. Bibliografia arakatuz konturatu nintzen aurreko ikerketa gehienak arretan eginak zirela, eta nire emaitzak ondo zeudela, emeekin egindako beste ikerketa urriekin bat zetozela. Sagu ar eta emeen arteko fisiopatologia eta gaixotasun-jokabidea ezberdinak badira, izango ez dira ba pertsonetan! Emakumearen osasun-gaixotasun prozesua ez da konplikatuagoa, zientziarentzat ezezagunagoa baizik.
-
Generoaren ikuspegiaren garrantzia, gutxinaka, aitortzen hasia da arlo askotan. Zergatik da ezinbestekoa osasunaren arloan?
Ez aitortzeak diagnostiko berantiarrak, morbi-mortalitate eta gastu handiagoa eta, batez ere, ekidin daitekeen sufrimendua dakartzalako.
Emakumearen osasun-gaixotasun prozesua ez da konplikatuagoa, zientziarentzat ezezagunagoa baizik.
-
Ia 700 gaixotasunen diagnosian atzerapen gehiago dago emakumeengan gizonezkoengan baino. Patroi bakar gisa hartu al dugu beti gizona? Zein ondoriorekin?
Anatomiako liburu klasikoetan gizonaren gorputza ageri da gizateria osoa ordezkatzeko, eta emakume irudia ugalketara mugatu da. Izan ere, uste zen ugalketa sistemako zelulak soilik ezberdintzen zirela sexuaren arabera, gainerako zelula eta sistema biologikoak berdin-berdinak zirela eta sexu arrean ikertzea nahikoa zela. Orain, badakigu zelula orok duela bere jabearen sexua, eta berezitasun handiak dauzkagula immunitate zeluletan, estresaren erantzun fisiologikoan, farmakoen metabolismoan etab. Ondorioak? Batetik, farmakoen dosifikazio okerragatiko ondorio kaltegarriak bi bider ohikoagoak dira emakumezkoetan. Bestetik, pazientearen mina eta ondoeza deslegitimizatu ditzakegu, gertatzen zaionaren azalpena eskuliburuetan aurkitu ez, eta oker dagoena pazientea bera dela pentsatzea errazago zaigunean.
-
Zein genero aurreiritzi daude osasun arloan? Zein eragin dute horiek balorazio klinikoan, diagnosian eta tratamenduan?
Gaixotasunak sexualizatzen ditugunean, sexu batean ohikoagoak diren gaixotasunak beste sexuan identifikatzea kostatzen zaigu: depresioa, osteoporosia eta bularreko minbizia gizonezkoetan, gaixotasun kardiobaskularrak emakumezkoetan. Emakumezko histerikoaren mitoaren herentziak ere eragiten digu: bada neumoniagatiko disnea bat antsietateagatiko arnasestuarekin nahastu zuteneko kasurik. Mediku zein erizainok emakumezkoen mina psikosomatikotzat hartzeko joera handiagoa dugu, eta hori analgesiaren administrazio murritzagoarekin eta kausa organikoak baztertzeko probak ez egitearekin lotu da. Genero-rolen tranpan ere eror gaitezke: gizon autonomo bati alta eman eta aurrerantzean jarraitu beharreko zainketak berari azaldu beharrean bere emazteari azaltzen badizkiogu, gizonari bere autozainketa gaitasuna ukatzen ari gara, eta emazteari lan estra jartzen.
-
Osasunak, beraz, generoa du. Ez al gara orain arte ohartu?
Batzuk aspaldi ohartu ziren. Jakintzaren perspektiba androzentrista salatzeko, 1938an jada idatzi zuen Virginia Wolf-ek: “badirudi zientzia ez dela sexugabea; gizonezkoa da, aita da eta infektatua dago”. Bernardine Healey NIHko zuzendariak bihotzekoa jasandako emakumeak ez zirela behar bezala artatzen salatu zuenetik ere, badira 30 urte, baina irakasteko eta lan egiteko modua aldatzea asko kostatzen zaigu.
-
Erizainen gehiengoa emakumeak dira eta gaur egun sendagileen gehiengoa ere bai. Lagungarri izan daiteke errealitate aldaketa hori patroi bakar hori hausteko?
Tamalez, emakumezko izateak ez gaitu genero aurreiritziak edukitzetik salbuesten. Osasunean eragiten duten ezberdintasun biologiko sexualen inguruan oso gutxi dakigu. Gainera, animalia sozialak garenez, berezko dugu parean dugun pertsona lehen instantean ebaluatzea, eta bere itxura eta generoari lotutako aurreiritziak beregan proiektatzea. Garrantzitsua zera da: osasun profesionalok gure aurreiritzi eta ideien kontzientzia izatea, berauek gure jardunean eragina izan dezaketeen antzeman ahal izateko.
Pazientea, berriz, bere genero estereotipoak diktatzen duen jokabidea erakusten ahaleginduko da: depresioa duen gizonezkoa bada, agian kosta egingo zaio ahul dagoela, lanean produktiboa ez dela eta gogo sexualik ez duela adieraztea. Kasu horretan ere, profesionalok genero sentikortasuna erakutsi behar dugu, hau da, pertsonari bere generoak gaixotasuna ulertu, bizi eta adierazteko modua baldintza diezaiokela kontuan izan behar dugu.