Maria Leturia, 2021ko Artikulu Onenari Saria: Lan honek krisi garaietan gauza positiboak egin daitezkeela frogatzen du
EntrevistasAurkeztu zure burua laburki.
Maria Leturia naiz, 92. urtean jaio nintzen Ormaiztegin. 2021an bukatu nuen Erradiologian erresidentzia eta gaur egun Donostia Ospitalean lan egiten dut, Erradiologia Abdominaleko sailean.
Zer suposatzen du sari honek?
Artikulu hau publikatzea ez zen lan erraza izan, izan ere, RadioGraphics gure espezialitateko aldizkari garrantzitsuenetakoa izanik, oso zorrotzak dira publikatzerako orduan eta prozesua luzea egin zitzaigun, egia esan. Dena den, talde lanari esker eta helburua garbi geneukanez, azkenean artikuluak argia ikusi zuen pandemia hasi eta hilabete gutxira. Sari honek, alde batetik, egindako lana aitortzea suposatzen du, baita zerbitzuko lankide askoren eskuzabaltasuna balioan jartzea ere, izan ere, urte askotan zehar lankide askok gordetako kasuei esker eginiko lana da. Era berean, krisi garaietan gauza positiboak egin daitezkeela frogatzen du: konfinamenduan asko kontzentratu nintzen lan honetan. Beharbada, gauzak beste era batean gertatuko balira, ez nuen denborarik izango lana aurrera eramateko.
Deskribatu ezazu egindako lana eta bere ekarpen eta balioa.
Gure lana gas ektopikoaren ingurukoa da. Gure lan praktikan, ohikoa da gasa leku patologikoetan identifikatzea, eta horren esanahia aldakorra da pazientearen egoeraren eta baita, gasa kokatzen den tokiaren eta kantitatearen arabera. Hori dela eta, lan dezente daude gai honen inguruan, ia denak sailkapen anatomikoaren ikuspuntutik. Gure aldetik, gai hau beste abiapuntu batetik jorratu genuen: gas hori hor egotearen kausak aztertu, eta sailkapen patogeniko batean oinarritu ginen gas ektopikoaren interpretazioa egiteko, ulertuaz egoera kliniko desberdinek nola ezaugarri erradiologiko berbera eman dezaketen.
Medikuntzaz gain, zein beste alorretan duzu interesa eta zergatik?
Bidaiatzea asko gustatzen zait, beste kultura eta bizimodu batzuk ezagutzeko, batik bat. Egunerokotasunetik pixka bat deskonektatzeko ere zinema oso gustuko dut, eta baita gurean ditugun edozein mendira joatea burua garbi mantentzeko.