Oihane Iñarra, 2021 Begiristain Sariaren irabazlea: Mimo handiarekin egindako lana da, are gehiago nire ama-hizkuntzan idazteko aukera edukita
EntrevistasAurkeztu zure burua laburki.
Oihane Iñarra Arozena naiz, 26 urte ditut eta Hondarribikoa naiz. 2020ko ekainean Medikuntzako ikasketak amaitu eta 2021eko martxoan BAME azterketa egin ondoren, joan den uztailean Erradiodiagnostikoa espezialitatea hasi nuen Donostiako Unibertsitate Ospitalean.
- Zer suposatzen du sari honek?
Sari hau jasotzea oso berezia izan da niretzat. Egiten nuen mota honetako lehen lana izanik, hasiera batean lanaren erritmoa hartzea pittin bat kostatu bazitzaidan ere, mimo handiarekin egindako lana da, are gehiago nire ama-hizkuntzan idazteko aukera edukita. Osagaiz aldizkariak bezala euskaraz idatziriko zientzia-artikuluak argitaratzen dituzten argitalpenak egon badauden arren, txikia da gure hizkuntzak zientziaren munduan duen presentzia; hala, gure lanak kausa horren alde egindako ekarpenarengatik saria lortzea benetan pozteko arrazoia izan da niretzat.
- Medikuntza ikasketak espero zenuen bezalakoak izan al dira?
Egia esan ez dut gogoan zeintzuk ziren nire espektatibak karrera hasi nuen unean, ez dut uste non sartzen ari nintzen oso argi nuenik ere. Ikasketak amaitu nituenean faltan bota nuen gauzetako bat formakuntza praktikoa izan zen: nire iritziz (eta normala den bezala) teoria asko ikasten da, baina ondoren okasio gutxi edukitzen dira hau praktikan jartzeko, kontzeptu asko landu eta menperatzeko aukera galduz.
- Zelan doa zure BAME-ko lehen urtea?
Hilabete gutxi daramatzadan arren, oso gustora nago egia esan, bai espezialitatearekin eta baita lankide berri eta zerbitzuko gainontzeko egoiliarrekin ere. BAME azterketaren azken hilabeteetara arte ez nuen batere argi eduki zein espezialitatetan ikusten nuen neure burua, baina egindako aukeraketa nire izaerarekin nahiko bat datorrela esango nuke. Esan bezala, uztailean ekin nion etapa berri honi Erradiodiagnostikoaren munduan, eta oraindik egoera berrira eta guardien erritmora ohitzen ari banaiz ere, oraingoz behintzat ez naiz egindako hautuaz damutu. Polita da norbere aurrerapausoen jabe izatea, lehen diagnostiko zuzenak egitea eta zeure buruarengan pixkanaka konfiantza hartzen nola zoazen ikustea.