Retina Euskadi Begisarek kanpaina bat abian jarri du ikusmen murriztua duten pertsonak ikusgarri egiteko eta identifikatzen dituen bereizgarria zabaltzeko
Urriaren 13an Ikusmenaren Mundu Eguna ospatuko da eta horren harira ekimena burutuko da Retina Euskadi Begisare ikusmen desgaitasuna duten arabarren, bizkaitarren eta gipuzkoarren bilgunea da
IKUSMEN MURRIZTUA DUT bereizgarriaren erabilerak giza-harremanak errazten ditu eta ulergarritasun ezak sortzen dituen arazoak saihesten laguntzen du
Retina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkarteek bat egin dute, Retina Euskadi Begisare izenarekin, ikusmen murriztua duten gizon-emakumeak ikusgarri egiteko kanpaina baten bidez. Mezua hainbat euskarritan zabalduko eta xedea, zehatzago, gizarteari helaraztea desgaitasun hau dutenentzat ulertuak sentitzea berebiziko garrantzia duela. Halaber, ikusmen urritasuna izan arren, oraindik IKUSMEN MURRIZTUA DUT bereizgarria ez dutenei erabiltzearen abantailak erakutsi nahi zaizkie.
Pertsona batek ikusmen murriztua du baldin eta % 30 baino gutxiago ikusten badu. Ikusmen murriztua eragiten duten gaixotasuneko batzuk hauexek dira: endekapen-makularra, glaukoma, magna miopia, erretinopatia diabetikoa, aniridia, erretinosi pigmentarioa, erretinaren beste distrofia batzuk edo Leber-en neuropatia optikoa. Ikusmen narratsa, erdiguneko, ikusmen-periferiko nahiz ikus-eremuaren zati baten galera bezalako sintomak erakartzen dituzte. Arazo hauek ez dute sendabiderik. Estatu espainiarrean milioi bat pertsona baino gehiagok du egoera hau.
Ikusmen murriztua ez betaurreko ez tratamendu farmakologiko ezta ebakuntzarekin ere ezin zuzen daiteke eta hortaz, egunerokotasunak barnebiltzen dituen hainbat jardueren burutzea zaildu eta/edo erabat eragozten du. Biztanleen gehiengoak ikusmen murriztua duten pertsonen existentzia bera ez du ezagutzen. “Ezjakintasun hori dela-eta, ez gara ulertuak sentitzen; batik bat, sarri gertatzen den moduan, eragindako pertsonak itxuraz osasuntsuak diren begi eta begirada dituelako. Gutariko askok eguneroko zenbait jarduera burutzea ahalbidetzen digun ikusmen-hondarra izan arren, beste hainbat ekintzetarako laguntza edo makil txuria edota gida-txakurra behar izaten ditugu”.
Ikusmen Murriztua Dut bereizgarriak ikusmen desgaitasuna duten gizon-emakumeak identifikatzen eta, beraz, pairatzen duten ikusmen-galeraren ondorioz izan ditzaketen ezohiko portaeren interpretazio okerra ekiditen laguntzen du. Esate baterako, pertsona bera batzutan agurtzea eta bestetan ez, kalean albo batera ez egitea, polikiegi ibiltzea, estropezu egitea, haur, kale-argi, eserleku batekin tupust egitea, sarrera edota irteera ez topatzea edo besteentzako nabarmena den zerbait galdetzea.
Ikusmen murriztua ikusgarri egiten eta, hortaz, txapa edo besokoa daraman pertsona desgaitasuna duen gizon-emakume bezala identifikatzen duen bereizgarria bakarrik edo bastoi txuri baita gida-txakurrarekin batera ere erabil daiteke, pertsona hori guztiz itsua ez dela adieraziz, hots, gizon-emakume horrek ikusmen-hondar erabilgarria duela.
“EZ NAIZ IKUSEZINA” goiburuko kanpaina
IKUSMEN MURRIZTUA DUT bereizgarria Retinosis Gipuzkoa Begisarek 2013. urtean sortu zuen. Ordutik erabilera zabaldu da eta gaur egun Espainia osoan ezaguna den tresna dugu. Ezagutarazteko lan horretan giltzarri gertatu dira ikusmen desgaitasuna dutenen elkarteak zein oftalmologiaren, optikaren edo ikusmen errehabilitazioaren alorreko profesionalak.
“Kanpainaren bidez gizarteari bereizgarriaren esanahia azaldu nahi diogu, horrela gizartearen barne sentituko gara eta lasaiago aterako gara kalera, baztertuak izatearen beldurrik gabe. Erabiltzen dugunok ulertuagoak sentitzen gara, lehen haserreak edo gaizki-ulertuak sortzen ziren egoeretan. Zenbat eta pertsona gehiagok erabili, orduan eta ezagunagoa izango da sinboloa eta ondorioz, jende gehiagok ulertuko gaitu”. Retina Euskadi Begisarek balizko erabiltzaileak urratsa ematera animatu nahi ditugu, bereizgarria eramateak autonomia hobetu dezakeelako.
Guk geuk sortutako material grafikoan eta bideoetan bereizgarria irudi nagusia da, honako testuaz lagundurik:
“EZ NAIZ IKUSEZINA eta sinbolo honi esker ezagutuko nauzu”
Materiala hiru lurraldeetako kaleko eta garraiobide publikoetako euskarrietan jarriko da urriaren 11etik 17ra bitarteko astean. Halaber, Retina Bizkaia Begisarek urriaren 13an Basurtu, Galdakao eta Gurutzetako ospitaleetan informazio-mahaiak ipiniko ditu. Hitzaldi bat ere antolatu du, erretinako distrofien ikerkuntzaren egungo egoerari eta pazienteen erregistroari buruzkoa, hilaren 13an, Bizkaiko Medikuen Elkargoan, 18:00etan, MIR 1 eta 2 aretoetan (sarrera doan). Azkenik, egun horretan, 20:00etan, San Mames estadioa berdez argituko dute eta, aldi berean, bereizgarriaren bideo bat Pozas kalera ematen duen kanpo aldeko pantailan proiektatuko dute.
Bereizgarririk erabiliena txapa bat da, IKUSMEN MURRIZTUA DUT esaldia daramana. Zenbait hizkuntzatan eskuragarri dago www.tengobajavision webgunean eta 605 771268 zenbakira deituta.