Medikuen Ahotsa

Preserbatiboa da sexu bidezko transmisioa duten gaixotasunak ekiditeko aukera ematen digun antisorgailu bakarra

Entrevistas

COMGI Fundazioak kontrazepzioan eguneratzeko ikastaroa antolatu du hile honetan. Otsailaren 15ean izango da, arratsaldez, 15:45 - 20:00 bitartean Elkargoko aretoan (informazioa hemen). Ikastaroa eskainiko duen hizlarietako batekin hitz egin dugu: Lorea Ugarte, ginekologoa Debabarreneko ESIan.

Zer birpasatuko duzue ikastaroan?

Eskuragarri ditugun antisorgailu guztien birpaso bat egin nahi dugu, beraien onurak eta efektu desiragarriak gogoraraziz. Gaur egungo aukerak anitzak dira eta erabiltzailea informatuta egon behar da, jakin behar du pildora mota desberdin asko daudela edota pildora klasikoaz aparte, badaudela beste erabilera erosoagoa daukaten metodoak: partxea, baginako eraztuna, inplantea eta DIUa, esaterako. Gainera azken bi horien eraginkortasuna azpimarratu behar da, tronpen etetearen eraginkortasunarekin alderatu baitaiteke.

Bestalde, antisorgailuen inguruko mitoak alde batera uzten saiatuko gara,  denok baitakigu DIUa umerik eduki ez duen emakumearentzat antisorgailu guztiz egokia izan daitekeela adibidez, eta horrela sinesmen faltsuak alde batera utziko ditugu.

Osasun langileak nola lagundu diezaioke erabiltzaileari metodo antikontzeptibo onena hautatzen?

Lehen pausoa gaiaren inguruan eguneratuta egotea da, eta bestetik, erabiltzailearen ezaugarriak eta nahiak ezagutzea da. Antisorgailuen inguruan beti esaten dugu ez ditugula pazienteak, erabiltzaileak baizik, eta bere antisorgailu hoberena berari erosoena iruditzen zaion metodoa izango dela (ezaugarri pertsonalak kontutan hartuta). Gaur egun existitzen diren metodo guztiak eraginkortasun handikoak dira eta bata edo bestearen aukera erabiltzailearen nahietan eta erosotasunean oinarritzen da batez ere.

Zein kasutan ez dira gomendatzen antisorgailuak?

Badaude kasu zehatzak zeinetan antisorgailu mota batzuk ezin diren hartu, esaterako, konbinatuak deritzogunak (estrogeno eta gestagenoa dutenak): adibidez tronbosi aurrekariak daudenean edo erretzaileak diren emakumeetan. Alde ona da beste hainbat aukera ditugula, hormonarik gabekoak (DIUa esaterako) edo gestagenoa soilik daramaten pildora zein dispositiboak. Horiek seguruak izan daitezke emakume horientzat. Beraz, ia-ia beti dago gomendatu daitekeen antisorgailu bat. Gainera, ez dugu preserbatiboa ahaztu behar: antisorgailu seguru eta efektu desira gaitzik gabekoa da, eta, gainera, sexu bidezko transmisioa duten gaixotasunak ekiditeko aukera ematen digun antisorgailu bakarra.

Antisorgailuen arriskuak nahiko ematen al dira ezagutzera?

Esan daiteke antisorgailuak orokorrean seguruak direla, arrisku txikikoak. Izan ere, ezaugarri konkretuak edo arrisku faktoreak dauzkaten emakumeak identifikatzea da gure helburua; horrela, emakume hauentzako antisorgailu gomendio egokia egin eta arrisku gutxieneko metodoa aukera dezakete. Bestetik, arriskuak gutxitzeko erabiltzaileak egin ditzakeen bizimodu aldaketak gogorarazi behar ditugu: pisua galdu, erretzeari utzi... Azken finean, bizimodu osasuntsu bat sustatu.

Haurdunaldiaren borondatezko etenduraren (HBE) legezko gaur egungo egoera ere errepasatuko duzue. Zein zalantza egon daitezke osasun langileen artean?

Batzuetan ez da erreza HBEaren inguruan dauden legearen aldaketekin eguneratuta egotea, eta hortaz hitz egingo digu Eduardo Lopez Arregi sendagileak. Azken aldaketak 2023ko martxoan sartu ziren; horien arabera 16 urtetik gorako edozein emakumeek haurdunaldia eten dezake bere gurasoen kontsentimendu edo informaziorik gabe. Bestetik, gogorarazi behar dugu etendura hau 14 astera arte egin daitekeela emakumearen nahia bada, bestelako komiterik pasa gabe. Halaber,  legeak dio HBEaren inguruko informazioa eta emakumearen bideratzea prozesu urgentea bezala kudeatu behar dugula, emakumeak ahalik eta lasterren eta legezko asteak igaro aurretik bere desioa lor dezan.

Ba al dago hutsunerik (ala hobetu beharrekoak) osasun sisteman kontrazepzioari dagokionean? Zein direla uste duzu?

Nik uste dut bide onetik goazela, emakumeari erraztasunak jartzen dizkiogula gustuko antisorgailu bat eduki dezan. Hala ere, oraindik badaude hobetzeko arloak. Esaterako, hainbat metodo (DIU hormonalak, inplanteak) lortzeko barrera ekonomikoa desagerraraztea. Hainbat herrialdeetan, esaterako, Nafarroan edo Errioxan esaterako, osasun sistemak finantziatzen ditu metodo hauek eta gure herrialdean, aldiz, emakume bakoitzak eskuratu eta ordaindu behar ditu. Horretan lanean daude OSI desberdinetako Zerbitzu Buruak eta Euskal Antisorgailu Elkarteko kideak eta espero dugu berehala aurrerapausoak lortzea. Hala, emakumeak muga ekonomikorik gabeko aukera zabala edukiko du bere metodoa aukeratzeko eta, gainera, badirudi aldaketa hau Euskal Herriko HBEak murrizteko gakoa izan daitekeela.

Antisorgailuak emakumeen gaia izaten jarraitzen dute?

Ba pena bat da, baino nik esango nuke oraindik baietz. Egia da preserbatiboa daukagula (gehien erabiltzen den antisorgailua) baina eskuragarri ditugun beste antisorgailu guztiek emakumearen borondatea beharrezkoa dute. Badaude zenbait ikerketa gizonezko antisorgailuen inguruan… baina oraindik ez dira eskuragarriak.