Osasun langileei euskaraz aritzeko konfiantza falta zaigu
EntrevistasUrte berriarekin batera, gure euskara fintzeko aukera emango du Elkargoak, Jabier Agirre mediku eta itzultzailearen eskutik. Izan ohi ditugun zalantzak argitu, akats arruntenak nola saihesten ikasi eta osasun esparruan lan egiten dugunean segurtasun gehiagoz aritzeko tresnak emango dizkigu. Hilean behin izango da, saio labur eta praktikoak, ostegunetan, eta Elkargora etorriz ala etxetik jarraitu ahal izango duzu ikastaroa. Animatzen zara?
- Jabier. Zein da ikastaro honen helburua? Zergatik antolatu da?
Euskararen alderdi teknikoa indartzea eta euskaraz lan egiteko segurtasuna irabaztea da ikastaroak lortarazi nahi duena. Izan ere, osasun esparruan lan egiten duen profesionalak, nahiz eta euskaraz jakin, zailtasunak topatzen ditu maiz bere eguneroko lana euskaraz egiteko, agian gai teknikoak menderatzen ez dituelako, ohiturarik ez duelako, garai batean ikasketak gaztelaniaz egin zituelako…
Ikastaro honetan, berez euskalduna den eta gaitasuna baduen pertsona horri laguntza pixkat emango diogu: tresnak, trukoak… lanean ere bai ahoz bai idatziz euskaraz segurtasunez egin dezan.
Jende askori iruditzen zaio euskara oso zaila dela gauza batzuetarako, esaterako, lan esparrurako. Ez da egia! Euskaldunak beti moldatu izan dira, historikoki, esparru desberdinetan euskaraz lan egiteko; dela industrian, dela arrantzan, dela merkataritzan…
- Zer ikasiko dugu?
Batetik, euskararen alfabetatze teknikoarekin lotutako gaiak daude: gramatika, Euskaltzaindiaren legeak… Hori guztia modu labur eta praktikoan ikusiko dugu eta gure hizkuntzaren muina ulertzen lagunduko digu. Bestalde, gure hizkuntzan egiten diren akats arruntenak ere aztertuko ditugu; ez baita gauza bera behi-esnea esatea ala esne—behia. Halako ariketen bitartez entrenatuko gara! Azkenik, bestalde gure eskura dauden tresna, hiztegi eta baliabideak ere ikusi eta aztertuko ditugu, ohitu gaitezen horiek gertu izaten gure lana errazago egiteko.
Gure euskararen ezagutza teknikoa pixka bat hobetzearekin askoz ere erabilera erosoagoa egingo dugu.
- Praktikotasun handikoa izango da. Zergatik?
Osasun langilegoari zuzenduta dagoen heinean, eduki guztia moldatua dago osasun langileek bizi dituzten egoeretara: osasunarekin lotutako hiztegia ikusiko dugu, kontsulta batean gertatzen diren egoerak jarriko ditugu adibide gisa, gaixoekin elkarrizketak, txostenak nola idatzi… Entrenamendu baten antzekoa izango da; dagoeneko dakigunari etekina atera, akatsak saihestuz eta gure euskara maila finduz.
- Euskaldunok konplexu handia al dugu euskaraz aritzeko? Zer dela eta?
Bai. Zuzentasunaren aldetik segurtasun falta handia dago; hanka sartzeko beldur handia du euskaldunak, ea ez ote den zuzena izango esango dudana… eta esaldi hau ez den egoki idatzita egongo… Eta, azkenean, euskaraz bizi den sendagile edo erizain hori ere, maiz, hizkuntza lanetik kanpo uzten du, seguruago sentitzen delako gaztelaniaz burutzeko lanarekin loturiko prozesuak, zereginak, elkarrizketak… Baina esango nuke horiek denak gai direla euskaraz ere lan berbera egiteko, entrenamendu pixka batekin.
- Zein da euskararen osasuna gaur egun?
Erdipurdikoa! Ez dago, garai batean egon zen bezala, zainketa intentsiboko unitateetan; baina oraindik ere plantan dugu euskara, altarik ez du lortu tamalez. Asko hobetu dugu, esaterako, aukeren eta baliabideen aldetik – baditugu hiztegiak, gidaliburuak, itzultzaileak…- baina oraindik ere trabak daude euskarak behar duen osasun maila lortzeko. Lan esparruan, esango nuke
Osakidetzak ez du jakin edo ez du asmatu euskarari behar lukeen lehentasuna ematen eta oraindik ere traba nabariak daude txosten klinikoak euskaraz osatzeko, alta txostenak euskaraz idazteko… Gauza askotan aurrera egin dugun arren, ez dago, oraindik ere, osasun kate edo zirkuitu erabat euskaldunik.
Ikastarora esteka: https://www.comgi.eus/eu_formacion.aspx
Jabier Agirre mediku eta itzultzaileak gure euskara fintzeko ikastaroa emango du 2025ean