Medikuen Ahotsa

Oraindik badirudi kosta egiten dela STI eta sexuaz hitz egitea

Entrevistas

Azken 10 urteetan Madrilen egon da lanean Oskar Ayerdi sendagilea, Sandoval Osasun Zentroan, sexu bidez transmititzen diren infekzioetan (STI) lana egiten duen erreferentziazko unitatea. Aurreko urtean, aldiz. Bilboko Bombero Etxaniz Zentroan hasi zen, Basurtoko Unibertsitate Ospitalean, non STI unitatea dagoen. Azken hilabeteetan, Osakidetzako Hiesaren Plana eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Arduradun izendatu dute eta Donostiako STI kontsultarekin partekatzen du bere aktibitatea.

  • Azaroan hitzaldia emango duzu Elkargoan Klamidia, gonorrea eta sifilis infekzioen gorakada izenburupean. Arazo baten aurrean gaude?

Bai, osasun publikoko arazoa kontsideratzen da eta areagotzen ari dena, izan ere, azken urteetan STI diagnostikoak bereziki igo dira.

Gogoan dugu iraganean GIB-aren inguruan egoera larria bizi izan zela. Orain beste egoera ezberdin batean gaude, baina STI-ei dagokienez erronka berriak ditugu.

  • Euskadi mailako argazkia paretsua al da Estatu mailakoarekin edota Europakoarekin?

Orokorrean, Euskadin dugun argazkia Estatu mailarekiko antzekoa dela esango genuke, bai, nahiz eta komunitateen artean desberdintasunak egon. Madrilen eta Katalunian adierazten dira STI datu altuenak, eta Euskadi atzetik doa.

Europako datuak aztertzen baditugu, desberdintasunak aurkitu daitezke estatuen artean baina joerak antzekoak dira, klamidia, gonorrea eta sifilis kasuak goruntz doaz.

  • Zein da dira intzidentzia datuak eta ba al dago gaixo profil zehatz bat?

Euskadiko Informazio Mikrobiologikoko Sistemaren datuetan oinarrituta, 2024 urtean, ondoko datu hauek adierazi ziren:

  • Klamidia tasa 133,79 kasu/100.000 biztanleko,  2954 diagnostiko.
  • Gonorrea tasa 84,28 kasu/100.000 biztanleko,  1861 diagnostiko.
  • Sifilis tasa 22,29 kasu/100.000 biztanleko, 490 diagnostiko.

Urteetik urtera diagnostiko kopurua igotzen joan da eta orokorrean esan genezake Euskadin intzidentzia bikoiztu egin dela azken bost urte hauetan.

Profilari buruz, Klamidia emakume eta gizonezkoetan aurkitzen da, baina gonorrea eta bereziki sifilisa gizonezkoetan diagnostikatzen da batez ere. Orokorrean, diagnostiko gehienak 20 eta 35 urte bitarteko pertsonen artean egiten dira. Datuek diotenez, klamidia eta gonorrearen igoera bereziki gazteengan ematen ari da, 20 eta 24 urte bitartean.

  • Zer dela eta bizitzen ari gara igoera hau?

Ez dago arrazoi bat, ziurrenik hainbat faktoreek dute zer ikusia. Azken urteetan aurrerapauso handiak eman dira medikuntzan GIB-aren inguruan: tratamendu antirretrobiral efektiboak, GIB-aren aurkako profilaxiak… aurrerapauso hauek oso onuragarriak izan dira infekzio hau tratatu eta ekiditeko. Honek desiotako lasaitasuna ekarri du baina, agian, preserbatiboaren erabileraren eragina izan du. Baina ez da arrazoi bakarra: nahigabeko haurdunaldia ekiditeko medikamentu edo aukerak, mugikorretako aplikazio teknologikoak sexu kontaktuak izateko, droga berrien erabilera sexu harremanak izateko… errealitate guzti hauek zer ikusia izan dezakete preserbatiboaren erabileran eta sexu harremanak izateko moduan. Momentu honetan, hainbat faktore daude beraz eta elkarlotuak gainera, non laguntzen diguten ulertzen zergatik egon daitezkeen STI datu altuak.

  • Sendagileok zein aukera ditugu diagnostikoa lehen bait lehen egiteko?

Lehen pausoa susmoa izatea da, horren baitan frogak egin ahal izateko.Alde batetik STI-ak ze sintoma ematen dituzten jakitea oso lagungarria da lehen bait lehen diagnostikoa egiteko. Baina beste aldetik, kontuan izan behar da, STI asko eta asko inongo sintomarik gabe izan daitezkeela. Beraz, susmo epidemiologia funtsezkoa da.

  • Zein uste duzu dela prebentzioan lan egiteko era egokiena? Nondik hasi?

Hasiera, medikuntzako beste arlo askotan bezala, elkarrizketa egoki bat egitea da. Sexu harremanen inguruan dauden baldintzei buruzko galderak egin behar dira. Modu honetan STI-ak izateko arriskua neurtu ahal izango da eta honen arabera estrategia prebentibo bat edo beste proposatu.

Gaur egun, estrategia prebentiboak anitzak dira eta pertsona bakoitzaren beharren arabera bat edo beste, edo denak, gomendatuko dira. Beraz, garrantzitsua da ezagutzea zein baliabide prebentibo ditugun eskura eta adi mantendu, izan ere berrikuntza asko ematen ari dira arloa honetan.

  • Sendagileon artean ere, ba al dago zer hobetu zentzu honetan?

Aurrerapauso handiak eman dira zentzu honetan, orain lehen baino askoz STI-ko froga gehiago egiten dira. Hau ere arrazoietako bat da, STI-en gorakada azaltzeko.

Hala ere, badago hobekuntzarako aukera. Adibidez, oraindik badirudi kosta egiten dela STI eta sexuaz hitz egitea, bai sendagileentzat eta baita pazienteentzat ere. Garrantzitsua da elkarrizketa egiteko garaian konfiantzako giro bat sortzea, prejuiziorik gabeko galderak egiten eta aukera ematea, beldurrik gabe, bakoitzak bere zalantzak argitzeko.