Medikuen Ahotsa

Astean ordubeteko tartea duzu eta euskara badakizu? Eman izena Mintzaneten!

Entrevistas

Cristina Tapia eta Ainara Loiarte Mintzanet proiektuaren koordinatzaileak dira. Egitasmoaren helburua euskararen erabilera sustatzea da, hori bai, Internet bidez. Euskaraz ongi dakiten pertsonak eta hizkuntza maila hobetu nahi dutenak elkartzen dituzte elkarrizketa birtualak izan ditzaten. Ez dago helburu didaktikorik, soltura irabaztea eta lotsa kentzea dira xedeak. 2013an abiatu zen proiektua eta iaz Osakidetzako langileen artean zabaltzen hasi zen. Erakunde honek egindako apustuari esker, bertako langileek, medikuak baita ere, euren euskara hobetzeko eta praktikatzen laguntzeko aukera dute. Proiektua hobeto ezagutu nahi izan dugu.  

Zer da Mintzanet eta zergatik sortu zen?

Euskara on line praktikatzeko aukera ematen duen plataforma da Mintzanet. 2013an jarri zen martxan eta bere helburu nagusia euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsona orori etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua ematea da. Ordura arte baziren aurrez aurre euskaraz aritzeko ekimenak, baina teknologiek beste aukera hau ere ematen zutela ikusi genuen: alegia, ordenagailu, tablet edota telefonoa baliatuta edozein lekutatik euskara praktikatzekoa.

Zertan datza?

Proiektuak bi zutabe ditu: bidelaguna eta bidelaria. Bidelaria euskara praktikatu nahi duen pertsona da eta bidelaguna horretan lagunduko dion boluntarioa. Bien artean elkarrizketa birtuala egiteko hitzordua jarriko dute, nahi duten euskarria (tablet, mugikorra, ordenagailua…) eta teknologia erabilita (Skype, Google HangOuts, WhatsApp VideoCall). Nahi dutenari buruz hitz egingo dute, solasaldiak ez baitu asmo didaktikorik: lotsa kentzea eta soltura irabaztea da asmoa. Hala ere, webgunean hainbat gai proposatzen zaizkie, erabili nahi izanez gero hor daudenak.

Nola osatzen dira bikote horiek?

Erabiltzaileak galdetegi bat betetzen du. Bertan, bere euskara maila, nahi duen maiztasuna, nahiago duen ordutegia (kontuan izanik sendagileek txandak egiten dituztela)… jakinarazten dizkigu eta horrek bikoteak egiteko lehen pista ematen digu. Baina badira beste faktore batzuk ere, adibidez, bere lanbidea. Izan ere, sendagileen kasuan interesgarria izan daiteke bai bidelaguna eta bai bidelaria espezialitate berekoak izatea, honek lagundu egingo baitio bidelariari testuinguru zehatz bateko solasaldia praktikatzen edota terminologia zehatz bat barneratzen.

Osakidetzak lehengo urtean abiatu zuen proiektua osasun langileen artean. Zein izan da erantzuna?

Pasa den urtean egin zen probako esperientzian 5 bikotek parte hartu zuten eta ongi baloratu zuten esperientzia. Erosoa iruditu zitzaien euskara praktikatzeko modu hau eta bidelariek euren helburuak bete zituztela adierazi zuten: konfiantza hartzea eta euren ahozko komunikazioa hobetzea. Hori ikusirik, Osakidetzak Mintzanet sustatzen jarraitzea erabaki zuen eta urtarrilean hasi da horretan. Dagoeneko euskara praktikatu nahi duen jende gehiagok eman du izena.

Boluntarioak falta dira, beraz?

Bai. Mintzaneten erronka nagusia hori da: bi pertsonen arteko elkarrizketa izanik, bidelari adina bidelagun behar ditugu. Ez ditugu irakasleak behar, euskaraz hizketan egin nahi dutenak baizik, praktikatzeko prest daudenei tarte bat eskaintzeko. Besterik ez.

Nola animatuko zenituzkete medikuak bidelagun izatera?

Euren euskara-maila hobetu nahi duten osasun langileak ditugu zerrenda batean, bidelagun zain. Animatzeko arrazoi bat horixe da, dudarik gabe. Euskaraz lan egin nahi duen jendeari laguntzeko proiektu aproposa da eta, gainera euskaldunen arteko elkar ezagutza sendotzen da. Oso esperientzia positiboa da bai bidelagunarentzat bai bidelariarentzat.

Informazio gehiago: info@mintzanet.net

Osakidetzako langileen gunea: (http://osakidetza.mintzanet.net/

*Mintzanetek Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza jasotzen du eta maramara* taldeak kudeatzen du.

Temas:
euskara


Artículos relacionados