OEE: Mende laurdena osasun-arloa euskaldundu nahian
ReportajesErakundearen presidente Karlos Ibargurenek dio gure lurraldean euskaraz hitz egiteak “obligazio bat” izan beharko lukeela osasun-alorrean lan egiteko
25 urte igaro dira sendagile euskaldunen talde batek Euskal Herriko osasun-administrazioetan euskarak zuen egoerarekin kezkatuta lantalde bat sortu zuenetik. Eta bilera horietatik jaio zen gaur ezagutzen dugun Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE). Gaur egun ez dute soilik medikuek osatzen. Erizainak, administrariak eta osasun-alorrean lan egiten duten edo partaidetza duten profesional mordo batek ere parte hartzen dute proiektu honetan. Antolakundearen presidente Karlos Ibargurenek dioenez, talde honen helburua argi dago: “osasun-arloko erakunde eta administrazio guztietan euskararen erabileraren normalizazioa lortzea”. Bere web-orrian erakundeak zehazten duenez, euskararen erabilera sustatzea, euskararen erabilera bultzatu eta indartzea osasun-arloko profesionalen artean, eta osasunari buruzko euskaraz idatzitako aldizkari eta argitalpenen sorrera sustatzea lirateke helburu horiek.
Egoera guztiz aldatu da 25 urte hauetan, baina batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan. Hasiera batean EAEko hiru lurralde historikoetako profesionalak hartu zituen barne erakunde honek, baina gaur egun Nafarroako eta Iparraldeko osasun-langileek ere parte hartzen dute. Azken urteotan Osakidetzan martxan jarri den Euskara Plana urrats garrantzitsu bat omen da OEEk urte hauetan zehar egindako lanean. “Baina ez da nahikoa. Ez da betetzen betebehar litzatekeen neurrian”, kexu da Ibarguren, gaur egun Donostia U. Ospitaleko larrialdietako taldean dabilen sendagilea. Ondo daki, bera buru duen erakundeak plan honen jarraipena egiten baitu. Euskal Herriko Unibertsitatearekin ere harremana dauka osasun arloa euskalduntzeko erakunde honek, eta horregatik bere presidenteak Medikuntzan euskara alorrean ematen ari diren “atzerapausoak” azpimarratu nahi ditu. “Estatu espainoleko edozein etorri daiteke EHUra Medikuntza ikastera. Hauek erdara aukeratzen dute eta euskaraz ikasi nahi duten askok, nota baxuagoa izateagatik, kanpora atera behar izaten dute beren ikasketak egitera”, azaltzen du.
Lehen esan bezala, Euskal Autonomia Erkidegoa da, edozein kasutan, euskarak osasun-administrazioan egoerarik onena duen lurraldea. Hala ere, Ibargurenen ustez pauso asko eman behar dira oraindik ere eremu horretan ere normalizazioa lortzeko. “Egia da ezin dela egun batetik bestera errealitatea aldatu, eta zailtasunak ulertzen ditugu. Baina plangintza serio bat behar dugu gaur egun osasun eremuan euskararen egoera konpondu ahal izateko”, adierazten du.
OEEko presidenteak nabarmendu nahi du “edozein gaixok osasun-arreta bere hizkuntzan jasotzeko eskubidea” daukala. “Hizkuntzak segurtasun klinikoarekin ere dauka harremana, eta kode deontologikoan azpimarratzen da arretaren kalitatean gaixoaren hizkuntza erabiltzeak daukan eragina”. Horregatik guztiagatik Ibargurenek uste du “medikuek ulertu behar dutela euskara meritu bat izan daitekeela adibidez Benidormen, hor bizi diren euskaldunei arreta emateko. Baina gure lurraldean obligazio bat izan beharko luke gutxienez administrazioan lan egiteko”.
Medikuntza intentsiboko profesional honek dio “eskubideak” direla “jokoan daudenak”. Eta bere proposamena euskararen normalizaziorako “epeak adostea, plangintza bat egitea eta egutegia prestatzea” lirateke. Bide horretan jarraitzeko garrantzitsua deritzo bere erakundean jende gazteak parte hartzeari. “Oso inportantea da euskara normaltasunez hitz egiten dugun profesionalek elkar ezagutzeko aukera izatea eta gure helburuarekin jarraitzea”. Horregatik Gipuzkoan Elkargokide diren mediku guztiak animatu nahi ditu haiengana inguratu daitezen. OEEn sartzeko erakundearen webgunea kontsulta daiteke. Eta kide bihurtzeko urtean 30 euroko kuota ordaindu behar izango dute interesa dutenek.
OEEko kide izateak abantaila batzuk baditu: urtero egiten diren jardunaldietan deskontua izatea, ikastaroak jasotzeko aukera gehiago edukitzea, eta, urteroko zozketan parte hartzeko aukera (euskarazko liburuen sorta bat, asteburu bat nekazalturismo batean…).
Elkarteak 360 bazkide inguru dauzka une honetan eta ezaguna da, batik bat, urtero antolatzen dituen jardunaldiengatik. Horietan hainbat ekintza burutzen dira: hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak, poster-erakusketak… Orain arte 22 jardunaldi edo biltzar egin dira eta, horiei esker, material asko sortu ditu osasun arloaren lanean euskaraz jarduteko. Biltzarrez gain elkarteak ekimen gehiago bultzatzen ditu. Esaterako, bi urterik behin Agote saria antolatzen du, osasunarekin lotutako hainbat ikasgaitan euskarazko testuen sormena eta argitalpena bultzatzeko, edo bertso-saio klinikoak, modu ludikoan pazienteen historia klinikoak aztertzeko.
Temas:
euskara