Medikuen Ahotsa

Ikerketa sanitarioa

Editoriales

Medikuntza gaur den bezalakoa bada, ikerketa sanitarioari esker gertatu da hori. Azken hamarkadetan gizakioi gure bizi-itxaropena handitzeko modua eman diguten aurrerapenak ikerketa sanitarioaren eskutik etorri dira. Eta mediku bezala burututako gure lan asistentzialean egindako ibilbide luze nahiz laburrean guztiok sumatu izan ditugun erraztasunak ere, neurri handi batean, ikerketa sanitarioari esker lortu ahal izan ditugu.

Manuel Garcia Bengoechea, Elkargoko presidentea

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak ikerketa sanitario hori gure lurraldean sustatzen eta elkargokideen aurrean baloratzen eta aldarrikatzen lagundu nahi luke, bere ahalbideen barruan. Eta gure kolektiboaren barruan Elkargoko Fundazioari dagokio egiteko hori. Fundazioaren Estatutuetako sorburuko helburuen artean jasota dago, hain zuzen ere, “ikerketa medikoaren sustapena”. Testu horretan bertan ezartzen da, era berean, Fundazioak “azterketa eta ikerketako lanak sustatuko dituela berebat, laguntza ekonomiko, material eta azpiegiturakoen bitartez”.

 Azken hilabeteotan ekimen desberdinak jarri dira martxan Estatutuetan xedatutako agindu horiek betetzeko asmoarekin. Abenduan, esate baterako, ospitaleen, zentro teknologikoen eta profesional sanitarioen arteko lotura egiteko tresna nagusia den BioDonostia Instituarekin hitzarmen bat sinatu zen, gure lurraldean ikerketa sanitarioa indartu eta sustatzeko. Eta akordio horri esker, Elkargoko Fundazioak laguntza ekonomiko batzuk emango dizkie Gipuzkoan izena emanda dauden elkargokideei, Institutuan sor daitezkeen ikerketako proiektuak martxan jartzeko.

 Iazko urte-amaieran jarri ziren abian Fundazioak ematen dituen sari desberdinen deialdiak, xede edo helburu bera lortzeko asmoz. Sari horien artean nabarmentzeko modukoak dira Gipuzkoan kolegiatuak dauden medikuek argitaratutako artikulu zientifikorik onenak edo doktoretzako tesirik onenak aitortzeko sortutakoak. Datozen asteetan emango dira ezagutzera sari horietako aurreneko edizioen irabazle aterako direnen izenak, eta Elkargoak bihotz-bihotzez eskertu nahi luke lerro hauetatik parte-hartzaile guztien ekarpena.

 Ikerketa sanitarioari dagokionez gure lurraldeak dituen aukerak erakutsi nahi lituzke Medikuen Ahotsa – Gipuzkoa Médica aldizkariaren ale berri honek. Bertan Biodonostiari buruzko erreportaje zabala eskaintzen da, Institutu horrek medikuei bere lan asistentzialean zer-nolako laguntza eman diezaiekeen agerian jartzen duena. Eta erreportaje horrekin batera, iktus bat jasan duten pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko egindako ikerketengatik Alemanian saritua izan den Ander Ramos ingeniariari egindako elkarrizketa ere nabarmenduko genuke. Ikertzaile gazteak medikuen eta beste diziplina eta arlo batzuetako ikertzaileen arteko lan bateratuaren premia azpimarratzen du elkarrizketan.

Manuel Garcia Bengoechea, Elkargoko presidentea

Artículos relacionados