Medikuen Ahotsa

Infartua emakumeengan: profesionalok present izan behar dugu eta diagnosia azkartu

Entrevistas

Miren Telleria kardiologo interbentzionista da Donostiako Ospitale Unibertsitarioan, baita Gipuzkoako Poliklinikan ere. Bihotzez Sareko kide ere bada, bihotzekoak edo miokardioko infartu akutuak (MIA) behar bezala artatzea helburu duen sarea. Emakumeen infartuaz gehiago jakin nahi izan dugu berarekin.

Elkarrizketaren laburpena:

Zein da infartuaren egungo argazkia?

Heriotza kausen artean, EAEn eta Gipuzkoan, bihotz hodietako gaixotasunak gizonengan bigarren heriotza kausa dira eta lehena emakumeen artean. Bihotz-hodietako gaixotasunen artean kokatzen da infartu akutua edo bihotzekoa.

Emakumeen lehen heriotza kausa izateko, ez al da oraindik ere ezezaguna?

Bai. Historikoki gizonezkoarekin lotu izan ditugu bihotz-hodietako gaixotasunak: bai profesionalok eta baita gaixoek ere. Adibidea garbia da: zure aitak bularrean estutasuna badu segituan lotuko zenuke bihotzekoarekin, eta 112ra deitu. Zure ama balitz ziur aski ez zenuke berdin jokatuko. Datuak, aldiz, garbiak dira: 2012 urtetik hona, Bihotzez lan-taldeak erkidegoan jazotako STa igota duten infartu akutu guztiak jaso eta aztertu ditu. Ikusi duguna zera da: urtea hauetan zehar bihotzekoa jasaten dutenen artean emakumeen portzentajea %30 izatera iritsi dela.

Desberdina al da infartua emakume eta gizonengan?

Gizonezkoarekin alderatuta emakumeen batezbesteko adina 10 urte zaharrago da (71,6 vs 61,8 urte). Arrisku faktoreei dagokienez ere badira aldeak emakumezkoen eta gizonezkoen artean: adibidez, hipertentsio portzentajea altuagoa da emakumeen artean (%64 vs %49,4); erretzaileak, aldiz, gehiago dira gizonezkoengan (%25 vs %39,6).

Zer gertatzen da tratamenduari dagokionean?

Emakumezkoek atzerapen handiago dute sintomak hasi eta arteria zabaltzerainoko doan denbora tarte horretan: 47 minutukoa izatera iristen da. Denbora horren atzean bi kausa daude: bata, gaixoari dagokiona (alegia, sintomak nabaritu eta osasun zerbitzuarekin harremanetan jartzen den arteko denbora) eta sistemari dagokiona. Infartu akutua jasaten ari diren emakumezkoek bataz beste 30 minutu beranduago jotzen dute medikutara (108 vs 77 min). Behin osasun sistemarekin harremanetan jarri ondoren, 12 minutu gehitzen zaizkio atzerapen horri. Lehen arreta jasotzen duen puntutik arteria zabaldu arteko denbora 77 minutukoa da gizonezkoengan eta 108koa emakumezkoengan.

Zein ondorio ditu atzerapen horrek?

Infartuetan ondorioak larriagoak izango dira arteria zabaltzerako tartea zenbat eta luzeagoa izan. Aipatutako atzerapenak ez dira hemen bakarrik gertatzen, mundu mailako kontu bat da. Circulation aldizkariak urtero ale bat eskaintzen dio gai honi. Aurtengo alean zera irakur daiteke:

  1. Emakumeek ez dutela laguntza lehenago eskatzen histerikatzat hartuko dituztelakoan.
  2. Nahiz eta sintomak antzekoak izan, jasotzen duten arreta ez dela berdina. VIRGO ikerketaren arabera, emakumezkoen %87ak eta gizonezkoen %89ak bularreko minaren sintoma antzeman zuten.  Artatu zituzten medikuek  bihotzekoa izan zitekeela pentsatu zuten gizonekoen % 77an, baina emakumezkoen %47an.

Zer egin behar dugu datu horiek hobetzeko?

Kontzientziazioan lan egin behar da, bai profesionalen artean bai gaixoen artean. Ezagutza eta kontzientziazio hori areagotzea da diagnosia eta tratamendua hobetzeko lehen urratsa. Bihotzez-en ikusi dugu urte hauetan asko hobetu dela emakumeen tratamendua baina oraindik bada zer egin.  Gaixoa emakumezkoa zein gizonezkoa izan, egin beharrekoa artatzen dugun momentuaren araberakoa izango da. Nik, behin arteria zabalduta, bi kontu azpimarratzen dizkiet: inoiz berriro holakorik nabarituz gero, lehenbailehen 112ra deitzeko esaten diet eta arrisku faktoreei gogoz aurre egiteko, erretzeari bai ala bai uzteko.

***

Lotura interesgarriak:

Artikulu zientifikoa: Miokardioko infartu akutuen maneiua Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) sexuaren arabera, bihotzez sarearen eragina. Osagaiz Aldizkaria. Irakur hemen

Miren Telleria, kardiologo interbentzionista

Artículos relacionados