Medikuen Ahotsa

Covid-19a artatzeak dakartzan arrisku psikologikoak: Laguntza Psikologikorako Programako arduradunei galdetu diegu

Entrevistas
Accede a la entrevista en castellano

Gipuzkoako Medikuen Elkargoak Koronabirusaren Krisirako Laguntza Psikologikorako Programa (PAPCC) jarri zuen martxan duela aste batzuk. Hurrengo elkarrizketan programaren arduradunekin hitz egin du, Getaria 20 Psikiatria eta Psikologia Klinikoko Zentroko profesionalekin, eta  kolektibo medikoak plano emozionalean dituen arriskuez eta adi egon beharreko seinaleez sakondu dugu, baita osasun-krisi honek sortutako karga mentala eta fisikoa kudeatzeko tresnez ere.

 

Ia bi hilabete dira EAEn lehen positiboa eman zenetik. Egoera astero aldatzen da, egunero ez bada. Nola egon daitezke medikuen animoak aste hauen ondoren, zalantzaz beteriko etorkizun baten aurrean?

Tentsio eta lan-gainkarga handia jasaten ari dira, eta, horrez gainera, egunero egin behar diote aurre kontrako egoera ezezagun bati, orain arte ezezagunak ziren erikortasun- eta hilkortasun-dimentsioak dituen birus bati eta horren hedapenari; indarrak egunero berreskuratzen saiatu, eta etengabe aldatzen ari den egoera batera egokitu behar dute. Gainera, eguneroko esperientziatik eta ikaskuntza bikariotik ikasten ari dira, gure gizartea baino lehentxeago bizipen berdinetik pasa direnei begiratuz, paziente kopuru handiak artatzeko erronkari aurre egin ahal izateko, betiere heriotzarekiko kalteberak izatearen kezka eta minarekin. Eta hori guztia, zeren aurka borrokatzen ari diren oso ondo jakin gabe. Beraz, nekea eta ziurgabetasuna dira nagusi.

 

Zein dira medikuek testuinguru horretan dituzten arrisku psikologiko nagusiak?

Estresaren ondorioak eta sintomatologia, beldur, antsietate eta ziurgabetasuneko erantzun emozionalekin.

Burnout- akidura: gaindituta, nekatuta, alferrikakoa sentitzearen sentimenduak, egoerari aurre egiteko ezintasun sentimenduarekin, baita apatia, axolagabekeria, suminkortasuna, min  edo molestia somatikoekin batzuetan. Arriskua areagotu egiten da esposizio-denborarekin eta lanaldi luzeekin.

Humanizazioa: krisialdietan, giza tratua agertzen da, bai biztanlerian orokorrean, bai osasun-arloan. Eta tratu horrek, batez ere gaur egungoa bezalako isolamendu sozial egoera batean, dolua errazten du eta sentikortasunak eta enpatia-ekintzek zaildutako dueluak prebenitzen ditu terminaltasun- eta isolamendu-egoeretan. Gainera, pazienteari hobeto sentitzen laguntzen dio, gertuko jendearekiko nolabaiteko hurbiltasuna eta/edo atxikimendu-objektua eskura edukitzea ahalbidetuz.

Bigarren mailako estres traumatikoa: beste batzuek zuzenean jasandako egoera traumatikoen lekuko izatearen emaitza. Kontrako gertaera baten bizi-esperientzia da. Antsietate-maila handia dakar, etengabeko alerta-egoera, gehiegizko beldurrak edo beldur desegokiak (fobiak), saihesteko jokabideak, amesgaizto errepikariak, desatxikimendua, etab.

 

Pandemia bati aurre egiteko ezohiko egoerari segurtasun- eta babes-baliabide falta nabarmena gehitu zaio. Zer neurritan zailtzen du horrek kudeaketa emozionala?

Aurreko arrisku guztiei gehitu behar zaizkie, alde batetik, ziurgabetasuna eta egonezina, aldez aurreko esperientziarik ez dagoenez, ezezaguna baita COVID-19a. Horri gehitu behar zaio, bakardadean eta lehen lerroan aurre egin behar izan dieten osasun-profesionalei laguntzeko baliabide eta/edo azpiegitura politiko/estrategiko nahikorik ez dagoela. Galdetu beharko genieke zer sentitzen duten, baina espero izatekoa da frustrazio- eta amorru-sentimenduak izango dituztela babes eta abandonu falta horrengatik; eta, bereziki, babes-material eta -ekipamendurik ez dagoelako, ikerketarik/ezagutzarik ez dagoelako eta laguntza logistikorik ez dagoelako infektatutako pazienteak artatu eta sendatu ahal izateko, eurak gaixotu gabe eta ingurukoak kutsatu gabe. Bestalde, egia da babes sozial handia sentitzen dutela eguneroko txalo zaparrada horrekin; baina, batzuetan, medikuen eta gainerako osasun-langileak heroi gisa kalifikatzen dira, eta horrek, gure ustez, giza potentzial izugarria eta super botererik batere ez duten gizaki horien eguneroko ahaleginari meritua kentzen dio.

"Egia da babes sozial handia sentitzen dutela eguneroko txalo zaparrada horrekin; baina, batzuetan, medikuen eta gainerako osasun-langileak heroi gisa kalifikatzen dira, eta horrek, gure ustez, giza potentzial izugarria eta super botererik batere ez duten gizaki horien eguneroko ahaleginari meritua kentzen dio".

Asko birusa etxera eraman eta beren senideei kalte egiteko beldur dira, eta fardela hartu eta etxetik kanpo ere joan da zenbait, hain zuzen ere, senitartekoak arriskuan ez jartzeko. Beste zailtasun erantsi bat:

Bai horixe. Karga fisiko eta emozional iraunkorra duten lanaldi luze eta aspergarriak izateaz aparte. Gainera, profesional eta pertsona hori bere familia- eta gizarte-ingurune zuzenetik bereizten da, eta, horrela, ahultasun emozional handiagoa sortzen da, baita atxikimendu ezaren sentsazioa ere, babes-sarerik gabe gelditzen da, eta errealitatearen kontrola apurtzen da, errutina aldatu delako eta eguneroko bizitza eta bizitza afektiboa hautsi delako.

 

Covid-19k eragindako pazienteak artatzen ari diren profesional medikoen espektro osoan, sektore jakin batzuk agian modu zuzenagoan bizitzen ari dira (larrialdiak, intentsibistak, infekziosoak...). Zer tresna erabil ditzakete horrek guztiak dakarren karga emozionalari aurre egiteko?

Garrantzitsua da atsedenari eustea, oinarrizko premiak zainduz, hala nola jan, edan eta erregulartasunez lo egitea. Lanean etenaldiak egitea ere gomendagarria litzateke. Komunikazioa ere puntu garrantzitsua da, bai familian, bai lankideekin, aireztapen emozionala tresna baliagarri gisa erabiliz. Distraitzea ere beharrezkoa da jarduera atseginak eginez, hala nola irakurketa, zaintza fisikoa, ariketa... Emozioak eta sentsazioak aztertuz inpaktu emozionala ezagutzeak profesionalari aukera ematen dio bere beharrei erantzuteko, bere burua zaintzeaz ahaztu gabe.

 

Lehen mailako arreta garrantzi handiko lana egiten ari da sintomatologia edo positibo egiaztatua duten pertsonei eguneroko arreta eta jarraipena ematen. Nola eragiten die emozionalki? Zer errealitateri egiten diote aurre egunero?

Lehen lerroan dauden profesionalak dira, eta ziurgabetasun eta estres handiko ingurunean bizi dira. Eurentzat mehatxu bat den eta konpondu ezin duten egoera baten aurrean daude, denboran mantentzen dena gainera. Horrek higadura emozional handia eragin du, eta beharrezko egiten du egunerokoan laguntza-sare bat egotea lehen mailako arretako taldearen barruan, esperientziak elkarri azaldu eta partekatzeko. Nekea eragin dezake, egoerak gainditzen dituela sentitu eta eguneroko errealitate klinikoari aurre egiteko zailtasunak izan ditzakete. Arrisku hori areagotu egingo litzateke esposizio-denborarekin eta lanaldi luzeekin.

 

Badira Covid-19ri arreta ematen dioten osasun-langileak, printzipioz birusek eragindako infekzioak tratatzearekin zerikusirik ez duten espezialitateetatik datozenak. Zer laguntza bilatu beharko lukete beraientzat ez-ohikoak diren egoerei aurre egiteko?

Maila indibidualean, lehenik eta behin, itxaropen pertsonalak egokitu beharko lituzkete ezagutzen ez dute egoera berrira. Abiapuntu horretatik, ulertu behar dute egin dezaketen "apurra" oso lagungarria izan daitekeela beste kide batzuek erabaki zailagoak har ditzaten. Profesionaltasuna ez dago lotuta gauzak behar bezala egin eta emaitza onak lortzearekin soilik, une eta egoera bakoitzean norberaren mugak onartzearekin ere badu lotura.

" Profesionaltasuna ez dago lotuta gauzak behar bezala egin eta emaitza onak lortzearekin soilik, une eta egoera bakoitzean norberaren mugak onartzearekin ere badu lotura "

Zein seinaleri egin behar dute adi profesional guztiek laguntza eskatzeko urratsa eman dezaten?

Muturreko egoera batera iritsi garela adieraz diezaguketen zeinuak askotarikoak dira: umore-aldaketa, suminkortasuna, kontzentrazio-zailtasunak, ezohiko akatsak edo lorik egin ezina, besteak beste. Baina zeinu horiek norberarengan detektatzea ez da beti erraza izaten, estres-egoerak berak eragotzi egiten baitu gure barne-egoera behar bezala behatzea. Lehen zantzuak beti errazago detektatzen dira kanpotik. Horregatik, kontuan hartu behar dugu ondo ezagutzen gaituzten eta lagundu nahi gaituzten hurbileko pertsonengandik datorkigun informazioa. Ez da ohikoa aholku horiek gogo onez hartzea, ez baita erraza laguntza behar dugula onartzea. Baina hurbileko pertsonek itzultzen digutena beti da egoera larriagotu aurretik kontuan hartu beharreko zantzu bat.

 

Nola lagun diezaiekete elkarri ahulezia- edo krisi-uneetan?

Biztanleria osoan bezala, funtsezkoak dira elkartasuna eta enpatia bezalako kontzeptuak. Krisi-egoera honetan elkarri laguntzea funtsezkoa da.

 

Pertsona asko fin-fin irteten dira iluntzeroko txalo-saiora. Nola bizi dute osasun-langileek? Lagungarriak al zaizkie horrelako aitorpen-keinuak?

Bakoitzak erantzun beharko lioke galdera honi, baina, oro har, krisi honetan mediku-taldeak egiten duen lana publikoki aitortzea errefortzu pertsonalerako eta gogobetetasunerako beste faktore bat da, gizarteari laguntzeko borrokan jarraitzen laguntzen die.

Getaria 20 Psikiatria eta Psikologia Klinikoko Zentroa

Temas:
Covid-19 euskara


Artículos relacionados