Medikuen Ahotsa

Egoera sozioekonomikoaren eta ohitura ez osasungarrien eragina dementzian: %440an areagotu daiteke

Tribuna Abierta

Leer en castellano

2023ko abenduaren 19an,

Narriadura kognitiboa XXI.mendeko erronka soziosanitario handienetariko bat da zalantzarik gabe. Narriadura kognitiboak geure autonomia pertsonalarengan eragina duenen dementziaz hitz egingo dugu. Dementzia kasu gehienek 65 urtetik aurrera hasten dituzte lehen sintomak eta kasu horiek dementzia berantiar bezala ezagutzen ditugu. Alzheimerren gaitza da arrazoi ohikoena, baina ez inolaz ere bakarra.

Gaur egun, zorionez badakigu dementzia berantiarren kasuen herena baino gehiago ekidin litekeela. Hori lortu ahal izateko ezinbestekoa da bizitza ohitura osasungarrien aldeko apostua egitea: 1) elikadura ohiturak hobetezea (dieta mediterraneoa egoki jarraitzea esaterako); 2) ariketa fisikoa egitea; 3) arrisku fatore kardiobaskularrak kontrolatzea; 4) gure osasun mentala zaintzea eta nola ez, 5) aktibitate intelektuala sustatzea. Une honetan hainbat eta hainbat ekimen daude bizitza ohitura osasungarri hauek sustatuz dementzia berantiarraren arriskua herrialde eta kontextu sozioekonomiko ezberdinetan gutxitu egin daitekela erakusteko. Ekimen hauek FINGER izeneko metodologia jarraitzen dute (Rosenberg A, et al. Multidomain Interventions to Prevent Cognitive Impairment, Alzheimer's Disease, and Dementia: From FINGER to World-Wide FINGERS. J Prev Alzheimers Dis. 2020;7(1):29-36. doi: 10.14283/jpad.2019.41) eta geurean ere badaude eskuragai (CITA GO-ON ekimena esaterako).  

Berriki argitaratu den lan batek (Li R, et al. Associations of socioeconomic status and healthy lifestyle with incident early-onset and late-onset dementia: a prospective cohort study. Lancet Healthy Longev. 2023 Dec;4(12):e693-e702. doi: 10.1016/S2666-7568(23)00211-8), lehen aldiz bizitza ohiturek eta egoera sozioekonomikoak nola eragin dezaketen dementziaren hasiera goiztiar (65 urte baino lehen) eta berantiarrean arakatu du. Ikerketa honek, Erresuma Batuko Biobankoko datuekin eginak, 500.000 partaide baino gehiago izan ditu (ia erdiak 65 urte baino gutxiago zituen jarraipena aimaitzean) eta batazbesteko jarraipenak 10 urteak gainditu ditu.

Lan honetan erakutsi dute egoera sozioekonomiko (hezkuntza maila, lanbidea, eta diru sarreren arabera kalkulatuak) okerragoa izateak hiru aldiz areagotu dezakeela dementzia goiztiarra izateko arriskua, eragina handiago izanik kasu goiztiarretan berantiarretan baino. Azpimarragarria da estatus sozioekonomiko okerragoa eta bizi ohitura ez osasungarriak bateratzen badira dementzia goiztiarreko arriskua %440an areagotzen dela.

Kontua da estatus sozioekonomiko okerragoa duten pertsonengan dagoen dementzia arrisku areagotua ez dela inolaz ere soilik azaltzen euren bizi ohiturak ez hain osasungarriak izateagatik (arrisku faktore kardiobaskularren prebalentzia areagotua esaterako). Izatez badirudi bizitza ohiturengan estatus sozioekonomikoak duen modulazio efektuak baino gutxiago eragiten duela dementzia kasu goiztiarretan eta %25 inguru berantiarretan. Kontuak honela ere garbi dago bizi ohitura osangurriak sustatu nahi dituzten ekimenak ezinbestekoak direla narriadura kognitiboaren, eta zehazki dementziaren, intzidentzia eta prebalentzia gutxitu aldera.

Iritsi da garaia gure herrialdean ere egoera sozioekonomikoak geure osasungarengan izan dezakeen eragina aztertzeko eta horren inguruan neurriak hartzeko. Gainera ezinbestekoa izango da bizi ohitura osasungarriak goiztiarki sustatzea (elikadura osasuntua, ariketa fisikoa egitea, gure osasun mentala zaintzea eta kognitiboki aktibo egotea, kalitatezko loa eta kantitate nahikoan izatea eta ohiturak toxikoak ez abiatzea), bizitzaren lehen urteetatik eta eskolan eta etxean bertan.

Miren Altuna Azkargorta, neurologoa.

 

Miren Altuna Azkargorta, neurologoa