Beñat Labeguerie «Ikasketak bukatzen ditugunean interes ugari dauzkagu, baina ez digute lana ematen»
Médicos jóvenesEguneroko jardunean ez du inoiz gazte izateagatik inongo oztoporik izan. Gainera, bere ustez “jendeak nahiago du bere sendagilea gaztea izatea adinekoa izatea baino“. 30 urte bete berri ditu eta dagoeneko mediku bezala gogor lan egin du Beñat Labegueriek (Donostia, 1984). Bere esperientzia eta aldarrikapenekin Gipuzkoako sendagile gazteen elkargune izan nahi duen sail berri hau estreinatzen dugu. Hemen, gazteek egindako ikerketa edota ekimenak argitaratu nahi ditugu hiruhilero.
Zein izan da zure orain arteko lana?
Karrerako lehenengo hiru urteak Bilbon egin nituen eta azkenekoak Donostian. Gero Pneumologiako espezialitatea Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pneumologiako zerbitzuan egin nuen. Lau urte pasa ditut espezializazioa egiten, 2013ko maiatza arte hain zuzen ere. Bukatu bezain pronto Poliklinikan hasi nintzen lanean eta 2014ko martxotik Bidasoako ospitalean ere lan egiten dut.
Zure kasuan, zein izan zen espezialitate hori aukeratzeko arrazoia?
Ez nuen garbi izan aukeratu nuen arte. Gauza asko gustatzen zitzaizkidan eta, azkenean, BAME azterketan ateratzen duzun puntuazioak bidea errazten dizu. Ni gainera ez negoen prest kanpora bizitzera joateko. Nik garbi neukan Donostian gelditzeko asmoa eta hemen zegoen eskaintzaren artean gehien gustatzen zitzaidana aukeratu nuen.
Aukera ona izan al da azkenean?
Bai, bai. Gaur egun berriro erabaki beharko banu Pneumologia hartuko nuke ziur. Askotan esaten da gazteen etorkizuna ez dela oso oparoa izango.
Berdin gertatzen al da medikuntzaren munduan?
Aldaketa nabaritu da. Krisiarekin eta murrizketekin ikusten ari gara jubilatu diren sendagileen plaza guztiak ez direla betetzen. Lehen karrera bukatu bezain pronto Osakidetza barruan lana zegoen, eta gaur egun ikusten ari gara behin ikasketak bukatzean gutako batzuk pare bat urte itxaron behar ditugula lana aurkitu arte. Ez da lehen bezain erraza.
Gipuzkoa bezalako herrialde batean, zer da mediku gazte batek faltan botatzen duena?
Nire kasuan aukera falta. Ikasketak bukatzen ditugun momentuan interes ugari dauzkagu, ikerkuntzan sartzeko gogoa daukagu, lan asko egiteko gogoarekin gaude eta ilusio handia daukagu. Baina ez digute lana ematen. 65 urteko jendeak lana luzatu egiten du eta horrek eragiten du bizitzako momenturik aktiboenean ezin duzula lanik egin. Lan egiteko gogo gehien daukazunean ez dizute aukera ematen.
Zure eguneroko lanean arazorik izan ahal duzu pazienteekin gaztea izateagatik? Norbaitek mesfidantza erakutsi ahal dizu zure adinagatik?
Nik alderantziz ikusi dut. Jendeak nahiago du bere sendagilea gaztea izatea adinekoa izatea baino. Gehiago ikasten dugula uste dute, ez gaudela hain erreta, adeitsuagoak garela jendearekin, etab.
Eta lankideekin arazorik izan ahal duzu? Egiten utzi dizute?
Ba baita ere alderantziz. Beti animatu naute. Beren gainbegiradarekin kontatzen dut eta zerbait gaizki egiten badut bideratzen naute. Baina nik erabakiak nire kabuz hartu ditzaket.
Zergatik uste duzu Elkargoak ez dituela gazteak erakartzen?
Publizitate akatsa. Mezuak soilik Internet bitartez iristen dira, eta askotan irakurri gabe ezabatzen dira. Paperezko panfletoak eta liburuxkak ere banatu beharko lirateke.
Zer egin beharko litzateke hori aldatzeko eta gazteak Elkargora hurbildu daitezen?
Anbulatorioetan etab. kartelak jarri beharko lirateke, eta hitzaldi eta ikastaroez baliatu informazioa zabaltzeko.
Sendagile gazteek ba al dakite Elkargoak zer egiten duen?
Bai. Denok ezagutzen dugu hitzaldiak egiten direla. Arazoa egoiliar garenean Elkargora hitzaldietara gatozenean horiek akreditatuta ez daudela dakigunean suertatzen zaigu. Erresidente batentzat etortzeagatik kredituak ematea da alizienterik handiena.
Nola ikusten duzu Gipuzkoako medikuntzaren egoera?
Orokorrean nik uste dut aurreko urteekin alderatuta okerrera egin duela. Sendagile gutxiago gaude paziente kopuru berdinarentzat. Lan gehiago egin behar dugu eta itxaron zerrendak pila bat handitu dira. Horregatik askotan jendea kexatu egiten da. Nire ustetan kalitate aldetik okerrera egin du.
Nola ikusten duzu lehen mailaren eta ospitaleen arteko harremana?
Hobetu behar da. Hau bai guk eta bai familiakoek faltan botatzen dugun gauza bat da, eta gu gara lehenengo erantzuleak. Gure telefono eta helbideak eman behar dizkiegu edozein arazo izanez gero geurekin harremanetan jarri daitezen. Bi aldeetatik komunikazioa hobetu nahi dugu eta azkeneko bultzada bat behar dugu hori gauzatzeko.