Medikuen Ahotsa

Nerea Mora, MIRa hasi berri kardiologian

Entrevistas

 

Bi aldiz igo zen Nerea Mora Elkargoko oholtzara Fundazioa Sarien banaketan. Lehenengo, Miguel Echenique Saria jasotzera, Donostiako Medikuntzako 2. Zikloko 2016ko espediente akademiko onena baitu. Eskailerak jaitsi ere ez zituen egin eta beste diploma bat ere jaso zuen: Jose Begiristain Saria, gradu amaierako euskarazko lan onenetako bat berea izan baitzen.

 

25 urte besterik ez dituen arren, azkar ohitu da medikuaren erritmora. Aitorpen bat egiten du: guardia amaitu berri dago galdera hauei erantzuten hasten denean, ordubete besterik ez duenean lo egin. BAME egoitza (MIR-a) egiten ari da Iruñean, Nafarroako Ospitale Gunean.

 

 

 

  1. Lehenik eta behin zorionak jasotako bi sariengatik. Galdera errazenetik hasiko gara: noiz erabaki zenuen mediku izan nahi zenuela?

Egia esan ez da txikitatik eduki dudan bokazioa. Batxilergora iristean medikuntza, bioteknologia eta biokimikaren artean nengoen, eta hausnartu eta gero Medikuntza aukeratu nuen, besteak beste, gustuko ditudan bi esparru batzen dituelako; alderdi zientifikoa (alegia, ikerketa egiteko aukera) eta pazienteekin harreman zuzena.

  1. Espediente onenaren atzean, lan asko dago, ezta? Nola bizitu dituzu ikasketa urteak?

Karrera Euskal Herriko Unibertsitatean egin dut, lehenengo hiru urteak Leioan eta azkeneko hirurak Donostian. Ikasketa gogorrak dira baina gustuko duzuna egiten ari zarenean eramangarriagoa da; gainera udako oporrekin urte osoko urduritasun eta kezkez ahaztea oso erraza zen! Orokorrean esaten da lehenengo hiru urteak ez direla oso politak, baina neri oinarrizko zientziak asko gustatzen zaizkidanez hasieratik gustatu zait karrera eta orokorrean urte oso politak izan dira. 

MIRa prestatzeko urtea ere uste baino hobeto eraman dut. Oviedon prestatu nuen, akademia batean. Eta gogorra izan bada ere, azkenean bertan ezagututako jendearekin eta bizitutako momentu onekin gelditzen zara (ez direla gutxi izan). Gainera, aurten tutore bezala hartu naute Akademian, beraz, momentuz ezin naiz MIRaz ahaztu!

  1. Iruñan ari zara BAME egoitza egiten. Zein espezialitatetan?

Kardiologian, azken lau urteetan buruan izan dudan espezialitatea. Donostiako Ospitalean bigarren zikloa hasi nuenetik gehien gustatu zaidan espezialitatea izan da, nahiz eta hasieran Neurologiarekin ere zalantzan egon nintzen. Espezialitate oso berezia iruditzen zait, alderdi oso desberdinak batzen dituena. Alderdi klinikoa izateaz gain (paziente kroniko zein akutua), irudia (ekokardiograma, adb.), interbentzionismoa eta ikerketa batzen ditu. 

  1. Nola imajinatzen dituzu egoiliarra izango zaren datozen urteak? Zer espero duzu?

Urte politak eta aldi berean gogorrak izango dira. Erantzukizun handiko lana da eta horrek errespetua zein beldur pixka bat ematen du. Dena dela, daukadan onena ematen saiatuko naiz kardiologo bezala ondo prestatzeko. Momentuz oso gustura nago zerbitzuan eta nire ustez hemen jasoko dudan prestakuntza ona izango da.   

  1. Behin egoitza bukatuta, aukeratu ahalko bazenu non gustatuko litzaizuke lan egitea?

Oraindik goiz da horri buruz hitz egiteko. Beti pentsatu izan dut Osakidetzan geratu nahiko nukeela lanean, baina ez dakit espezialitatea bukatu ondoren zer pentsatuko dudan, bost urte hauetatik hara­tago begiratzea ez baita erraza. Momentuz Iruñean oso gustura nago, gero gerokoak. 

  1. Gaur egun medikuek egoera zaila bizi dugu, langabeziaz gain (Euskal Herrian ez hainbeste) prekarietate handia dagoelako. Zer pentsatzen duzu horren inguruan? 

Egia esan, gauzak hobera egin ezean, orain lanean hasi garenok orokorrean nahiko beltz ikusten dugu etorkizuna. Zoritxarrez, gure inguruan badira prestakuntzan urte asko eman ondoren (karrera egiten sei urte, MIRa prestatzen urtebete eta espezialitatea egiten beste lau edo bost urte, gutxienez) lana aurkitzeko arazoak izan dituzteak. Honekin lotuta, asko dira atzerrira lan baldintza hobeen bila doazenak edo irteera hobeak dituen espezialitate baten bila MIRa berriro errepikatzen dutenak. Pertsonalki oso egoera tristea iruditzen zait.  Osasun publikoa baloratu eta zaindu egin behar dugu. Pribatizazioak eta lan baldintza eskasek jarraituz gero gauzak okerrera joango dira.

  1. Horrekin lotuta, zure burua atzerrian ikusten duzu lan egiten?

Momentuz nire burua ez dut atzerrian ikusten lanean, baina aukera izanez gero beharbada kanpora joango naiz nire prestakuntza osatzera. Hala ere, Espezialitatea bukatu ondoren hemengo baldintzak ez baldin badira nahi bezain onak eta atzerrian bizi baldintza hobeak baldin badaude, ez dut baztertzen kanpora joan behar izatea. 

2017 irabazlea Miguel Echenique eta Jose Begiristain sarietan

Temas:
jóvenes MIR


Artículos relacionados