Mintzanet ekimena: bi sendagileren esperientzia
 Medikuen Ahotsa

Mintzanet ekimena: bi sendagileren esperientzia

Entrevistas

Ronald Rodriguez Cogollo Mendaron lan egiten duen sendagilea da. Silvia Dorronsoro , berriz, neumologoa da eta Zumarragako Ospitalean jarduten da.  Lehena euskara ikasten ari da Mintzanet programaren bitartez, "bidelari" gisa. Bigarrena "bidelagun" da, alegia, bidelariei euskara praktikatzen laguntzen diona. Biek euren esperientzia kontatu nahi izan digute, programa zabaldu eta sendagile gehiagorengana irits dadin.

Ronald Rodriguez: 

Hitz egiteko lotsa galtzen ari naiz, nire bidelagunak atseginez zuzentzen didalako.

 

Nola ezagutu zenuen Mintzanet proiektua eta zergatik animatu zinen parte hartzera?

Nire osasun erakundeko euskara teknikariari esker ezagutu nuen, programa aurkeztu zuen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan; beraz, parte hartzera animatu nintzen, euskara ikasteko interes handia dudalako.

Nola antolatzen zara bidelari gisa aritzeko?

Nire bidelagunarekin astean behin topo egiten dut. Nire kasuan asteazkenero arratsaldeko 8etatik 9etara Skype bidez, normalean astearte arratsaldean edo asteazken goizean whatsapp bidez zehazten dugu eta egun horretan edo hurrengo egunean ikusten dugun elkar.

Zer nolako esperientzia izaten ari da?

Esperientzia ona da, hitz egiteari beldurra galtzen ari naiz, nahiz eta batzuetan akatsak egin hitz egiterakoan; baina jadanik ez dit hainbesteko lotsarik ematen, nire mintzalagunak atseginez zuzentzen didalako, eta askotan hitz berriak ematen dizkit espresatzeko.

Zer nolako harremana egin duzu zure bidelariarekin?

Kasualitatez nire bidelaguna eta biok elkarrekin lan egiten dugu Kerik gabeko Erakundeen Euskal Sarean, eta lehendik ere ezagutzen genuen elkar.

Zein da zure euskara maila?

Euskaltegiko A1-A2 maila batean nengoen.

Zertan laguntzen dizu Mintzanet-en bitartez egiten dituzun elkarrizketak?

Normalean momentuko gaien inguruan hitz egiten dugu, adibidez otsailean ihauteriei buruz hitz egin genuen, eta duela gutxi buruan egiteko ditugun laneko nahiz aisialdiko bidaia posibleei buruz hitz egiten hasi gara, baita eguneko gauzei buruz ere.

Zure bidelaguna osasun langilea da. Lanean gerta daitezkeen elkarrizketak izaten dituzue?

Nire bidelaguna Urola Garaiko Goierri ESIko erizaina da, eta batzuetan amankomunean dugun laneko gure gai batzuk ukitzen ditugu, hala nola tabakoa.

Zer da zailena zuretzat euskararen praktikari dagokionean?

Deklinabideak zail egiten ari zaizkit, baita euskaraz pentsatzea ere, oraindik asko pentsatu behar baititut esaldiak hitz egin aurretik.

Bidelagunak faltan ditu Mintzanetek. Alegia, badira euskara praktikatu nahi dutenak baina ez laguntzaileak. Zer esango zenieke euskal hiztunak diren zure lankideei? Zergatik animatu beharko lirateke beste sendagile bati laguntzera?

Garrantzitsua da euskararen normalkuntzan gure lankideek lagun gaitzaten egunero euskaltegian edo hizkuntza eskola ofizialean eskuratzen ditugun  ezagutzak praktikan jartzen; izan ere, euskaraz irakurtzea ikasi duzunean erraza da, baina ahoz komunikatu ahal izatea eta Hizkuntza horretan pentsatzea pixka bat konplikatua da, eta benetan balio duena da konstanteki erabiltzea, eta beraz, gure lankideak egitasmo honetara batzera gonbidatzen ditut.

 

Silvia Dorronsoro: Denbora gehiegi kentzen ez dizun proiektu bat da, eta asko lagundu dezakezu

 

Nola jakin zenuen Mintzanet martxan zela?

Zumarragako ospitaleko euskara teknikariak proposatu  zidan parte hartzea.

Zergatik erabaki zenuen bidelagun izatea?

Euskara gehiago erabili dadin sortzen diren proposamenak beti dira eskertzekoak ,eta honetan zerbait lagundu nezakeela pentsatu nuen.

Nola antolatzen zara bidelagun gisa aritzeko?

Astean behin ordubetez hitz egiten dugu, Skype bidez. Asmoa urtarriletik ekainera egitea da. Gu ostiraletan aritzen gara, bion artean adostutako ordutegian. Asteren batean ordutegi horretan ezin badugu, posta elektroniko edo whattsap bidez beste ordutegi bat adosten dugu. Arazo teknikoren bat edo beste izan dugu, baina beti irtenbideren bat aurkitu dugu konektatzeko (whattsap-eko bideokonferentzia, telefono deia…)

Zer nolako esperientzia izaten ari da?

Oso esperientzia polita eta aberasgarria da. Beste era batera inoiz ezagutuko ez nukeen norbait ezagutu dut, nik euskararekin inoiz izan ez ditudan arazo eta ikuspuntuekin.

Zer nolako harremana egin duzu zure bidelariarekin?

Oso ona. Bera oso irekia da eta hizlaria. Gogo handia du euskaraz ondo egiteko, eta asko saiatzen da. Bi seme-alaba ditu eta ikastetxean esan zioten 9 urteko semeak, nahiz eta euskaraz egin ikasketak, gaztelaniaz hitzegiteko joera zuela, beraz, etxean hasi beharko luketela euskaraz egiten. Senarrak ez daki euskaraz,eta bera horregatik sartu zen Mintzaneten.

Lan esparruan behar diren baliabideak lantzen dituzue? 

Ni sendagilea naiz baina nire bidelaria informatikaria da, beraz, lanbidea ez dugu amankomunean. Hori ere aberasgarria da, bakoitzak bestearen lanbideaz ez zekizkien gauzak ere ikas ditzakelako.

Bidelagunak faltan ditu Mintzanetek. Alegia, badira euskara praktikatu nahi dutenak baina ez laguntzaileak. Zer esango zenieke zure lankideei? Zergatik animatu beharko lirateke beste sendagile bati laguntzera?

Denbora gehiegi kentzen ez dizun proiektu bat da, eta asko lagundu dezakezu beste aldean dagoenari. Jendea ezagutzeko aukera ematen dizu eta beste errealitate batzuk ezagutzeko.

Bidelagun izatea ba al da zure euskararekiko konpromisoaren erakusle? Dudarik gabe. Askotan, nahiz eta euskararen alde zerbait egiteko gogoa izan, ez duzu topatzen aukerarik, edota denbora faltagatik ez dituzu aukerak baliatzen. Ni oso gustura nago nire erabakiarekin.

Euskararen erabilera handitzen ari al da osasun esparruan? Zein da zure ustea? Pixkanaka handitzen doa. Lanean hasten ari diren langile gazte gehienek ikasketak euskaraz egin dituzte, eta hori erabileran nabarmentzen da. Hala ere oraindik asko dago egiteko maila guztietan, euskaldunak garenon erabilerarekiko konpromisotik  hasita.

   

 

Esteka interesgarriak:

Mintzanet zabaltzen lagunduko du Elkargoak

Astean ordubeteko tartea duzu eta euskara badakizu? Eman izena Mintzaneten!

Temas:
euskara


Artículos relacionados